Eider Mendozak Ondarreta altzari enpresa bisitatu du, 2023ko Diseinuko Sari Nazionala
Eider Mendozak Ondarreta altzari enpresa bisitatu du, 2023ko Diseinuko Sari Nazionala
Gipuzkoako sektore ezberdinetako konpainia esanguratsuen errealitatea ezagutzen ari da diputatu nagusia, Adegiren eskutik antolatutako agenda ekonomiko batean
Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak altzariak diseinatzen eta fabrikatzen dituen Ondarreta enpresak Oiartzunen dituen instalazioak bisitatu dituzte gaur. Adegiren eskutik antolatutako agenda ekonomiko baten barruan kokatzen da gaurko hitzordua. Topaketa horien helburua da Gipuzkoako ehun ekonomikoko hainbat sektoretako konpainia adierazgarrien errealitatea eta etorkizuneko erronkak bertatik bertara ezagutzea, Aldundiak joan den hilean aurkeztutako Plan Estrategikoa partekatzeaz gain, eta legegintzaldi honetako jarduera ekonomikoa bultzatzeko politikak zehazten laguntzea.
Mendozak eta Insaustik lan-bilera izan dute Ondarretako lan taldearekin, Nora, Nadia eta Oihana Arratibel buru zirela. Ondarreta Donostian ebanisteria gisa jaiotako enpresa familiarra da, eta bere sorkuntzen eskutik diseinuan eta fabrikazioan erreferente bihurtu da, 45 herrialdetara esportatuz. Horren erakusgarri, iaz Diseinuko Sari Nazionala jaso zuen enpresen modalitatean, eta epaimahaiak “altzarien diseinuaren bikaintasunaren adierazle gisa” katalogatu zuen, “ikerketa, berrikuntza, ingurumen- eta gizarte-iraunkortasuna eta ingurune hurbilarekiko hartuemana bereizgarritzat hartzen dituena”. 50 langile ditu egun enpresak. Juanjo Arratibelek sortu zuen, Marilis Galardi emaztearekin batera, eta haren alabek hartu dute lekukoa.
Diputatu nagusiak Gipuzkoako enpresa txiki eta ertain honen nortasun ezaugarriak goraipatu ditu, “ondo egindako lanaren, lurraldearekiko konpromisoaren eta belaunaldien arteko erreleboaren adibidetzat” jo baitu. “Enpresa familiarra da, bere burua berrasmatzen eta nazioarteko merkatuan bidea egiten jakin duena, tokiko hornitzaileekin lan egiten duena, eta, gainera, iraunkortasunaren, birziklapenaren eta eraginkortasun energetikoaren arloan nabarmentzen dena, tradizioa berrikuntza elektrikoarekin uztartuz”. Amaitzeko, Aldundiak “Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainekin lankidetzan” jarraituko duela adierazi du, “gure lurraldean aberastasuna eta aukerak sortzeko funtsezko zeregina baitute”.
Ondarretaren kasuan, lankidetza hori gauzatu da, adibidez, Aldundiaren nazioartekotze-programan parte hartu duelako, helburu duena Gipuzkoako ETEen produktu berrien merkaturatzea laguntzea nazioarteko merkatuetan. Programa horren bidez, Ondarretak Alemanian, Erresuma Batuan eta Italian duen presentzia babestu da azken urteotan.
1529