Ekonomia Zirkularraren Nazioarteko I. Topaketa
Ekonomia Zirkularraren Nazioarteko I. Topaketa
Gipuzkoak birziklapenaren sektorea bikoiztu eta 10.000 enplegura iritsi nahi du 2030. urtean.
José Ignacio Asensio: “Gipuzkoak lankidetza publiko-pribatua sustatu behar du, Europan proiektuak aurkezteko eta 6.000 milioi euroko zuzkidura duen ekonomia zirkularreko paketearen funtsak eta finantzaketa lortzeko”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak Ekonomia Zirkularrari buruzko Nazioarteko I. Topaketa antolatu du, EuRIC Birziklatze Industrien Europako Konfederazioaren eta FER Berreskuratzearen eta Birziklatzearen Espainiako Federazioaren lankidetzarekin. Goizeko saioan, azpimarratu da ekonomia zirkularrak duen garrantzia ekonomia berdea bultzatzeko eta enplegua sortzeko, eta esperientziak trukatu dira nazioarteko ingurumen politiketan erreferente diren beste erregio, fundazio eta erakunde aditu batzuen artean.
Topaketan 200 profesional inguru bildu dira eta maila handiko adituen hitzaldiak entzuteko aukera izan dute, besteak beste honako hauenak: Pavel Misiga, Europako Batzordeko Ekoberrikuntza Unitateko burua; Emmanuel Katrakis, EuRICeko idazkaria; Ion Olaeta, Berreskuratzearen eta Birziklatzearen Espainiako Federazioko (FER) lehendakaria; eta Christophe Debien, Ekonomia Zirkularreko Frantziako Institutuko zuzendari nagusia. Arratsaldean, workshop saioak egin dira Adela Conchado ekonomia zirkularreko adituaren eskutik. Saio horietan parte hartzaileek modu pertsonalizatuan ezagutu dituzte zer onura lortuko duten beren enpresetan ekonomia zirkularra ezarriz gero.
Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eman dio hasiera biltzarrari. Honako hau esanez, “Gipuzkoak indargune handi bat du birziklatzearen alorrean, hain zuzen ere bere enpresa ekosistema sendoa eta hazkunde esponentzial handikoa, gure lurraldea ingurune erakargarri eta aukerez betetakoa bihurtzen duena birziklatzearen eta berrerabileraren sektorerako”. Era berean, adierazi du Gipuzkoak lankidetza publiko-pribatua bultzatu behar duela, Europan proiektuak aurkezteko eta 6.000 milioi euroko zuzkidura duen ekonomia zirkularreko paketearen funtsak eta finantzaketa lortzeko. “Gure helburua izango da birziklatzearen industria bikoiztea, zeinak une honetan 5.000 enplegu dituen eta 2030. urterako 10.000 lanpostura iristeko ahalmena duen”, adierazi du diputatuak.
Emmanuel Katrakisek, EuRICeko idazkariak, bere hitzaldian azpimarratu ditu ekonomia zirkularrak ekonomiarentzat eta enpleguarentzat dituen abantailak. Europako birziklatze industriak ekonomia zirkularra ahalbidetzen duela nabarmendu du. “Hondakinak lehengai bihurtzean, birziklatzea eraginkorra da baliabideen erabilerari dagokionez, baina baita klimari dagokionez ere”. Pavel Misigak, Europako Batzordeko Ekoberrikuntza Unitateko buruak, ezagutzera eman ditu ekonomia zirkularraren onurak: “Onurarik nabariena ekologikoa da, baina hortxe dago ere onura ekonomikoa eta enplegu sorrerarena”. Christophe Debienek, Ekonomia Zirkularreko Frantziako Institutuko zuzendari nagusiak, gai horretan Frantziak bizi duen egoeraren berri eman du: “Frantzian, ekonomia zirkularrera igarotzeko prozesua trantsizio energetikoaren lehentasunezko helburu gisa aitortuta dago ofizialki. Gaur egun, lege proiektu bat prestatzen ari dira, jarraibide horiek ezartzeko asmoz”.
Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioa
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Itziar Eizaguirre Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioko zuzendariak fundazioaren berri eman dute, zeina irailean hasi baitzen lanean ekonomia zirkularraren erronka aukera bihurtzeko helburuarekin.
Fundazioak hiru jarduera ardatz nagusi ditu: behatoki bat sortzea, berotze globalak gure lurraldean dituen eraginak neurtu eta aztertzeko; Ekonomia Zirkularra sustatzea, birziklatzearen industria eta ekonomia berdea bultzatuz; eta trantsizio energetikoa gauzatzea, energia berriztagarriak sustatuz.
José Ignacio Asensiok gogorarazi duenez, Europako Batzordeak 2018an onartutako ekonomia zirkularreko paketeak 6.000 milioi euro inguruko zuzkidura bat dauka, laguntzetan eta finantzaketan, eta Klima Aldaketaren Zentroak izango duen helburu nagusietako bat da Gipuzkoak aukera berri horietan parte hartzea. Era berean, hauxe adierazi du, “kontuan izan behar dugu, klima, ingurumen erronka ez ezik, aukera bat ere badela jasangarriagoa den garapen eredu berri bat garatzeko”.
1587