Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Kontseiluak hutsik utzi du Adinberri zentroaren obren kontratazio prozedura

Kontseiluak hutsik utzi du Adinberri zentroaren obren kontratazio prozedura

Emakumeen parte hartze soziala sustatzeko elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzen datorren urteko deialdia ere onartu du Foru Aldundiak.

2022/11/15

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Adinberri zentroari dagozkion obrak kontratatzeko prozedura esleitu gabe uztea onartu du gaur. Pasaian kokatuko den zentro honen obra kontratatzeko espedientea aurtengo apirilean onartu zen, eta uda baino lehen esleitu. Hala ere, enpresa esleipendunak lizitazioan aurkeztutako proposamena erretiratzea erabaki du, ez baita ekonomikoki bideragarria eskaintzari eustea, azken hilabeteetako prezioen gorakada dela eta. Aldundia dagoeneko lanean ari da obren lizitazio berri bat egiteko, prezio eguneratuekin. Lizitazio berri hori datozen asteetan onartzea aurreikusten da, eta horrek ekarriko du zentroa eraikitzeko egutegia berritzea, beste sei hilabetez luzatuz.

Eider Mendoza foru bozeramaileak proiektu honen garrantzia azpimarratu du, eta datozen urteetan lurraldean gauzatuko den proiekturik garrantzitsuenetako bat izango dela gogorarazi du. “Aldundiak proiektuarekin erabat konprometituta jarraitzen du. Honen baitan, eraikin multzo bat eraikiko da. Konplexu horrek, besteak beste, adinekoen egoitza berritzaile bat, eguneko zentro bat, tutoretzapeko apartamentu batzuk, zahartzeari lotutako I+G unitate bat eta lurpeko aparkaleku bat izango ditu. Multzo horrek beste bultzada bat emango dio Pasaialdearen biziberritzeari, zuzeneko eta zeharkako 400 lanpostu inguru sortzea aurreikusten baitu, eta udalerria Gipuzkoan ezartzen ari den zainketa eredu berriaren erreferentzia nagusi bihurtuko du”, azaldu du.

Berdintasunerako dirulaguntzak

Bestalde, Kontseiluak argi berdea eman dio emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuentzako dirulaguntzen datorren urteko deialdiari, elkartegintza sustatzeko eta emakumeen parte-hartze soziala bultzatzeko. Aurreko urteetan bezala, dirulaguntzen bi ildo espezifiko aurreikusten dira, elkartekideentzat egindako ohiko jardueren arabera: batetik elkarteen barne-prozesuak bultzatzeko eta, bestetik, oro har, gizarteari edo kalteberatasun handiagoa duten emakumeen berariazko kolektiboei zuzendutako proiektuak, lurraldeko emakumeentzako proiektu estrategikoak bultzatzeko. Guztira, 410.000 euro bideratu dira dirulaguntza deialdi honetara.

Foru bozeramaileak gogorarazi duenez, foru erakundearen helburu estrategiko nagusia ahalik eta desberdintasun sozial, linguistiko eta genero maila txikienak dituen lurralde bat eraikitzea da, eta ahalegin horretan funtsezko zeregina du lurraldeko gizarte antolatuak, gogoratuz hari zuzenduta dagoela hain zuzen ere laguntza lerro hau. Azaldu duenez, Aldundiak 2008an jarri zuen abian laguntzen deialdi hau, eta ordutik urtero onartu dira. Era berean, datorren urteko deialdia aurten onartzearen helburua deialdira aurkezteko asmoa duten emakume-elkarteei tarte handiagoa ematea dela azaldu du.

“Zorionez, Gipuzkoan emakumeen mugimendu oso indartsua dugu, elkarte sare ugaria eta dinamikoa”, azaldu du Mendozak. Ildo horretan, azpimarratu du emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean urratsak ematen jarraitzeko ezinbestekoa dela gizarte-aberastasun hori izatea, eta, horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa berritu du emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko lanaren esparrua indartzen jarraitzeko.

  

2879