Diru-bilketa metatuak % 7,3 egin du gora Gipuzkoan maiatzera arte, aurreko urtearen aldean
Diru-bilketa metatuak % 7,3 egin du gora Gipuzkoan maiatzera arte, aurreko urtearen aldean
Aldundiak 128,6 milioi euro gehiago bildu ditu maiatzean, 2023ko aldi beraren aldean
Gipuzkoako zerga-bilketa metatuak % 7,3 egin du gora, aurreko urtekoarekin alderatuta. Guztira 1.879 milioi euro bildu dira maiatzean, 2023ko aldi berean baino 128,6 milioi gehiago. Diru sarrera gordinak % 5,6 hazi dira, eta itzulketak, % 1,5. Zuzeneko zergen bilketa likidoak % 15,7 egin du gora, zeharkako zergenak % 1,0 egin du behera eta Estatuarekiko egokitzapenenak % 6,9 igo dira.
Maiatzera arte erregistratutako bilakaera positiboa lan-etekinen gaineko atxikipenetan, ondare irabazien gaineko atxikipenetan, BEZean eta kapital higikorraren etekinen gaineko atxikipenetan izandako diru-sarreren gehikuntzagatik gertatu da, bai eta zerga berezien Estatuarekiko egokitzapenengatiko ordainketen murrizketagatik ere. Bestalde, maiatzera arteko zerga bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar dira PFEZaren kuota diferentzialaren itzulketak handitu direla eta BEZaren lurraldeen arteko doikuntzen sarrerak jaitsi direla.
Zergaz zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, % 11,9 igo dira lan-etekinen gaineko atxikipenak, hau da, aurreko urteko aldi berean baino 105,6 milioi gehiago izan dira. PFEZren bilketa garbia % 15,4 igo da, hau da, 108,4 milioi euro gehiago. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiagatiko diru-sarrerak 3,2 milioi jaitsi dira maiatzera arte. Aldaketa horren arrazoietako bat da diru-sarrera gordinak 2,3 milioi euro gutxitu direla, eta itzulketak 0,9 milioi euro handitu.
Foru Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, bilketa metatua % 1,4 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta, Gipuzkoan sortutako BEZaren zatia lurralde arteko doikuntzen bidez berreskuratu ondoren. Atal honetan, Gipuzkoako sarrerak 15,6 milioi euro igo dira (+% 2,0) eta lurralde horretako itzulketak 0,8 milioi euro jaitsi dira (-% 0,3). Era berean, lurralde arteko doikuntzek 24,4 milioi euro egin dute behera (-% 20,5).
Zerga berezien kasuan, hidrokarburoen gaineko zerga % 9,8 jaitsi da, hau da, 11,9 milioi euro gutxiago. Era berean, Estatuarekin egiten diren doikuntzetan, bilketa metatua 3,8 milioi jaitsi da BEZean eta 11,5 milioi hobetu da zerga berezietan. Puntu honetan, nabarmentzekoa da inportazioen BEZagatiko doikuntza 9,7 milioi gutxitu dela eta hidrokarburoen doikuntzetan, aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoa 12,8 milioi gutxiago dela.
Maiatzeko diru-bilketari dagokionez, Ogasun eta Finantzetako diputatu Jokin Peronak adierazi duenez, "Europako erreferentziazko herrialdeen testuinguru ekonomikoa (Frantzia eta Alemania, esaterako) eta tentsio geopolitikoak gorabehera, Gipuzkoako ekonomia sareak azken hilabeteetako tonu onari eusten dio. Hala ere, gogorarazi behar da
hurrengo hilabeteetan pentsiodunei itzuliko zaiela mutuei buruzko epaian adierazitakoa, eta horrek aurtengo diru-bilketan eragin zuzena izango du".
1278