Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Egoitza eredu berria ezartzen hasiko da adineko pertsonentzako 25 zentrotan

Egoitza eredu berria ezartzen hasiko da adineko pertsonentzako 25 zentrotan

Aldundiak 20 milioi euro bideratuko ditu urte hasieran jasotako COVID-19 funtsetatik, etorkizuneko zaintzarako trantsizioa lurralde osora zabaltzeko eta “gaurtik” gauzatzeko.

Gipuzkoa adinekoentzako arreta eta zaintza ereduaren eraldaketan murgilduta dago eta, apustu hori lurralde osora hedatzeko eta etorkizuneko zainketetarako trantsizioa “gaurtik” gauzatu dadin, bi urtean aparteko 20 milioi euro bideratuko ditu helburu horretara. Neurri horrek “erabakitasun eta anbizio handiko” jauzia suposatuko du, eta Gipuzkoa “zainketen abangoardian” kokatuko du, eta lurraldean egoitza-eredu berria gauzatzeko balioko du, inplementazio lehen fase honetan 25 egoitzatara iritsiko dena, eraikuntza berriko zentroen eta instalazioak eredu horretara egokitzen hasiko diren zentroen artean.

Markel Olano diputatu nagusiak azaldu duenez, Etorkizuna Eraikiz eta Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren esparruan, zaintza-eredu berri horretarako trantsizioa gauzatzea Aldundiaren “erabateko lehentasuna” da, eta “lurraldea zainketen abangoardian kokatzea” eta lurralde osora iritsiko den “aldaketa sistemikoa bultzatzea” jarri du helburu. Horretarako, ibilbide orri zehatz bat abiatu du Aldundiak, egoitzak 15 pertsona inguruko bizikidetza unitateetan oinarritutako zentro bihurtzen lagunduko duena, arreta pertsonalizatu eta berritzailearekin, eta komunitatearekin lotura sendoarekin.

Diputatu nagusiak eta Gizarte Politikako foru diputatuak, Maite Peñak, prentsaurrekoa eman dute gaur goizean inbertsio berri horren berri emateko. Inbertsio hori 2022an eta 2023an gauzatuko da, eta Aldundiak horretarako aurreikusita zituen partidei gehituko zaie. Hau da, Aldundiak urtearen hasieran Eusko Jaurlaritzaren bidez jasotako COVID-19 funtsetan –37,8 milioi guztira– jatorria duten 20 milioi gehigarri horiek Gipuzkoa zainketen abangoardian kokatuko duen jauzi bat egiteko balioko dute, adinekoen zentroetako esku-hartzeak "biderkatu" eta egoitza-eredu berria eskualde guztietara zabaltzeko aukera emango baitu.

Markel Olano diputatu nagusiak gogorarazi du inbertsioan egindako jauzi hori erabakigarria izango dela Gipuzkoak duela 7 urte baino gehiagotik lantzen duen eraldaketa gauzatzeko. “Aldaketa hori azkartu egin da pandemiaren ondorioz, eta gure egoitzetan gauzatzen ari da. Azken urteotako Gizarte Politiketako Departamentuaren eta erakunde eta pertsona askoren lanaren emaitza da. Gainera, errealitate bihur dezakegu, punta-puntako gizarte-politiken eredu aitzindaria dugulako, hirugarren sektore sozialarekiko lankidetzan oinarritua”, azaldu duenez. Gainera, azpimarratu du Gipuzkoa etorkizuneko zainketetara hedatzeko abangoardia izango dela; izan ere, “fase esperimental eta azterketa-fase bat” amaitu ondoren, “inplementazio-fasera” igaroko gara. "Benetako aldaketak ikus ditzakegun eszenatoki batera igaro gara, eta datozen urteetan Gipuzkoako 25 egoitzatara iritsiko gara", adierazi du.

Hori guztia, bere iritziz, egoiliarren arretan eta ongizatean izango du eragina batik bat; izan ere, pertsona horiek “etxean bezala biziko dira”, arreta pertsonalizatuagoa jasoko dute, bizikidetza-unitate txikiagoetan biziko dira eta komunitatearekin harreman estuagoa izango dute. Gainera, azpimarratu duenez, 20 milioiko ezohiko inbertsioak eredu horretarako trantsizioa lurralde osora zabaltzeko balioko du. “Nahiz eta mundu osoan zailtasunak izan, Gipuzkoa ez da inoiz gelditu. Beste behin ere, lankidetzatik eta gizarte kohesionatua izaten jarraitzeko helburu partekatutik aktibatzen da, desberdintasun sozialak geldiarazteko eta pertsona guztien babesa bermatzeko, batez ere adinekoena”, ondorioztatu du.

 

20 milioi euroko aparteko funtsa

Gipuzkoako Foru Aldundiak 37,8 milioi euro jaso zituen urte hasieran Estatuko funtsetik COVID-19aren eragina neutralizatzeko –beste 25,1 milioi partekatu ziren Gipuzkoako udalekin–, besteak beste. Gizarte-politiken esparrura bideratuko dira 37,8 milioi euro horietatik 20, adinekoentzako egoitza-zentroen arkitektura eta espazio fisikoak arreta eta zaintza eredu berrira pixkanaka egokitzeko.

