Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Don Bosco ikastetxeko ikasleek diseinatutako kargo bizikletak bere bilakaerarekin jarraitzen du hiru eredu elektrifikatu sortuta

Don Bosco ikastetxeko ikasleek diseinatutako kargo bizikletak bere bilakaerarekin jarraitzen du hiru eredu elektrifikatu sortuta

Rafaela Romero Mugikortasun foru diputatua, saileko zuzendaria den Ander Iturrirekin batera, Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako institutuan izan da gaur. Bertan, galdaragintza eta soldadurako gradu ertaineko ikasleek cargo social bizikleta elektrifikatuen hiru eredu berriak aurkeztu dituzte Gurpil Artea elkarteak bultzatutako proiektuaren barruan.

2023/03/23
Don bosco bici cargo electrificadas

Rafaela Romero: “Don Bosco erreferentziazko eragilea da Mugikortasun jasangarrian espezializatutako lanbide heziketarekiko bere konpromisoari dagokionez. Horrelako ekintzetan ezinbestekoa izaten jarraitzen duen Gurpil Artea elkartearekin batera, 3 cargo bizikleta elektrifikatzeko proiektu honek funtsezko beste aurrerapauso bat dakar mugikortasun jasangarriaren sustapenari, tokiko garapenari eta berrikuntza eta modernizazioaren bultzadari begira, Gipuzkoa hobetzeko xedez”.

Rafaela Romero Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatua, Mugikortasun saileko foru zuzendaria den Ander Iturrirekin batera, Don Bosco institutuaren instalazioetan izan da cargo bizikleta elektrifikatuen hiru ereduen aurkezpenean, Gurpil Artea elkarteak garatu eta ikastetxeko ikasleek gauzatutako proiektuari amaiera ematen diotenak.

Juan Carlos Lizarbe zentroko zuzendariak eta Jose Luis Perez berrikuntza arloko zuzendariak harrera laburra egin ondoren, 3 cargo bizikleta elektrifikatu berri sortzeko proiektuaren inguruko azalpenak eman ditu Gurpil Artea elkarteko Oihan Lopezek, galdaragintza eta soldadurako gradu ertaineko irakasle eta ikasleak bertan zirela.

Mugikortasun arloko diputatua den Rafaela Romeroren hitzetan, “3 cargo bizikleta elektrifikatzeko proiektu honek funtsezko beste aurrerapauso bat dakar mugikortasun iraunkorraren sustapenari, tokiko garapenari eta berrikuntza eta modernizazioaren bultzadari begira, Gipuzkoa hobetzeko helburuarekin”.

Bestalde, Don Bosco LHII zuzendaria, Juan Carlos Lizarbek adierazi duenez, “gustuko dugu halako proiektuetan parte hartzea. Modu horretan, gure ikasleek beren helburuak lortzeko modu ezberdina eta, aldi berean, motibatzailea dute. Ez da Aldundiarekin kolaboratzen dugun lehen aldia, zehazki Mugikortasun sailarekin, eta etorkizunean ziur elkarrekin lanean jarraituko dugula, batez ere horrelako proiektuetan, gainera herritarrentzat lagungarri direnak mugikortasun arloko aldaketa-garai hauetan”.

Proiektu ezagun eta aitortuak
Gaur aurkeztutako proiektuak cargo social bizikletaren jarraipen eta aurrerapen dira; Gipuzkoatik kanpo jadanik, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren aldetik Mugikortasun arloko foru saileko ordezkariekin egindako topaketa batean, aitortza adeitsua jaso zuen proiektuaren lehen urratsa da. Gainera, proiektua Bizikletaren aldeko Hirien Sareko “Bikefriendly” sarietako azken edizioan berrikuntza alorrean nabarmenen artean hautatua izan da.

Rafaela Romero diputatuaren esanetan “gure sailaren asmoa gure lurraldea mugikortasun aktiboko eredu modura sendotzea da, eta helburu horrek eginahal handiak, politika egokiak eta eragile askorekin egiteko lan koordinatu eta jarraitua eskatzen du. Gure inkonformismoaren ondorioz, dagoeneko garraio publikoko erreferente modura kokatu gara gure mugetatik harago Lurraldebus eta MUGI-rekin. Berrikuntza, Mugikortasun arloan Don Boscok garatzen duen harrobiko funtsezko lana eta Gurpil Artea elkartearen proiektuak funtsezko aktiboak dira gure burua mugikortasun arloan harrotasunez azal dezakegun aurrerabide jarraitu horretan”.

Cargo bizikleta elektrifikatuen hiru eredu ezberdin
Gaur aurkeztutako hiru prototipo elektrikoek, elektrifikazioak segurtasun eta irisgarritasunari so suposatzen duen ageriko aurrerapenaz gain, hobekuntza garrantzitsuak eskaintzen dituzte balazta-sisteman eta arintasunean. Bi eredu altzairuan fabrikatu dira eta beste bat aluminioan, eta bakoitza erabilera espezifiko baterako diseinatu da: bat bizikleta-tailer modura, bestea adin txikikoen garraiorako eta beste bat salgaien balio anitzeko garraiorako multiplataforma gisa.

Foru altxortegitik 7.000 euroko zuzkidura ekonomikoa barneratzen duen proiektuak erakunde arteko eta prestakuntza zentroen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratzea du xede, mugikortasunaren ikuspegi eraldatzailea bultzatzeko bitarteko gisa, gazteenen ikuspegitik.

  

2971