Donostiako eta Irungo azken eraso matxisten gaitzespen adierazpena
Donostiako eta Irungo azken eraso matxisten gaitzespen adierazpena
Gipuzkoako Foru Aldundiak, adierazpen instituzional honen bidez, azken orduetan Donostian eta Irunen izandako eraso matxisten aurkako gaitzespen irmoa adierazi nahi du.
Horrekin batera, foru erakundeak gertutasuna eta elkartasuna adierazi nahi die azken eraso horien biktimei, bai eta haien senideei eta hurbilekoei ere.
Emakumeen aurkako Indarkeriari Erantzun Publikoa emateko Gipuzkoako Protokoloaren arabera, Aldundiak bat egin du gaur goizaldean emakume baten aurka arma zuriz egindako eraso larria gaitzesteko Donostiako Udalak plazaratu duen adierazpenarekin. Honela, Eider Mendoza foru bozeramaileak eta Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendariak parte hartuko dute gaur 18:00etan Donostiako udaletxearen aurrean egingo den elkarretaratzean. Halaber, foru erakundeak dei egiten die herritar guztiei gertaera larri hori gaitzesteko elkarretaratze horretan parte har dezaten, emakumeen askatasuna eta eskubideak urratzen dituen edozein eraso motaren aurrean duten konpromiso irmoa erakusteko.
Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du Irunen atzo, larunbata, emakume batek jasandako sexu-erasoa gaitzesteko adierazpenarekin, eta bat egiten du datorren astearterako deitutako gaitzespen-deialdiarekin.
Foru bozeramailearen hitzetan, bi erasoek eta azken orduetan jai-eremuan salatutako mota askotako eraso matxisten salaketek, "berriro ere agerian jarri dute emakumeek gure gizartean askatasunik eta berdintasunik ez izatearen egiturazko arazo soziala". "Eraso matxistak dira adierazpenik larriena, baina horien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eza eta emakumeak kontrolpean eta mendean eduki nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak daude". Mendozak azaldu duenez, "horregatik guztiagatik, beste behin ere, berdintasunaren aldarrikapena azpimarratzen dugu. Emakumeen eta gizonen berdintasuna, duintasuna, sexu-askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa errespetatzea eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurkako jokabideek ez dute lekurik gure gizartean inolako testuingurutan. Emakume guztiek dute aisialdiaz eta gizarte-harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, berriz ere adierazten dugu indarkeria sexistarik gabeko kaleak, auzoak, udalerriak eta hiriak nahi ditugula".
2680