Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Egoitzetako 140 profesionalek formakuntza jaso dute Aldundiaren eta Aita Menniren eskutik

Egoitzetako 140 profesionalek formakuntza jaso dute Aldundiaren eta Aita Menniren eskutik

Foru Aldundiak antolatutako Formakuntza Plana zabaldu egin da eta Gipuzkoako egoitza guztietara iritsi da, lurraldeko 65 zentroetako COVID-19 arduradunen bidez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak COVID-19aren prebentzioari eta kontrolari buruzko formakuntza-jardunaldi berri bat antolatu du. Aita Menniko profesionalek eman dute, eta Gipuzkoako adinekoen 65 egoitzei zuzenduta egon da. Guztira, 140 profesionalek hartu  dute parte, egoitza-zentro bakoitzeko Infekzioaren Prebentzioko eta Kontroleko arduradunek eta zuzendaritzako kideek. "Horrela, egoitzetako profesional guztiengana iristen jarraitzea bilatzen dugu, prestatzaileen prestakuntza baita; eta, bide horretan, prebentzioan sakontzen jarraitzen dugu", esan du Maite Peñak, Gizarte Politikako diputatuak.

Lehen formakuntza saioak apirilean eman ziren, eta ordutik, Peñak gogorarazi duenez, "Formakuntza Plana indartu egin dugu eta prestakuntza saioak areagotu eta dibertsifikatu egin dira". "Helburua zentroetan COVID-19aren prebentzioan, kontrolean eta erabileran ezagutza sakontzea eta sendotzea da, eta Gipuzkoako zerbitzu eta baliabide sozialetako langile guztiengana modu mailakatuan iristeko moduan diseinatu dugu", gaineratu du.

Irailean, Osasun Saileko eta Mugarik Gabeko Medikuen erakundean ibilbide luzea izan duen Carmen Ramírez de la Piscina doktoreak emandako saioa, Aldundiko, DYAko, Kabiako eta Aita Menniko profesionalei zuzenduta egon zen. Profesional horiek diziplina anitzeko taldeak osatzen dituzte, eta aldian-aldian zentroetara joaten dira ikuskapen eta aholkularitza teknikoko lanak egitera, baita PCR probak egitera ere. Prebentzioari, kontrolari eta COVID-19 agertokien erabilerari buruzko prestakuntza hori Aita Menniko profesionalen eskutik iritsi da gaur adinekoen egoitza guztietara, zehazki, zentro bakoitzeko PCIko arduradunengana.

"Gaurko saioarekin beste urrats bat eman dugu COVID-19ak eragindako infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko neurrien zabalkundean sakonduz. Aktibo dugun Zaintza eta Alerta Sisteman sakontzen jarraitzen dugu, zentro bakoitzeko egoera monitorizatzeko eta, horrela, une bakoitzean beharrezko neurriak hartzeko", nabarmendu du diputatuak. Ildo horretan, formakuntza COVID-19ari aurre egiten jarraitzeko "funtsezko" elementua dela esan du. "Formakuntza Plana elementu bizia da, eta une bakoitzean behar diren behar eta eskaerekin osatzen jarraituko dugu", gaineratu du Maite Peñak, eta "COVID-19aren testuinguruan prestakuntzan sakontzeak duen garrantzia" azpimarratu du, "oso aldakorra eta ziurgabetasun handikoa dena".

 

Sei adinekok gehiagok gainditu dute COVID-19a

Azken orduetan, Donostiako Berra egoitzako hiru erabiltzailek positibo eman dute COVID-19an, eta Bergarako Mizpirualdeko bi egoiliarrek eta Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzako beste lauk gaixotasuna gainditu dute. Azken orduetan ez da heriotza berririk atzeman eta alta epidemiologikoa jaso duten pertsonak dagoeneko 62 dira.

Egun, COVID-19an positibo emandako erabiltzaile positiboak Gipuzkoako sei egoitzatan daude: Hernaniko Santa Maria Magdalenan (4), Errenteriako Jesusen Bihotzan (2), Donostiako Alai-Etxen (25), Bergarako Mizpirualden (11), Donostiako La Pazen (1) eta Berran (4). Beraz, Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean 47ra jaitsi da COVID-19 kasu positiboen kopurua, eta abuztuaren 11n lehen positiboa atzeman zenetik, 62 adinekok gainditu dute gaixotasuna eta 33 pertsona hil dira.

Zazpi dira ospitale-arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 35 Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan artatuak ari dira izaten, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuen arretarako erreferentzia-zentroan.

  

1555