Ekintza lerro berria ireki du Etorkizuna Eraikiz ekimenak, gizarte bazterkeriaren aurka egiteko
Ekintza lerro berria ireki du Etorkizuna Eraikiz ekimenak, gizarte bazterkeriaren aurka egiteko
Aurtengo diru-laguntza deialdia aurkeztu du diputatu nagusiak, 2016 eta 2017 urtetan lurraldeko 70 eragile sozial eta ekonomiko inplikatzea lortu duena
Etorkizuna Eraikiz foru programaren urteroko diru-laguntza deialdiak Gipuzkoaren biharko erronkei erantzuna emango dioten proiektu berritzaileak finantzatzea du helburu. Testuinguru honetan, aurtengo deialdiak lan lerro berri bat ireki du: eskualde eremuko prestakuntza-enplegu prozesuak sustatzeko proiektuak, gizarte bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsona helduekin. “Etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzen ari gara, identifikatzen ditugun erronka ezberdinentzako erantzun bila… eta, hauen artean, garrantzitsuenetako gizarte orekatu eta justua lortzea, Gipuzkoa Europa mailan ezberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatzeko”, azaldu du diputatu nagusi den Markel Olanok.
Foru arduradunak prentsa agerraldia egin du gaur goizean, Etorkizuna Eraikizeko aurtengo diru-laguntza deialdia aurkezteko. Berarekin izan dira Sebas Zurutuza, Kudeaketa Estrategiako foru zuzendaria, eta Unai Zabala, LandaLab proiektu berritzailearen arduraduna. 2018ko diru-laguntza deialdiak 700.000 euro ditu eta hauetatik laurdena gizarte bazterkeriaren aurka egin eta egoera honetan dauden pertsonak integratzeko politikak sustatzea xede duten egitasmoetara bideratuko dira. Planteamendu honek Elkar-EKIN foru planaren lan esparruarekin bat egiten du, ekimen honek ere helburu berdina baitu.
Bere hitzaldian, diputatu nagusiak nabarmendu du proiektu berritzaileak sustatzeko diru-laguntza deialdiak 2016 eta 2017 urteetan izandako ibilbide oparoa. Bi urte hauetan 35 ekimen finantzatu dira, eta 70 eragile ezberdinen inplikazioa lortu da: unibertsitateak, lanbide heziketa zentroak, elkarteak, enpresak, udalak, garapen agentziak… “Datuak esanguratsuak dira oso, agerian uzten baitute lurraldeko gizarte antolatuak Gipuzkoaren etorkizunaren eraikuntzan inplikatzeko duten konpromiso eta nahia”, esan du foru arduradunak. Gainera, gogoratu du sarean lan egiteko modu hau, hain justu, Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen elkarlaneko gobernantza eredu berriaren parte dela.
2018ko diru-laguntza deialdiari dagokionean, bi lan lerro nagusi izango ditu. Alde batetik, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzungo dioten proiektu berritzaileak eta, bestetik, gizarte bazterkeriaren kontra egitea helburu dutenak. Lehen multzoari dagokionean, aukeratu diren lan esparruak dira lankidetzan oinarritutako gobernantza eredu berriak ardatz dituztenak, kudeaketa publikoan gizarte berrikuntza eta komunitatearen lurralde garapen komunitariorako proiektuak sustatzen dituztenak; Etorkizuna Eraikizen eskola haurren eta, oro har, gazteen parte-hartzea bultzatzea bilatzen duten egitasmoak; prestakuntza eskaintza eta enpresa beharretara gerturatu eta gazteen orientazio profesionala hobetzea landuko duten proiektuak; eta STEM ikasketetan (science, technology, engineering, mathematics) sakondu eta emakumeen presentzia indartzea helburu duten ekimenak.
Gizarte bazterkeriaren aurkako esparruari dagokionean, diputatu nagusiak azaldu du 2017ko diru-laguntza deialdian alor hau jorratu duen proiektu bat jarri zela martxan. Zehazki, bazterkeria egoeran edo jasateko arriskuan zeuden helduekin formakuntza eta enplegu prozesuak martxan jartzea bilatzen duen, eskualde mailan. Horretarako, gai honen inguruan lanean dabiltzan erakunde ezberdinen arteko koordinazioa hobetzea jartzen zuen jomuga. Planteamendu honek, esan bezala, bat egiten du Elkar-EKIN foru programaren lan lerroetako batekin. “Martxan jarri dugun elkarlaneko gobernantza ereduari jarraiki, sarean egin beharreko lana da gizarte bazterkeriaren aurkakoa. Horretarako, hobetu egin behar dugu gizarte zerbitzu, enplegu, enpresa eta hezkuntza zentroen arteko elkarlana, eta guztien inplikazio osoa lortu. Hortik dator aurtengo diru-laguntza deialdiari gehitu diogun lan lerro berri hau”, azaldu du Olanok.
2958