Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ekonomia eta gizarte politikari lotutako 6 proiektu aukeratu dituzte gipuzkoarrek Aurrekontu Irekietan

Ekonomia eta gizarte politikari lotutako 6 proiektu aukeratu dituzte gipuzkoarrek Aurrekontu Irekietan

7.000 lagunek hartu dute parte Herritarren Partaidetzako zuzendaritzak antolatzen duen ekimenean

7.000 lagunek hartu dute parte 2021eko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Aurrekontu Irekien prozesuan, otsailean hasi eta duela aste gutxi amaitu zena. Honen ondorioz, Gipuzkoako herritarrek sei proiektu aukeratu dituzte, ekonomia eta gizarte politikaren arloei lotutakoak: lehen enplegua, basoen kudeaketarako erakunde baten sorrera, alzheimerra dutenentzat psikoestimulazio tailerrak, klima aldaketaren inguruko erronkak, zaintzari balioa emateko proiektua eta herrietan formatu txikiko kultur ekitaldiak bultzatzeko laguntza lerroa. Guztira, milioi bat euro bideratuko dira hauetara. Eider Mendoza Gobernantza foru diputatuak prozesuaren balorazio positiboa egin du eta nabarmendu du emaitzek argi uzten dutela herritarren kezkak erakunde honek dituen lehentasunekin ondo lerrokatuta daudela: ekonomia sustapena, gizarte politika, klima aldaketa, gazteak… “Norabide berean jarraituko dugu lanean, gure lurraldearen etorkizuneko agenda garatzen eta etorkizuneko Gipuzkoaren oinarriak eraikitzen, guztion artean; aurrekontu Irekiak bezalako ekimenen bitartez, herritarrei hitza emanez”.

            Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Mikel Pagola Herritarren Partaidetza foru zuzendariarekin batera. Bertan eman dituzte 2021eko Aurrekontu Irekien ekimenari buruzko xehetasun guztiak. Gogoratu dutenez, otsailean hasi ziren jendaurreko ekimenak eta, orduan, 340.000 eskuorri buzoneatu ziren Gipuzkoako etxe guztietan, herritarrei sake librean eskainiz proposamenak egiteko aukera. Lehen fase horretan 2.371 proposamen jaso ziren, eta 2.363 pertsonek hartu zuten parte. Orduan jasotako ekarpenekin, 18 proiektu osatu ziren, eta horien artean aukeratu behar izan dute herritarrek. Ekainaren 30etik uztailaren 25era egin da bozketa fase hau, eta guztira, 4.782 herritarrek hartu dute parte, 4.025ek aurrez aurreko ekintzetan, eta 757 lagunek online bidez. “Hau da, bi faseak batuz, 7.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte prozesu honetan”, azaldu du foru arduradunak.

Bigarren fase honetan bozkatuen suertatu diren proiektuak izan dira Aurrekontu Irekien laguntza lerroaren bitartez finantzatuko direnak. Boto gehien lortu dituen ekimena Lehen enplegua izan da, 2.659 botorekin, eta 200.000 euro bideratuko dira egitasmo honetara. Proiektuaren helburua enpresei laguntzak eskaintzea da, lehen enpleguaren bila dabiltzan gazteak kontratatzeko, eta I+G+B (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) arloetan pertsona horiei zuzentzen den prestakuntza finantzatzea. Gazteei prestakuntza espezifikoa eskainiz gero, horiek berritzeko duten gaitasuna balia daiteke, berrikuntzara bideratutako profil bat sartzeko aukera emanez enpresari. “Ekonomia sustatzea gure lehentasuna den heinean, garrantzitsuak dira mota honetako proiektuak bultzatzea, are gehiago herritarren eskarietatik eratorrita datozenean”, esan du Mendozak.

Bigarren proiektu bozkatuena Gipuzkoako basoen kudeaketa integral eta iraunkorrerako erakunde bat sortzearena izan da. 2.259 boto jaso ditu, eta honek ere 200.000 euroko aurrekontua izango du. Mendozak azaldu duenez, ekimen honen bidez bilatzen dena da basoen abandonuari aurre egitea, Gipuzkoako paisaia zaintzea, basoa herritarren aisialdirako erabilgarriago egitea, ekonomia zirkularra bultzatzea, Gipuzkoan zura (0km eta lehengai berriztagarria) ekoiztea sustatzea, landaketa bateratua sustatzea eta CO2 xurgapena handitzea. “COVID-19aren krisiaren testuinguruan, beste garrantzia bat hartu du gure ingurune naturalak, eta erakunde honek modu nabarmenean lagunduko luke honen kontserbazioan”, esan du foru arduradunak.

Herritarrek aukeratutako hirugarren proiektua Alzheimerra diagnostikatu zaien pertsonentzako psikoestimulazio tailerra abian jartzearena da, Arrasaten egingo dena. 2.054 boto jaso ditu, eta 90.000 euroko aurrekontua duena. Ekimen honen oinarria da estimulazio kognitibo egoki batek Alzheimerra duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzen duenaren ideia. Honen ondotik, proiektu hori abian jartzeko, Gipuzkoako Alzheimerra duten Pertsonen Senideen eta Lagunen Elkarteak (AFAGI) lagunduko luke, eta beste eskualde batzuetan abian jarritako beste 7 tailerrekin bat egingo luke. “Gizarte politiken arloko proiektu interesgarria, Alzehimerra duten pertsonen ongizatea hobetzea helburu duena”, esan du Mendozak.