Hortaz, ezohiko funts horiek ekipamenduak erosteko eta adinekoen egoitza-zentroak eredu berrira egokitzeko erabiliko dira, egoitza publikoetako espazio fisikoak eta fundazioek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatzen dituztenak hobetu eta birmoldatzeari esker. Era berean, eraikitzen ari diren edo datozen urteetarako eraikitzea aurreikusita dagoen egoitza-zentroak, hala nola Usurbil, Elgoibar, Irun edo Pasaiakoak, eredu berriaren ezaugarriei erantzunez eraikiko dira, 15 pertsona inguruko bizikidetza-unitate txikietan antolatuta, espazio irekiagoak eta komunitateari lotuagoak izango dituzte, banakako gelak izando dira gehienak, eta ikuspegi berritzaile eta pertsonalizatutik antolatuko dira, bai espazio fisikoetan, bai arretarekin eta zaintzarekin zerikusia duen guztian. “Helburua da Gipuzkoako adinekoen egoitza-sare osoa pixkanaka egokitzea”, diputatu nagusiak azpimarratu duenez.

Bestalde, Maite Peñak zehaztu duenez, funts horiei esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru lan-ildo aktibatu ditu ekipamendua erosteko eta arreta eta zaintza eredu berriari erantzuten dioten egoitzak egokitzeko lanak egiteko. Zati bat belaunaldi berriko ekipamendua eta laguntza teknikoak erostera bideratuko da (3,5 milioi euro); beste bat Aldundiaren eta Kabiako zentroak pixkanaka egokitzeko obrak finantzatzera (8,5 milioi euro); eta beste bat udal-fundazioek edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatutako egoitzetarako laguntza ekonomikoen lerro batera (8 milioi euro).

Egoitza propioetako eta Kabiako lehenengo egokitzapenak Iurreamendin (Tolosa), Iturbiden (Arrasate), San Martinen (Oñati), Egogainen (Eibar), San Josen (Azkoitia) eta San Juanen (Zumaia) egingo dira. Aldez aurreko azterlanak eta obrak gauzatzeko proiektuak idatziko dira, eta, ondoren, obrak idatzi, onartu eta esleituko dira. Lan guztiak 2023a amaitu baino lehen egitea aurreikusten da. Gainera, Peñak adierazi duenez, datozen egun eta asteetan zehaztuko dira udal-fundazioek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatutako egoitzetan egingo diren jarduerak. Horretarako, laguntza-lerro bat aktibatuko da, eta 10 egoitzetara iristea aurreikusten da.

 

Zainketa-eredua eraldatzea

Bestalde, Maite Peñak azaldu duenez, Gipuzkoako adinekoen egoitzen sarean bultzatzen ari den aldaketa sistemikoa ez da espazio fisikoen egokitzapenaren ondorio bakarrik, eraldaketa “askoz haratago doa”, eta arretaren, zainketen kalitatearen, langileen prestakuntzaren, zentroetan ikuspegi berritzailea txertatzearen, zaintzetan parte hartzearen eta taldeen eta zereginen antolaketaren esparruarekin zerikusia duen guztia hartzen du kontuan, besteak beste.

"Integraltasunak garrantzi berezia hartzen du egiten ari garen bide honetan", adierazi du diputatuak, eta gaineratu du Foru Aldundiaren helburua Gipuzkoa zainketa-lurralde bihurtzea dela, pertsonengan oinarritutako eredu batekin eta komunitatearen parte-hartzearekin. Horretarako, arreta eta zaintza agenda berritzaile bat aktibatu du, Gipuzkoa 2020>2030 Agenda, “adostasun zabala duena eta lurralde osorako oinarriak ezartzen dituena gure zaintza-eredua eraldatzeko”. Maite Peñak zehaztu du estrategian jasotako ekintza-planak, 2021-2023 aldirako, adinekoei dagokienez egoitzen eremua ez ezik, iraupen luzeko zainketen estrategiak arreta etxeko zaintzan ere jartzen duela. “10 adinekotik 8k etxean bizitzen jarraitu nahi dute; eta etxean ez bada, etxean bezala”; horregatik, diputatuak defendatu du “gure betebeharra dela nahi horri erantzutea”.

Zentzu horretan, Peñak joan den astean Pasaian aurkeztu zen Zaintza HerriLab estrategia azpimarratu du. Estrategia horren helburua zaintza ekosistema lokalak garatzea da, etxean bertan iraupen luzeko zaintzak bermatzeko. Bestalde, gogorarazi du adinekoez eta mendekoez gain, Aldundia urrats “oso garrantzitsuak” ematen ari dela beste kolektibo batzuen arretan, “2020>2030 Agendaren baitan ardatz oso garrantzitsua osatzen duten” kolektiboen arretan. Horregatik, datozen urteetan egingo diren proiektu eta lan-ildo garrantzitsuenen artean, desgaitasuna duten pertsonei, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonei arreta emateko zentro eta proiektu aitzindari berriak sortzea nabarmentzen da.

  

2415