Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea EHU-ko Uda Ikastaroek Irungo eta Pasaialdeko hiri-berroneratze prozesuak aztertuko dituzte

EHU-ko Uda Ikastaroek Irungo eta Pasaialdeko hiri-berroneratze prozesuak aztertuko dituzte

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa foru departamentuak antolatua, hiri-birgaitze proiektu desberdinak azalduko dituzte Europako eta Estatuko adituekin

UPV/EHUko Uda Ikastaroen esparruan, Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak, Marisol Garmendia sozialista buru dela, ikastaro bat antolatu du: “La regeneración y la recuperación de espacios urbanos en Gipuzkoa”. Ikastaroan zenbait prozesu aztertuko dira, horien artean Pasaialdeko badiarena eta Irunen aurreikusitako proiektua, orain trenbideen hondartzak okupatutako lursailak liberatu eta gero.

Irailaren 13an eta 14an izango da ikastaroa Miramar jauregian, eta gaian aditu nazionalak eta nazioartekoak bilduko ditu, haien artean Eileen Crowley, zeinak Irlandako Cork udalerrian burututako portuaren berroneratze-prozesua azalduko duen. Ikastaroan izango dira baita ere L’Hospitaleteko alkateorde Francesc Bellver Valles, zeinak hiri-bilbean bertan poligono industrial batean garatzen ari diren Kultur Barruti baten proiektua azalduko duen, eta Josep Boira, Valentziako Generalitateko Etxebizitza eta Herri Lanetako idazkaria, herritarren partaidetza azalduko duena Valentziako Portuaren kasuan.

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendiak azpimarratu duenez “komenigarria da hiri-berroneratze proiektu eta esperientzia zehatzak partekatzea Pasaiako portukoen antzeko inguruneetan, arrakastaz burutu izan direlarik Espainiako eta Europako gainerako lekuetan. Pasaiako badiaren berroneratze integralaren proiektu estrategikoa oinarritzat hartuta joan den urtean antolatu genuen aurreneko ikastaroa partaidetza handikoa eta oso aberasgarria izan zen. Hala, edizio honetan ere beste proiektu berezi bati helduko diogu, eskualdeko eta lurraldeko proiekzioa duena, Irungo trenbideko hiri-espazioak berreskuratzekoa, alegia”.

“Portuen eta trenbideetako instalazioen inguruko berroneratze-prozesu konplexu horiei buruz jardun zuten hizlari guztiak –gogora ekarri du Garmendiak– bat etorri ziren adieraztean garrantzi handikoak direla lidergo partekatuak, adostasun instituzionalak, inbertsio publikoaren eta pribatuaren premia, eta herritarren partaidetza eta erantzukidetasuna. Eta horretan guztian ari gara lanean Pasaian: Aldunditik, gainerako instituzioekin batera, proiektua aurrera eramaten; Plan Berezia tramitatzen; udalaren adostasunetik, bi urtetan 4 milioi euro baino gehiago inbertitzen, eta elkarrizketa eta akordioa lantzen. Pasaialdea –Gipuzkoako zona degradatuenetako bat– birgaitzeko proiektu integral eta asmo handiko hau tresna bat da Pasaialdeko hiri-espazioak berreskuratzeko, hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortzeko, eta bertan bizi diren 10.000tik gora pertsonen ongizate sozialaren hobekuntza bultzatzeko”.

Uda Ikastaro honetan, gainera, Irungo trenbideetako espazioak berreskuratzeko proiektuari helduko zaio, dagoeneko aurreneko pausoak ematen hasia denari. Hala, autonomia erkidegoan, Estatuan eta Europan indarrean dagoen arauditik aztertuko dira prozesu horiek ondokoen esku-hartzeekin: Nicolas Gharbi, Eskualde eta Hiri Politikako Europako Batzordea ordezkatuz, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuorde Arantza Leturiondo, besteak beste.

Ikastaro hau ez da soilik teorikoa izango, Irungo udalerriko trenbideen hondartzan Adif-ek liberatzea aurreikusita dituen lursailak ere bisitatuko baitira. Irungo alkate José Antonio Santano bera arduratuko da proiektu hori “in situ” azaltzeaz, zeinaren bitartez 58.000 metro karratu liberatuko diren, orain erabilerarik ez dutenak eta lehen trenbideko aduanak hartuak. Instituzioen arteko akordio horrek hiri-garapen berri bat ahalbidetuko du, mistoa, etxebizitzekin eta polo ekonomiko eta enpresarial batekin, unibertsitate-munduari ere lotua, eta eskualdeko proiekzioa izango duena.

Ikastaroa doakoa da eta izena emateko epea zabalik dago jada. Hirigintzako adituei, arkitektoei, teknikariei eta hiri-espazioen berroneratze-prozesuetan interesatuta dagoen publiko orokorrari zuzenduta dago.

  

1607