Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Diputatuen Kontseiluak Mubil Fundazioaren eraketa onetsi du

Diputatuen Kontseiluak Mubil Fundazioaren eraketa onetsi du

Gipuzkoaren gaitasunak sendotuko ditu elektromugikortasun arloan eta erreferentziako Mubil Zentroaren jarduketak sustatuko ditu.

Diputatuen Kontseiluak «Mubil Fundazioaren» eraketa onetsi du eta baita ere fundazioaren estatutuak eta 2019. ekitaldirako lehenengo jarduketa programa. Fundazioaren xedea da “Gipuzkoako Lurralde Historikoak elektromugikortasun arloan dituen gaitasunak sendotzea, mugikortasun elektrikoaren zerikusia duen sektorea bultzatzea, eta Gipuzkoako enpresek nazioartean duten  lehiakortasuna eta posizioa indartzea”.

«Gipuzkoak automobil sektoreari lotutako industria-ehun garrantzitsua du, Euskadi osoan eragina duten enpresa handiekin eta prestakuntza eta teknologiako zentroekin, eta sektore horri laguntza eman behar zaio, pixkanaka eraldatzen joan dadin; beraz, Foru Aldundiak estrategia bat jarri du abian Gipuzkoa nazioarteko erreferente izan dadin mugikortasun elektrikoaren eta biltegiratze energetikoaren esparruan», adierazi du Imanol Lasa foru bozeramaileak.  Estrategia hori artikulatzeko eta zabaltzeko sortu da Mubil Fundazioa.

Balio proposamena da erreferentziako zentro bat sortzea elektromugikortasunaren eta biltegiratze energetikoaren alorretarako; zentro hori erabilgarri egongo da 2021rako Donostian -Eskuzaitzeta-, eta inbertsioa 19,3 milioi eurokoa izango da. Zentro horren helburu orokorra da elektromugikortasunari lotutako jarduera industriala eta teknologikoa bultzatzea, eta alor horrekin zerikusia duten ekintzailetza eta gaitasuna sustatzea. Horretarako, zentroak lurraldean dauden gaitasunak hartuko ditu oinarritzat, eta ekimenak koordinatu eta katalizatuko ditu.

Mubil Fundazioak  jarduketa hauek koordinatu eta bultzatuko ditu lau helburu nagusi betetzeko: gaitasun zientifiko, teknologiko eta industrialak lerrokatzea jarduera ekonomiko berri bat sortzeko; ezagutza transferitzeko eta negozio-nitxo berriak sortzeko mekanismoak bultzatzea, enpresa-sare berria abian jartzeko, egungo negozioak eraldatzeko eta enplegu berriak sortzeko; bere jarduketak integratzea erakunde lankidetza-sare batean; eta Gipuzkoa esperimentazio gune bihurtzea mugigarritasun iraunkorrean eta metaketa alorrean.

Fundazioak dituen helburuak betetzeko, lau lan esparrutan banatuko ditu jarduerak: saiakuntza laborategiak garatzea; sektorea sustatzeko politika publikoen ezagutza, behatokia eta diseinua kudeatzea; Living Lab-a enpresen eskura jartzea; eta proiektu berrien ekintzailetza espezifikoa eta azelerazioa sustatzea. Baina ez da bakarrik egongo, harremanak sortuko baititu eragile, enpresa eta administrazio publikoaren artean, eta, horrela, fundazioaren azpiegiturak erabili ahal izango dira «jarduera ekonomiko berria eta ezagutza berria sortzeko, gure enpresak eta gure lurraldea lehiakortasunaren erreferente izan daitezen eremu horretan», azaldu du Lasak.

Forma juridiko gisa, fundazioarena aukeratu da, irabazi asmorik gabeko entitate bat delako, eta behar besteko malgutasuna eskaintzen duelako hainbat erakunde, entitate eta partikularrek parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko,  «interes orokorrekotzat» har daitekeen proiektu batean, inplikazio ekonomiko eta erabaki maila desberdinekin. Fundazio hori eratzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.000 euroko hasierako ekarpena egingo du eta datozen ekitaldietan jarduerak sortzen dituen gastuak finantzatuko ditu.

Gipuzkoako industria, egitura ekonomikoari dagokionez, Barne Produktu Gordinaren % 45 inguru da (industria metal-mekanikoa eta horri lotutako zerbitzuak elkartuta), eta funtsezko zeregina du garapena, aberastasuna, kalitatezko enplegua eta gizarte ongizatea sortzeko bidean. Automobilaren sektorea nagusienetako bat da enplegu eta enpresei dagokienez, Euskadin 40.000 enplegu baino gehiago sortzen baititu eta 18.000 milioi eurotik gorako fakturazioa guztira; halaber, Gipuzkoa adierazgarri nagusitzat har daiteke alor horretan eta baita ere teknologiari eta kudeaketari lotutako erreferentetzat  euskal industriaren esparruan.

Pertsonen eta salgaien mugikortasun sektorea oso modu nabarmenean eboluzionatzen ari da; izan ere, gero eta ibilgailu elektriko eta hibrido gehiago daude eta baita ere energia iraunkorren bidez mugitzen direnak, herritarren eta sektorearen eskaerei erantzuna emanez. «Etorkizuneko mugikortasuna elektrikoa da. Gipuzkoa bide onetik doa garapen aukera berriak sortzeko eta egun dagoen jarduera sendotzeko. Hori izango da Mubil Fundazioaren zeregin nagusia», esan du bozeramaileak.

Artisauei bideratutako laguntza

Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko dirulaguntzen deialdia onetsi du Diputatuen Kontseiluak; guztira 441.000 euro bideratuko dira 2019. urtean, jarduketa lerro hauen barruan: eskaintza egokitzea; banaketako eta merkatuetara iristeko formula berriak sustatzea, IKTen zeregin espezifiko batekin; irudi erakargarriago bat sortzea; eskulangintza jardueraren bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari lagunduko dioten merkataritza eta kudeaketa gaitasunak garatzea; eta  sektorearen balorazio eta onarpen soziala eta profesionala lortzea, Eskulangintza Erregistroa aktibatzeko prozesuaren bidez.

Deialdiaren bidez eskulangintzaren banaketa, produkzioa eta sorkuntza sustatu nahi dira, sektoreko harreman eredu berrietan oinarritua; eredu horiek bideratuko dira lankidetzara, antolakuntzara eta sustapenera, betiere eskulangintzaren ikuspegi soziala, kulturala eta ekonomikoa integratzeko, ahalduntzea sustatzeko, jarduera ezagutzera emateko, eta profesionaltasun, prestigio eta kalitatearen inguruan kokatzeko. Iaz 102 proiektu sustatu ziren guztira, 668.720,03 euroko inbertsioa bideratu zen, eta 15 enpresa sortu ziren, horietatik 10 emakumeek sortutakoak.

Laguntza lerro horrek alorra modernizatzearen aldeko apustua egiten du eta, aldi berean, benetako izaera gordetzen du, oinarritzat hartuta giza hurbiltasuna, benetakotasuna, pertsonalizazioa, eta ingurumen eta iraunkortasunaren aldeko errespetua. «Gipuzkoak beti izan ditu artisau bikainak, sustrai sakoneko eta tradizio ikaragarriko jarduera baita eta gure ondare eta identitate kulturalaren zati garrantzitsua; eta, iragana edukitzeaz gain, oraina eta etorkizuna ere baditu berrikuntzari esker», esan du Lasak bukatzeko.

  

2029