Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aurreikusitako aitorpen guztien %40 aurkeztu dira 2022ko Errenta kanpainaren lehen hiru astetan

Aurreikusitako aitorpen guztien %40 aurkeztu dira 2022ko Errenta kanpainaren lehen hiru astetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpainaren lehen 21 egunen balantzea eskaini du, eta ekimena “erritmo oso onean” doala azpimarratu du

2023/04/25
Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta foruko aldundiko Bozeramaila

Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta foruko aldundiko Bozeramaila


Gipuzkoako 2022ko Errenta kanpaina “erritmo oso onean” doa eta, lehen hiru astetan, kanpaina guztian zehar jasotzea aurreikusten diren aitorpenen %40 aurkeztu dituzte jada herritarrek. Foru Aldundiko bozeramaile den Eider Mendozak adierazi duenez, igandera arte 158.961 aitorpen jaso ditu Ogasunak, pasa den urtean kanpainako egun berdinera arte jaso zirenak baino 21.892 aitorpen gehiago (+%15,97 gehiago). “Kanpainaren altura hauetan, inoizko zifrarik altuena da”, nabarmendu du foru bozeramaileak. “Igoera hau azaldu daiteke, batetik, inoiz baino aitorpen gehiago espero direlako Errenta kanpaina honetan eta, bestetik, hauen emaitza zergadunen aldekoa delako 10etik 7tan”, osatu du.

Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Gogoratu duenez, 2022ko Errenta kanpainak hiru aste egin zituen martxan, eta orain arteko datuen errepasoa egin dute Kontseiluan. Gogoratu duenez, Errenta kanpaina honetan 339,3 milioi euro itzuliko zaizkie herritarrei, eta 278 milioi jasoko ditu foru administrazioak. Itzulketa horien artean, nabarmentzekoak dira inflazioari aurre egiteko hartu diren neurriek izango duten eragina: familien mesedetan hartu diren neurriek (deflaktazioa eta 200 euroko kenkaria) 102,3 milioi euroko eragina izango dute, eta autonomoei laguntzea helburu duten neurriak 16,7 milioi euroko eragina. Hau guztia kontutan hartuta, kanpainaren saldoa -61,2 milioi eurokoa izango dela aurreikusten da, aipatutako laguntzen eraginez pasa den urteko emaitza 65,2 milioitan okertuz.

Modalitateei erreparatuta, hazkundeak alor guztietan daude, baina batez ere bide telematikoetan jazotzen ari den hazkundean jarri du azpimarra foru arduradunak. “Pandemian asko igo zen modalitate hau, eta igoera horiek egonkortu eta hazten jarraitzen dutela ikustea oso berri ona, herritarrentzat modurik erosoena baita. Administrazio bezala, herritarrei erraztasunak ematea eta desburokratizazioa gure lehentasunen artean daude, eta bide hau norabide horretan doa”, azaldu du Mendozak. Modalitate honetatik, orain arte, 11.326 aitorpen jaso ditu Ogasunak, pasa den urtean data berean baino 2.902 gehiago; hau da, %34,45eko hazkundea. Onartu diren aitorpenen %69 internetez egin dira, eta gainerakoak telefono bidez.

Bestalde, hazkunde esanguratsua jazo da baita ere Ogasunak herritarrei etxera edo posta elektroniko bidez bidaltzen dizkien proposamenetan. Orain arte, 139.427 aitorpen aurkeztu dira bide honetatik, pasa den urtean baino 17.999 gehiago (+%14,82). Kanpaina honetan, guztira, 269.344 autolikidazioa proposamen bidali ditu Ogasunak eta, ondorioz, prestatutako proposamenen %51,7 onartuak izan dira kanpainaren lehen hiru astetan. “Hemen, nabarmendu beharra dago pasa den urtean baino 13.000 proposamen gehiago prestatu dituela, eta hortik datorrela hazkundearen zergatiaren zati bat”, adierazi du foru arduradunak.

Azkenik, hirugarren modalitatea mekanizatua edo aurrez aurrekoa da, Ogasunak lurraldean zehar dituen bulegoetan egiten dena. Orain arte, 8.208 aitorpen jaso ditu zerga administrazioak bide honetatik, pasa den urtean data berean baino 991 gehiago (+%13,73). Modalitate honetan, 11 arreta bulego ditu Ogasunak lurraldeko 9 udalerritan, eta 120 pertsonako lan taldea dago zerbitzu honetan. Guztira, hauek barne hartuta eta modalitate guztien artean, 200 laguneko lan taldea ari da lanean 2022ko Errenta kanpainan. “Orain arte txalotzeko lana ari dira egiten, eta konfiantza osoa dugu datozen asteetan berdin jarraituko dutela”, txalotu du Mendozak.

 

Landa-lurzoruen digitalizazioa

Bestalde, Kontseiluak gaur onartu du 300.000 euro bideratzea Gipuzkoako udalei beren udalerriko landa-lurzoruko lurzatiak mugatzeko. “Deialdi hau 2021 urtean egin genuen lehen aldiz, eta aurtengoa hirugarren deialdia da”, esan du Mendozak. Honen eskutik, Foru Aldundiaren laguntzarekin, lursailen kartografia digitala ahalbidetu nahi da. Ataun, Olaberria, Orexa, Mendaro, Zumarraga, Azkoitia, Abaltzisketa, Legazpi eta Zegama dira lan horiek egiten ari diren lehenengo udalerriak, eta Foru Aldundiak gastuen erdia hartzen du bere gain.

Foru bozeramaileak azaldu duenez, urtero ematen duten laguntza honen bidez, Aldundiak hamarkada bateko epean lortu nahi du Gipuzkoako landa lur guztien kokapenak GPS bidez geoerreferentziatuta egotea. Gaineratu duenez, ekimen instituzional aitzindaria da, bai EAEn, bai estatuan. “Arazoa da askotan ez dakigula lursailak non hasten eta amaitzen diren. Informazioa galdu egiten da belaunaldi batetik bestera, eta katastroan dagoena, udaletan dagoena edo jabeek dutena ez da beti bat etortzen. Prozesu hau amaitzen dugunean, informazio guztia ordenatuta, adostuta eta euskarri digitalean jasota izango dugu”, adierazi du.

  

2417