DONOSTIAKO SALTOKIEK ETA LURRALDEBUSEK 33.000 ZAPI BANATUKO DITUZTE FESTAK GIROTZEKO
DONOSTIAKO SALTOKIEK ETA LURRALDEBUSEK 33.000 ZAPI BANATUKO DITUZTE FESTAK GIROTZEKO
Festetako zapia Aste Nagusiaren ikurretako bat da, eta, aurten, berriz izango dugu protagonista. San Sebastián Shopsek, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailaren bitartez eta Lurraldebusekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuarekin lankidetzan, 33.000 zapi banatuko ditu. Hain zuzen ere, tokiko saltokiek eta Lurraldebus zerbitzuak banatuko dizkiete zapiak Donostira datozenei, eta bertakoak zein kanpotarrak festez gozatzera animatuko dituzte.
Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak, San Sebastián Shopseko arduradun Iñigo García alboan zuela, nabarmendu duenez: «Bi urte egon gara gure abuztuko festarik gabe. Aurten, gero eta donostiar gehiagok erabiltzen dugun ikurra baliatuko dugu berriro, eta espero dugu Aste Nagusi osoan zehar erabiltzea. Gainera, festetako eraso sexisten kontrako mezua beste behin helarazteko aukera bat da; izan ere, aurten, “NO es NO / EZ ezetz da” mezua dauka, emakumeenganako edozein motatako erasoen eta indarkeriaren kontra gaudela adierazteko».
Zapia zuria da, eta punta urdin bat du, hiriko banderak bezala. «Donostiar-donostiarra eta jai-girokoa», Kulturako foru-diputatu Harkaitz Millánek adierazi duenez.
33.000 zapi banatuko zaizkie donostiarrei, bai eta Aste Nagusian gurera etorriko diren bisitariei ere. Honako hauek lagunduko dute horretan:
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun Departamentua. Hain zuzen ere, Lurraldebusek bere erabiltzaileei banatuko dizkie zapiak hilaren 13an (larunbata) eta 14an (igandea), Donostiako autobus-geltokian.
- Alde Zaharreko merkatarien elkartea (Zaharrean). Bere establezimenduetan banatuko ditu.
- San Sebastián Shops. San Martzial kaleko 2 zenbakiko bulegoan banatuko ditu, denak agortu arte, bai eta ekimenarekin bat egingo duten saltokietan ere.
«Ez dugu inor zapia jartzera behartu nahi, baina uste dugu festetako ikur on bat dela, are Aste Nagusia ez diren beste festa batzuetarako ere, eta nahiko genuke festen hasierako kanoikadak entzuten direnetik festak amaitu arte erabiltzea jendeak», gehitu du Marisol Garmendiak.
Mugikortasuneko foru-diputatu Rafaela Romerok zera adierazi du: «Beste urte batez, Lurraldebusek bat egin du ekimen honekin, Gipuzkoako udal, kultura-jaialdi eta jai-ekitaldiekin elkarlanean aritzeko gure politikari jarraituz. Larunbatean (hilak 13) banatuko ditugu zapiak, uste baitugu gipuzkoar asko hurbilduko direla Donostiara Aste Nagusiaren lehen egun horretan. Zapiak banatuta, jai-giroa areagotu nahi dugu. Festak direla-eta, gainera, Lurraldebusek ezohiko zerbitzuak eskainiko ditu».
2637