Diputatuen Kontseiluak oniritzia eman dio 7 lan ildo espezifiko dituen diru-laguntzen programari.
Diputatuen Kontseiluak oniritzia eman dio 7 lan ildo espezifiko dituen diru-laguntzen programari.
3,49 milioi bideratuko ditu Aldundiak ekonomia sarearen lehiakortasuna eta eraldaketa indartzeko
Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako enpresa-sarean aukerak, balio diferentziala eta iraunkortasuna sustatzeko laguntza ekonomikoen programa onartu du gaur. Programa horretara 3.498.830 euro bideratuko dira aurten, eta, besteak beste, ETEak, enpresa-elkarteak eta lurraldeko klusterrak baliatu ahal izango dira. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak nabarmendu duenez, programak 7 lan ildo ditu, eta horien bidez, Aldundiak “sare ekonomikoaren eraldaketa, dibertsifikazioa eta, horrekin batera, lehiakortasuna bultzatzen jarraitu nahi du. Egungoa bezalako ziurgabetasun une honetan, non enpresak egunerokoa aurrera ateratzen oso zentratuta dauden, babestu egin nahi ditugu, hobekuntza-proiektuak lantzen, eta etorkizunean ekonomia indartsua izaten jarraitzeko ahalbidetuko duten aukera berriak aztertzen jarraitu ahal izan dezaten. Bereziki ETEei, horiek baitira gure enpresa-sarearen oinarria, eta arreta berezia jarriz industria-sektorean eta industriari lotutako zerbitzuetan”.
Larrañagak Eider Mendoza foru bozeramailearekin batera egin du agerraldia laguntzen berri emateko, eta laguntzen izaera eraldatzailea azpimarratu du, Etorkizuna Eraikiz ereduaren ildoarekin bat datorrena. “Programa honekin laguntzen ditugun proiektuek esperimentazio eta ikaskuntza kolektiboko osagai garrantzitsua dute. Balio handiko metodologia eta tresna berriak lortzeko aukera ematen digute, gure enpresa txikiak etorkizunerako prest egon daitezen, gero eta testuinguru aldakor eta zorrotzagoan. Eta kalitatezko, ongizateko eta aberastasuneko enplegua modu jasangarrian sortzen jarrai dezaten”. Iaz, deialdi honen eskutik 132 proiektu babestu ziren, guztira 176 enpresa eta eragile desberdinek garatutakoak.
Diputatuak “funtsezkotzat” jo du enpresa txikiak “ eraldaketarako bidean atzean ez geratzea”, eta esan du, horretarako, beharrezkoa dela “baliabideak izatea, egungo zailtasunei aurre egiteaz gain, epe luzeko ikuspegia duten proiektuak garatu ahal izateko”. Helburu horrekin, eragile onuradunek aldez aurretik jaso ahal izango dute dagokion diru-laguntzaren % 60. Deialdiaren informazio guztia eskuragarri egongo da Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailaren webgunean: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia. Eskabideak, berriz, http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa helbidean aurkeztu beharko dira. Horiek aurkezteko epea GAOren iragarkian zehaztuko da, oinarri guztiekin batera.
Zuzkidura handiena duen lerroa aukerak eta gaitasunak balio-eremu bihurtzera bideratutakoa da, eta 1.400.000 euro erabiliko dira horretarako. Babestutako jardueren artean daude, besteak beste, barne-ekintzailetzarekin, ingurumen-ikuspegiarekin (egungo gaitasunak ustiatzea, eta, aldi berean, etorkizuneko garapenerako aukera berriak aztertzea), negozio-aukera berriak sortzeko prospektibarekin eta aurrerapenarekin, funtsezko gaitasunekin, serbitizazioarekin eta Gipuzkoako ekoizpen-jardueren itzulerarekin (Reshoring) loturikoak. Lehen ildo horretan, lehentasuna emango zaie enpresen eskaintza dibertsifikatu eta balio-katean birkokatzen dituzten proiektuei, eta ekonomia zirkularrarekin, industria aurreratuarekin, biozientziak-osasunarekin eta ekonomia sortzailearekin zerikusia dutenei.
