Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ekintzailetza aurreratua sustatzeko apustua indartuko du Aldundiak 2022an

Ekintzailetza aurreratua sustatzeko apustua indartuko du Aldundiak 2022an

Seed Gipuzkoa eta Biozientziak Gipuzkoa entitateen laguntza duen Deneb Medical biozientzien start up-aren proiektuak ezagutu dituzte Markel Olanok eta Jabier Larrañagak.

Markel Olano diputatu nagusiak eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak Deneb Medical enpresak Miramonen dituen instalazioak bisitatu dituzte gaur. Bertan, Juan Arregi eta Aritz Lazkoz start up teknologiko horren bazkide sortzaileen eskutik, enpresaren aurrerapenak eta etorkizuneko erronkak ezagutu ahal izan dituzte, eta, horrez gain, Aldundiak ekintzailetza teknologikoari eta, bereziki, biozientzien sektoreari laguntzeko dituen politikak kontrastatu dituzte.  Olanok adierazi duenez, “Deneb bezalako proiektuek islatzen duten ekintzailetza aurreratuak modu erabakigarrian laguntzen du gure ekonomia indartzen, ekonomia hori sektore estrategikoetan dibertsifikatuz eta kokatuz, eta etorkizuneko lehiakortasunaren eta ongizatearen oinarriak jarriz”; hori dela eta, konpromisoa hartu du “esparru horretara bideratutako baliabideak indartzeko” foru erakundea datorren urterako lantzen ari den aurrekontuetan. 

2015ean sortua, Deneb Medical enpresak laser teknologian oinarritutako kirurgia sistema robotiko bat garatu du, ehunak denbora errealean identifikatzeko gai dena, eta pazientearentzat hain inbaditzailea eta kaltegarria ez dena. Horrela, 2018. urtean, 700 enpresa baino gehiagoren artean hautatu zuten AEBetako Medtech Innovator Accelerator programan parte hartzeko; izan ere, herrialde horretan, kirurgia merkatuko eragile nagusiek oso harrera ona egin diote Deneb enpresaren teknologiari. Finantzaketari dagokionez, Europakoa (ETE-H2020 tresna), estatukoa eta pribatua lortu ditu.

Bisitaldian, Deneb Medical enpresako arduradunek azken proiektuen aurrerapenaren berri eman diete Aldundiko ordezkariei, zehazki, azken produktuaren garapenarena, balidazio-fasean baitago. Gainera,  azaroaren 15etik aurrera, Alemaniako Medica 21’ azokan parte hartuko duten Gipuzkoako 5 konpainietako bat izango da Deneb Medical. Azoka hori munduko gailu medikuen azokarik inportanteena da, eta 50 herrialde baino gehiagoko hainbat erakusle bilduko ditu, iaz pandemiak eragindako etetearen ondoren, aurten formatu presentziala berreskuratuko baitu. Lazkozek nabarmendu duenez, azokan parte hartzea lehen urratsa da sistema robotikoa, Atenea izenekoa, “erabiltzaileei eta bezeroei ezagutarazteko, eta aukera ona da ‘partner’ eta kolaboratzaileekin harremanetan berriz jartzeko, pandemiak hainbeste hilabete iraun ondoren”.

Biozientziak Gipuzkoa fundazioaren bitartez Aldundiak eta Kutxa Fundazioak babestutako biozientzien sektoreko 10 start up-etako bat da Deneb. Foru erakundeak Seed Gipuzkoa arrisku-kapitaleko sozietatearen bidez ere eman zion babesa konpainia horri; izan ere, Seed sozietatea Eusko Jaurlaritzarekin batera sortu zen lurraldeko enpresa berritzaile berriak merkatuetan sendotzen laguntzeko, bai kapitalaren zati bat eskuratuz, bai mailegu bihurgarriak emanez. Seed Gipuzkoa sozietatearen inbertsio osoa 1,3 milioi ingurukoa izan da azken urteotan, eta, Deneb enpresaz gain, enpresa hauek ere babesten ditu, besteak beste: Enigmedia – zibersegurtasuna –, Irisbond – ‘eyetracking’–, Multiverse – konputazio kuantikoa– eta Acuipharma – akuikulturarako medikamentuak –.

Ildo horretan, diputatu nagusiak finantzaketa aipatu du "Gipuzkoan sortzen diren ideiak, teknologiak eta ezagutza aurreratua enpresa-ekimen bideragarri bihurtzeko, merkatuan finkatzeko eta proiektuak eskalatzeko eta lehiakorrak izateko dimentsioa irabazteko" gako nagusietako bat bezala. Hori dela eta, Gipuzkoako ekosistema berritzaile eta ekintzailea indartuko duen inbertsio-industriaren sustapenean Aldundia egiten ari den lanaren garrantzia nabarmendu du. Ekosistema horrek lehiakortasuna indartzen du eta lurraldean enplegua eta aberastasuna sortzen laguntzen du ".

Txekintek laguntzak

Ildo beretik, Aldundiak hilabete honen amaieran bukatuko du oinarri teknologikoko enpresak eta/edo enpresa berritzaileak sortzeko laguntzen emakida, 1,4 milioi eurokoa –Txekintek-Barnetekin-. Dirulaguntza lerro horrek oinarri teknologikoko 37 enpresa sortzen lagundu zuen joan den urtean.  Gainera, Elkargiren lankidetzarekin, start up-ak finantzatzen laguntzen du urtero; enpresa berritzaile berriak eta nazioarteko azelerazio-programak sortzeko prozesuari laguntzen dio BIC Gipuzkoaren eskutik; eta RIS-3 europar estrategiarekin batera eta Etorkizuna Eraikizen barruan, erreferentziazko zentroak zabaltzen ari da zibersegurtasunaren, elektromugikortasunaren, gastronomia digitalaren eta zahartze osasuntsuaren sektoreetan, besteak beste; izan ere,  Aldundiaren helburuetako bat da ekintzailetza sustatzea.

  

3169