Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Adinberriren aurtengo dirulaguntza deialdia onartu du Kontseiluak, 2 milioi euroko zuzkidura duena

Adinberriren aurtengo dirulaguntza deialdia onartu du Kontseiluak, 2 milioi euroko zuzkidura duena

Silver Economyko aukera berriak sustatzea eta arreta eta zaintza arloetan berritzaileak diren proiektuak bultzatzea du helburu ekimenak.

Eider Mendoza foru bozeramailea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du zahartze aktiboaren, osasungarriaren eta zentzua eta esanahia duten erronkak, eta adinekoentzako arretaren eta zaintzaren hobekuntza bultzatzea helburu duten dirulaguntza deialdia. Adinberriren aterkipean kokatzen da laguntza lerroa, eta foru erakundeak bi milioi euro bideratu ditu ekimen honetara. Laguntza lerroak bi azpilerro ditu, bakoitza milioi bat euroko zuzkidurarekin: batetik, Silver Economy-ren esparruan negozio-aukera berriak edo produktuen eta zerbitzuen “Silverizazioa” sustatzea; eta bestetik, prebentzioa eta adinekoen arreta eta zaintza hobetzea helburu duten berrikuntza sozialeko, soziosanitarioko edo teknologikoko proiektuak garatzea.

          Eider Mendoza foru bozeramaileak eman du neurriaren berri, gaur goizean egin duen Diputatuen Kontseilu osteko agerraldian. Bertan gogoratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bidez, gure lurraldearen funtsezko erronkei erantzutea sustatzen du, gizartearekin lankidetzan. “Funtsezko erronketako bat da eraldaketa demografikoaren erronkari erantzutea. Eta, horregatik, Adinberri estrategiaren bidez, adinekoen bizi-kalitatea bermatzeko lan egiten da, zahartze aktibo, osasungarri eta zentzua eta esanahia dituena, eta bizi-proiektu oso bat garatzeko sustatuz. Beraz, zeharkako estrategia bat da, hainbat interes taldetara bideratua eta hura hedatzeko beharrezkoak diren elementuetan oinarritua, eta Foru Aldundi osoa inplikatzen duena”, adierazi du.

Mendozak nabarmendu duenez, Gipuzkoako bilakaera demografikoa bera, eta zahartze aktiboaren, osasungarriaren eta zentzuaren eta esanahiaren aldeko apustua, bai eta bizi-proiektu oso bat garatzeko apustua ere, aukeraz betetako erronka da. “Horri erantzun behar zaio, eta Gipuzkoan Adinberri estrategiaren bidez garatzen ari da”, esan du. Gaineratu duenez, gaur onartutako deialdiaren xedea da espezializazio adimenduna (RIS3) indartzea Gipuzkoako lurraldean, eta guztiz erantzutea Zahartze Osasuntsua zeharkako ekimen eragileari. “Ildo horretan, lotuta dago zahartzearekin lotutako erronkekin, bai eta Gipuzkoako Zilarrezko Ekonomiaren esparruan identifikatutako aukera-eremuekin ere: etxea eta bizi-luzerarako ingurunea, arreta eta zaintza eredu berriak, osasunaren prebentzioa eta sustapena, zahartze osasungarria eta adinekoen zahartze aktiboa”, azaldu du.

Honela, Adinberriren laguntza lerro honekin jarduera ekonomikorako eta enplegurako aukerak sortu nahi dira, garatu ahal eta garatu behar direnak enpresa jardueraren ikuspegitik, teknologia eta berrikuntza integratuz. “Helburua da pertsonen ezaugarrien aniztasuna kontuan hartzen duten premia eta eskaera berriak asetzea eta betetzea, gizarte-balioa sortuz”, esan du. Bere ustez, ondo zahartzeko produktu eta zerbitzu espezifikoek, bai eremu pribatuan, bai publikoan, asko lagun dezakete zahartze aktibo eta osasungarria, bizitza autonomoa. “Horrek bere baitan hartzen du, hasi produktuak eta zerbitzuak ekonomiaren sektore guztietara egokitu eta integratzetik, eta adinekoen bizitza autonomoa babesten duten teknologia aurreratuak hobetutako sistema integratuak sartzeraino. Jarduera horiek garatzeak lan aukera berri garrantzitsuak ere ekar ditzake, bai epe ertainean, bai luzean, eta intentsiboak, bai teknologian, bai enpleguan”, azpimarratu du, berretsiz hau guztia bultzatzea dela dirulaguntza lerro honen helburua.