Laugarren postuan, Klimarekin konprometitutako herritarren erronkak izeneko proiektua kokatu da. 1.830 boto eskuratu ditu, eta 200.000 euroko aurrekontua izango du. Zehazki, herritarrei zuzendutako prestakuntza eta sentsibilizazio tailer batzuk diseinatu eta antolatuko lirateke. Klima-aldaketaren aurkako borrokaren arloko 7 erronketan lan egitea planteatzen da (energia, elikadura, ehungintza, ura, ekonomia zirkularra, mugikortasun iraunkorra eta biodibertsitatea), eguneroko ohiturak aldatzen laguntzeko, gure ingurunearen, gure udalerrien eta klimaren aldetik neutroa den Gipuzkoa baten mesedetan. “Pasa den urtean ere aukeratua suertatu zen proiektua, orduko hartan herritar konprometituen liga sortu zen. Abian dagoen proiektua da, eta honako ekimen proiektu hari jarraipena ematen dio”, gogoratu du Gobernantzako diputatuak.

            Bosgarren proiektua emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan kokatzen da: Gizartea eraldatzeko proiektua, zaintzari balioa emateko. 1.671 boto eskuratu ditu, eta 150.000 euroko aurrekontua izango du. Proiektu honen helburuak izango lirateke zaintzak gure bizitzan duen zeregina ikusaraztea eta sozialki neurtzea, zaintzak emakumeek jasaten duten desberdintasunean kolektiboki eta indibidualki duen eraginaz kontzientziatzeko, zaintza partekatzeko mekanismoak ikusarazteko eta ohitura sozialak aldatzeko jardunbide egokiak eskaintzeko. Azken batean, zaintzaren funtzio soziala ikusaraztea litzateke helburua, berdintasunerantz aurrera egiteko.

            Azkenik, seigarren proiektua kulturaren arloan kokatzen da eta, zehazki, herrietan formatu txikiko kultura-ekitaldiak antolatzeko laguntza lerro berri bat martxan jartzean datza. 1.537 boto eskuratu ditu ekimenak, eta 160.000 euro bideratuko dira bertara. Formatu txikiko kultura-ekitaldi hauek udalen ardurapean daude, eta udalerri txikietan zailtasunak dituzte ekitaldi horiek programatzeko eta finantzatzeko. Dirulaguntzen lerro berri horrekin (talde ez-profesionalen kontzertuak, formatu txikiko ikuskizunak, hitzaldiak, abesbatzak, etab.), kulturaren aldeko dinamika berriak sortuko lirateke eta kultura-sektoreko profesionalentzako lan-aukerak zabalduko lirateke. “Kultura munduan inpaktu oso positiboa izan dezakeela espero dugu”, esan du Mendozak.

 

Etorkizuna Eraikiz

Aurrekontu Irekien ekimena Etorkizuna Eraikiz foru programaren aterkipean kokatzen da. “Eta Etorkizuna Eraikiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur gaurkoz bultzatzen duen proiekturik interesgarri eta mamitsuena izango da. Politika egiteko modutan aldaketa bat egin nahi dugu Etorkizuna Eraikizen bitartez, administrazioa eta herritarren artean azken urtetan sortu den arrakala gainditu edo, behintzat, murrizteko. Horretarako, gobernantza eredu berri baten alde egiten ari gara: elkarlanekoa eta irekia”, azaldu du Mendozak.

            Gaineratu duenez, denon artean, gizarte antolatuari eta herritarrei hitza eman eta parte hartzeko bideak irekiz, Gipuzkoaren etorkizuna diseinatzen eta eraikitzen ari da Aldundia, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez: hausnarketa partekatu baten bitartez, biharko erronka eta desafioak identifikatzen dira eta, gero, behin arazoa identifikatuta, gaurtik hasten da esperimentazioaren bidez egiten den biharko arazo horiei erantzunak emateko lana. “Beste modu batera esanda, Etorkizuna Eraikiz berrikuntza ariketa erraldoi bat da, gure etorkizuna bermatzeko, eta guztion artean egiten ari garena”, esan du Mendozak.

Gauzak honela, foru diputatuak esan du “funtsezko erreminta” direla Aurrekontu Irekiak, herritarrei zuzen-zuzenean irekitzen baitie parte hartzeko bidea. Bere iritziz, arlo honi Aldundiak ematen dion garrantziaren lekuko da 2021 urtean ere ekimen hau mantendu izana. “Herritarren partaidetza kudeaketa publikoan txertatzeak herritarren erakundearekiko konfiantza sortzen laguntzen du. Izan ere, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, aniztasun soziala integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da”, esan du, pasa den legealditik Aurrekontu Irekien arloan egin den lanean jarriz azpimarra.

  

2593