Aldundiak eta SD Eibarrek futbol inklusiboko proiektu bat sustatuko dute
Aldundiak eta SD Eibarrek futbol inklusiboko proiektu bat sustatuko dute
Horrez gain, lankidetza hitzarmena berritu dute Gipuzkoako kirolari laguntzeko.
KIROLGIK eta SD Eibar kirol elkarteak lankidetza hitzarmena berritu dute Gipuzkoako kirolari laguntzeko, eta futbol inklusiboko proiektu bat sustatuko dute
Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak eta Amaia Gorostiza SD Eibar kirol elkarteko lehendakariak bi erakundeak lankidetzan aritzeko hitzarmena berritu dute, eta akordio bat sinatu dute oinarrizko eskolak sortzeko, adimen desgaitasuna eta garuneko paralisia duten pertsonek kirol ibilbide bat bermatua izan dezaten goreneko mailan lehiatzeko, Eibarren eta Gipuzkoaren izenean.
Denis Itxasok adierazi du «SD Eibar Fundazioak egin duen bezala, horretarako aukera duten klubek Kirolgi Fundazioari laguntzea oso garrantzitsua da, eta, gainera, bultzada handia, Kirolgiren jarduera ildoak sustatzeko, eta kirola gipuzkoar guztiengana iristeko, inolako bereizketarik egin gabe; horren adibide argia dugu futbol inklusiboaren proiektua».
SD Eibar Fundazioak bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol politikekin, eta Kirolgiren bazkide babesle gisa duen konpromisoa berritzen du, Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Amaia Gorostiza Eibar klubeko lehendakariak bi erakundeek duten lankidetza hitzarmena berritu ondoren. Eibar kirol elkarteak bi esparrutan jardungo du batez ere, diru ekarpena eginez, eta baliabideak ezarriz kirolariei laguntzeko lerroa indartzeko.
Horrez gain, Kirolgik eta Eibar kirol elkarteak akordio bat sinatu dute futbol inklusiboko bi talde osatzeko; bat, desgaitasun intelektuala duten pertsonek osatua, eta, beste bat, garuneko paralisia duten pertsonek osatua; biak ere Eibar kirol elkartearen egituran sartuko dira. Kluba arduratuko da teknikariak prestatzeaz, eta klubak bilatuko ditu behar besteko kualilfikazioa duten gazteak, taldeez arduratzeko, eta mailarik altuenean lehiatzeko Eibarren eta Gipuzkoaren izenean.
Ekimen honen lehenengo pausoak martxoaren hasieran eman ziren, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiaren ildo estrategikoetako bat da, zeinak xede baitu jarduera fisikoa eta kirola herritar guztien artean sustatzea eta gizarte osasuntsu, berdinzale eta inklusibo baten aldeko bere konpromisoa egiaztatzea eta berritzea.
Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu duenez, «Kirolgik Gipuzkoako kirol eragile guztiak bildu nahi ditu, eta SD Eibar Fundazioa bertan egotea oinarri-oinarrizkoa da guretzat, eta are gehiago, kirolariak babesteko formula honen bidez. Gainera, Eibar kirol elkarteak aurrera eramango duen futbol inklusiboko proiektu honetan lankidetzan aritzeak berebiziko garrantzia du Kirolgirentzat, horrela, kirola Gipuzkoako herritar guztiengana iritsi dadin, inolako bereizketarik gabe».
Proiektu honen bidez, Gipuzkoa kirol egokituaren erdigunean kokatzen da, dela errendimenduko kirolean dela parte hartzekoan, kirolari bakoitzak bere nahi eta beharretara hobeto datorkion bidetik jotzeko aukera izango baitu.
1796