Halaber, 350.000 euro aurreikusten dira enpresa-jardueraren jarraipena bultzatzen duten proiektuak finantzatzeko, eta 260.000 euro enpresen arteko lankidetza sustatzeko. Lehenengo lerroaren helburua da enpresaren ondorengotza eta/edo transmisioa planifikatzen laguntzea, enpresa-transmisioko prozesuak garatzea eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzea, hausnarketa estrategikoko prozesuak erraztuz. "Enpresa bat sortu eta hazi ondoren, haren transmisioa bere bizi-zikloaren funtsezko hirugarren fasea da, eta funtsezkoa sustraitzea bermatzeko", adierazi du Larrañagak.
Bigarren lerroari dagokionez, enpresa-lankidetzako ereduen diseinua eta aplikazioa, enpresa-dimentsio berrien artikulazioa, edo lankidetzan aritzen diren enpresen lehiakortasun eta iraunkortasun handiagoa ekarriko duten lankidetza-proiektuen garapena sustatuko ditu. Kasu horretan, lehentasuna emango zaie sektore desberdinen hibridazioaren ondorio diren proiektuei, gutxienez 30 pertsona batera hartzen dituzten enpresak barnean hartzen dituztenak eta enpresen arteko lankidetza-prozesu berriak sorrarazten dituztenak. “Gero eta konplexuagoa eta interkonektatuagoa den egoera baten aurrean, enpresa desberdinen arteko gaitasunak eta ezagutza batuz erantzun behar dugu, are gehiago gurea bezalako ehun ekonomiko batean, batez ere ETEez osatua. Gure enpresa-proiektuek tamaina irabazteko aukerak landu behar ditugu, hori baita gure erronketako bat”, gogorarazi du.
Jasangarritasuna
Jasangarritasuna, ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, programaren beste printzipio nagusietako bat da, enpresa balio ekonomiko eta soziala sortzen duen eragile gisa ulertuta, komunitatearekin batera, eta etorkizuneko erronkekin konprometituta. Horrela, 700.000 euro bideratuko dira ekonomia zirkularra enpresa-jardueraren balio-kate osoan integratzeko, 250.000 sormen-ekonomia balioztatzeko eta horri lotutako proiektu berriak bultzatzeko, eta 300.000 euro Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) sustatzen dituzten proiektuak finantzatzeko.
Larrañagak nabarmendu duenez, ekonomia zirkularrak “ahalmen izugarria du hazkundea eta iraunkortasuna uztartuz garapen-aukera berriak sortzeko, eta Europak lehentasunezko eremu gisa ezarri duen trantsizio ekologikoaren zutabeetako bat da. Gipuzkoa berdeagoa eta lehiakorragoa eraikitzeko funtsezko apustua da”. Hala, Gipuzkoako enpresaren ezaugarrietara, beharretara eta aukeretara egokitutako estrategiak diseinatzen lagunduko du deialdiak, baita enpresen eta beste eragile batzuen arteko lankidetza, aukera-nitxoak identifikatzea, negozio-ereduak ekonomia zirkularrerantz bideratzea, bioekonomiaren enpresa-bideragarritasuna, edo balio erantsiko negozioen eta jardunbide egokien modelizazioa ere. Aipatutako hirugarren ildoari dagokionez, honako helburu hauek ditu: Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) jarduera ekonomikoan txertatzea, enpresek gizartearekin eta lurraldearekin duten erantzunkidetasuna bultzatzea, edo negozio-eredu inklusiboak antolatzea.
Azkenik, 248.830 euroko aurrekontua duen azken lerroak Gipuzkoako ekosistema sozioekonomikoan ezagutza sustatu, sortu, transferitu eta partekatzea du helburu. Kasu horretan, honako hauek izango dira erakunde onuradunak: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikerketa-zentroak, enpresa-elkarteak eta/edo klusterrak, eta zerbitzu aurreratu espezializatuetako enpresak. Horrela, gaur aurkeztutako programaren ekintza-eremuei lotutako funtsezko ikerketako, industriako edo garapen esperimentaleko proiektuak finantzatuko dira: balio erantsia sortzeko aukeraa, jarduera ekonomikoaren jarraipena, enpresen arteko lankidetza, ekonomia zirkularra, ekonomia sortzailea eta garapen iraunkorra/GJH. Enplegu-sorgune berriekin lotutako ikerketa-proiektuak ere aurkeztu ahal izango dira. "I+G+b proiektuak bultzatu nahi ditugu, lehiakortasunaren esparruan ezagutza eta metodologia arrakastatsuak sortzeko aukera emango digutenak, eta enpresa-praktika on horiek zabaldu, trantsizio digital, ingurumeneko eta sozial handiek sortuko dituzten aukerak aprobetxatuz", ondorioztatu du.
