Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Diru-bilketa metatuak % 1,1 egin du gora Gipuzkoan azarora arte, aurreko urtearen aldea

Diru-bilketa metatuak % 1,1 egin du gora Gipuzkoan azarora arte, aurreko urtearen aldea

Aldundiak 58 milioi euro gehiago bildu ditu urrira arte, 2023ko aldi beraren aldean

2024/12/11
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako zerga-bilketa metatuak % 1,1 egin du gora, aurreko urtekoarekin alderatuta. Guztira 5.326,9 milioi euro bildu dira azaroan, 2023ko aldi berean baino 58 milioi gehiago. Diru sarrera gordinak % 5,1 hazi dira, eta itzulketak, % 19,5. Zuzeneko zergen bilketa likidoak % 1,4 egin du gora, zeharkako zergenak % 0,1 egin du behera eta Estatuarekiko egokitzapenenak % 4,6 igo dira.

Azarora arte metatutako bilketan eragin positiboa izan duten faktoreen artean honako hauek daude: lan-etekinen gaineko atxikipenen diru-sarreren hazkundea, ondare-irabazien gaineko atxikipenak, kapital higikorraren etekinen gaineko atxikipenak sozietateen gaineko zergaren kuota diferentziala eta kudeaketa propioko BEZa. Bestalde, urrira arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da BEZaren lurraldeen arteko doikuntzen sarreren jaitsiera eta mutualisten inguruko epaien ebazpenen ondorioz PFEZren itzulketak handitzea.

Zergaz-zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 9,4 igo dira, hau da, 184,3 milioi euroko igoera aurreko urteko aldi beraren aldean. PFEZaren kuota diferentzial garbiaren sarrerak 54,4 milioi gutxiago izan dira, eta itzulketak 218,5 milioi hazi dira. Beraz, kuota diferentzial garbia 272,8 milioi euro jaitsi da azarora arte, aurreko urteko aldi beraren aldean. Horrekin guztiarekin, PFEZaren bilketa likidoa % 1,7 jaitsi da, hau da, 37,4 milioi murriztu da.

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiagatiko sarrerak 17 milioi handitu dira azarora arte. Bariazio horrek bi osagai ditu:batetik, sarrera gordinak 34,9 milioi euro igo dira eta itzulketak 17,9 milioi euro handitu dira.

Kudeaketa propioko BEZari dagokionez, bilketa metatua % 2,5 jaitsi da. Hala, 33,7 milioi euro gutxiago bildu dira. Atal honetan, Gipuzkoako lurraldeko diru-sarrerak 85,3 milioi euro gehitu dira (+%5,2) eta itzulketak 46,7 milioi euro (+%6). Halaber, lurraldeen arteko doikuntzak 72,4 milioi euro jaitsi dira (-%14,8).

Zerga berezien kasuan, tabako-laboreen gaineko zergaren bilketa % 8,2 igo da, hau da, 9,6 milioi gehiago, eta hidrokarburoen gaineko zergaren bilketa % 2,3 jaitsi da, hau da, 8 milioi gutxiago. Era berean, elektrizitatearen gaineko zergaren bilketa % 335,7 igo da, hau da, 10,6 milioiko igoera aurreko urtearen aldean, azken arau-aldaketengatik.

 

Estatuarekiko doikuntzengatik metatutako bilketa 14,8 milioi handitu da BEZean, eta 8,5 milioi hobetu zerga berezietan. Puntu honetan azpimarratzekoa da inportazioen BEZagatiko doikuntza 14,3 milioi murriztu izana, barneko eragiketen BEZagatiko doikuntza 29,1 milioi igo izana, eta aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoa 12,8 milioi murriztu izana hidrokarburoen doikuntzagatik.

 

Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak positiboki baloratu ditu azaroan bildutako diru-kopuruari buruzko datuak, “zifra horiek bat datoz Euskal Finantza Kontseiluan aurkeztutako urte-itxierako aurreikuspenarekin. Ildo horretan, nabarmentzekoa da gure enpresa-sareak orain arte izan duen sendotasuna eta dinamismo positiboa, eta horren erakusgarri da, adibidez, sozietateen gaineko zergaren portaera ona, urtarriletik azarora % 14,1eko hazkundea izan baitu 2023ko aldi beraren aldean”.

  

2762