Egoitzetan COVID-19 duten adinekoak lau izaten jarraitzen dute
Egoitzetan COVID-19 duten adinekoak lau izaten jarraitzen dute
Orioko eguneko zentroko erabiltzaile batek positibo eman du COVID-19n, eta talde epidemiologikoak kasuaren eta kontaktuen jarraipena egiten ari dira.
Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako baliabide eta zerbitzu sozialen egoeraren eguneroko balantzea egin du, eta, adinekoen egoitzei dagokienez, azken 24 orduetan ere, 65 zentrok eta 5.425 plazak osatzen duten sarean, ez dela aldaketarik izan adierazi du. Dagoeneko 33 egun jarraian dira COVID-19rekin hildakorik izan ez dela, eta azken orduetan ere ez da kasu positibo berririk atzeman, ezta mediku altarik ere.
Hortaz, gaur arte, 392 adinekok gainditu dute gaixotasuna (%69,6), 167 hil dira (%29,7) eta lau dira diagnostiko positiboarekin jarraitzen dutenak (%0,7), guztiak egoitza bereko egoiliarrak dira. Ospitaleko arreta behar duena egoiliar bakarra da eta beste hirurak Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan daude.
Beste alde batetik, 3. fasearekin batera, ekainaren 8an hasi zena, adinekoentzako eguneko zentroak apurka-apurka irekitzen ari direnean, COVID-19 kasu positibo bat antzeman da Orioko eguneko zentroan. Eider Mendozak azaldu duenez, Foru Aldundiko talde bat PCR probak egiten ari da eguneko zentroetako erabiltzaileei, eta orain arte lortutako 255 emaitzetatik, positiboa eman du Orioko bizilagun batek, eguneko zentroko erabiltzailea dena eta sintomarik ez duena. "Berehala jarri da martxan zaintza epidemiologikorako protokoloa, eta Osakidetza eta Osasun Publikoa kasuaren jarraipena egiten ari dira", azaldu du bozeramaileak, eta zentroak "uneoro" osasun agintarien aginduei jarraituko diela gaineratu du.
Eider Mendozak "zuhurtziaz eta erantzukizunez" jokatzeko mezua igorri du, eta azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Errealitate Berrira Egokitzeko Plana aplikatzerako garaian duen helburu nagusia "prebentzioan eta COVID-19aren bilakaerari azkar erantzuteko gaitasunean sakontzea dela, gizarte-zerbitzuak pixkanaka berreskuratzearekin bateragarri eginez". Hori dela eta, "errealitate berriak pertsona zaurgarrienen ongizatea, osasuna eta integritatea bermatuko dituzten erabakiak hartzera behartzen gaitu, gure lehentasun nagusia izaten jarraitzen dutelako". Bestalde, zentro eta zerbitzu sozialak "kutsatzeko bektore komunitarioak" ere izan daitezkeela gaineratu du, eta, horregatik, "funtsezkoa da une bakoitzean benetako egoera zein den jakitea, erantzun azkar bat emateko eta birusaren aurrerapenari ahalik eta azkarren eta modu eraginkorrenean eusteko".
Mendozak azaldu duenez, gaixotasunaren jarraipena, zentroekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin batera egiten jarraituko da. Ildo horretan, bozeramaileak adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak etengabe jarraituko duela informatzen gizarte-baliabide eta -zerbitzuen egoerari buruz, nahiz eta egia den informazio-fluxua desberdina dela egoitza-zentroekin alderatuta, Osakidetzak zentralizatzen baitu pertsona bakoitzaren osasun-egoerari buruzko informazioa, lehen mailako arreta-zerbitzuen bidez. Hala ere, bozeramaileak zehaztu duenez, "informazioa izan bezain laster, Gipuzkoako Foru Aldunditik gaixotasunak aurrera egiten jarraituko du, foru-eskumenekoak diren zentro eta zerbitzu sozialetan".
1403