Herritarren kontsultak
Bestalde, gaurko Kontseiluan landu den beste gaia herritarrek Gipuzkoako Foru Aldundian pasa den urtean aurkeztu zituzten kontsulta eta iradokizunena da. Arlo honetan jasotako eskariak urtetxo txostenean jaso dira eta, horretarako, alde batetik foru Aldundiaren kontsultak, kexak eta iradokizunak kudeatzeko aplikazioa (Gertubide) eta, bestetik, departamentuek egindako jarraipen txostenak erabili dira. “Datuek adierazten dutena da urtetik urtera, gero eta kontsulta gehiago jasotzen ditugula. Honekin ondorioztatu daitekeena da, administrazioarekin harremanetan jartzerako orduan kanal berriak ireki eta daudenak erraztearen aldeko ahalegina fruituak ematen ari dela”, adierazi du Mendoza bozeramaileak.
Datuak xehatuz gero, 2021 urtean 4.735 kontsulta eta iradokizun jaso zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gehienak kontsultak izan ziren, 3.570 izan baitziren guztira. “Urtero hala izan ohi dira, interakzioen % 75 inguru. Mantentzen den ehunekoa da serie osoan”, argitu du Mendozak, gaineratuz aurreko urtearekiko hazkundea nabarmena dela: 384 interakzio gehiago jaso ziren 2021en, 2020 urtean baino (+%8,8). “Nabarmentzekoa, baita ere, azken bost urtetan bikoizte egin dela interakzioen zifra. Urtetik urtera hazteko tendentzia mantentzen da, hazkunde sostengatua ari gara izaten”, azaldu du. Departamentuka begiratuta, Ogasuna da gehien dituena interakzio guztien %60 baititu.
Eskaera hauei ematen zaion erantzunaren kasuan, kontsulten %96 eta iradokizun eta kexen %88 epe barruan erantzuten dira. “Urte arteko aldaketa txikiak kenduta, ehuneko hauek ere egonkor mantentzen dira azken urteetan, baina 2021ekoak azken urteetako onenak dira”, azaldu du foru arduradunak. Araudi eskuan, 30 egun baliodunetan erantzuteko beharra du Aldundiak; gutxi gora behera, 42 egun natural dira hauek. 2021 urtean, kontsultak 19,1 egun naturaletan erantzun ziren, eta iradokizuna 29,4 egun naturaletan. “ Beraz, biak ala biak, bataz besteko datu onak dira”, nabarmendu du Eider Mendozak.
“Erakunde bezala, ahalegin garrantzitsua ari gara egiten, gure erakundea modernizatu eta aurrerabidean jarraitzeko. Estrategia honetan, herritarrek gugana jotzeko dituzten bideak hobetzen eta zabaltzen jarraitzea gure lehentasunen artean dago”, azpimarratu du. Bere ustez, gaur aurkeztu diren datuak norabide horretan aurrerapausoak ematen ari direla uzten dute agerian: “Gero eta gehiago jotzen dute herritarrek gugana, eta hori ona dela deritzogu, guri ere hobetzen jarraitzea ahalbidetzen digutelako”. Amaitzeko, foru arduradunak azken ideia bat azpimarratu du: “Ateak eta leihoak zabalik dituen Aldundia izan nahi dugu, eta zentzu honetan hobekuntzak egiteko konpromisoa berresten dugu”.
Egoitzetako partea
Azkenik, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 166 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 23 gehiago), 19 egoitza ezberdinetan. Kasu hauetatik, 31 lagun daude erreferentzia zentroetan. Pasa den astetik hona, 5 egoiliar zendu dira, 104 sendatu eta 122 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren 29tik hona, 59 egoiliar hil dira, eta 2.688 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 61 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 14 gehiago) 26 egoitza ezberdinetan.
2943