Eraikuntzaren digitalizazioa

Bestalde, Gipuzkoan eraikuntza-sektorearen eraldaketa digitala bultzatzeko ‘Gipuzkoa Digitala: Eraikuntza’ dirulaguntza programaren 2022ko deialdia onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak. Lerro honek 331.790 euroko aurrekontua du, eta deialdia aurten egingo da aurrenekoz. “Sektore honetan eragile ekonomiko gehienak tamaina txikia dute, eta digitalizatzeko zailtasunak dituzte. Horregatik, eta sektoreko eragile adierazgarriekin lankidetzan, Ekonomia Sustapeneko departamentuak diseinatu du Gipuzkoako eraikuntzaren sektoreko balio-kateko enpresen eraldaketa digitala bultzatzeko dirulaguntza lerro hau”, azaldu du Mendozak.

Foru arduradunak adierazi duenez, gaur egun, enpresen eraldaketa funtsezko kontzeptu baten bidez gertatzen da: digitalizazioa. “Eraldaketa digitalak negozioen kudeaketa errotik aldatzen du, lehiakortasuna hobetzeko aukera berriak sortuz, eta aldaketa kudeatzeko eta balio erantsi berria sortzeko gaitasun handiagoa eskainiz. Eraldaketa digitalak dakarren erronka teknologikoaren eta antolaketa-erronkaren garrantzia eta, enpleguari eta lehiakortasunari dagokienez, erronka horri irmotasunez heltzeak duen eragina berresteko ari da lanean Aldundia”, nabarmendu du.

Bestalde, foru bozeramaileak esan du eraikuntza sektore garrantzitsua dela Gipuzkoako ekonomian, bai enpleguari dagokionez, baita BPGri egiten dion ekarpenagatik ere. “Oro har, intentsitate teknologiko txikia du eta industriarena baino askoz txikiagoa den enpresa-tamaina”, esan du. “Beraz, argi dago eraikuntzaren sektorea ahula dela, batez besteko tamaina txikia dela eta; beraz, antzeman daiteke zailtasunak daudela laguntzarik gabe teknologia- eta antolaketa-aldaketa bati aurre egiteko, negozioak digitalizatzeak horiek baitakartza”, gaineratu du, dirulaguntza lerro hau martxan jartzearen arrazoia laburbilduz.

Euskaraldia

Euskaraldirako izen ematea zabalik dagoen honetan, Diputatuen Kontseiluak erabaki du arigune iraunkor gisa lan egingo duela urte osoan zehar. Hau da, Euskaraldiak proposatutako ariketa urte osoan zehar mantentzea ebatzi dute –beraz, aurtengo edizioak irauten duen bitartean eta aurrerantzean ere bai–, beren bileretan euskararen erabilera lehenesteko ohitura berretsiz eta indartuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kontseiluak euskaraz garatzen du bere jarduna eta hartu-emana azken urteotan, diputatu bakoitzaren ahobizi nahiz belarriprest izaera errespetatuz. 2020ko edizioan arigune gisa parte hartu zuen Euskaraldian eta orduko ariketa kolektiboa lagungarri suertatu zen hizkuntza ohitura horiek finkatzeko. Horregatik, oraingo honetan pauso bat gehiago eman eta bere burua arigune iraunkor izendatzeko erabakia hartu du diputatuen kontseiluak.

Euskaraldiaren bigarren edizioan, 2020an, 190 arigune eratu ziren Gipuzkoako Foru Aldundian, zeinetan parte hartu zuten 1.140 langilek. Une hauetan azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte egingo den ariketa prestatzen dihardu Aldundiak, ariguneetako ordezkariei formazioa eskainiz eta aurtengo ediziorako erronkak finkatuz.

  

5120