Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak ingurumen hezkuntzako BizitzEKO! kanpaina aurkeztu du

Ingurumeneko Departamentuak ingurumen hezkuntzako BizitzEKO! kanpaina aurkeztu du

Asensio: "Gure erantzukizuna da haurrei ohitura jasangarriak eskuratzen laguntzea"

2017/11/22

Jose Ignacio Asensio: “Ziur gaude txikitan eskuratzen ditugun balioak direla pertsona helduak garenean izango ditugunak, eta gure erantzukizuna da haurrei ohitura jasangarriak eskuratzen laguntzea".

Ingurumeneko Departamentuak ekimen bat antolatu du Tolosako Ekinbide Etxearekin elkarlanean, haurren artean hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklatzea sustatzeko.

Igandean, goizeko 11:00etan jarriko da abian BizitzEKO! tailerra Tolosako Topic-en. Haurrek “Hondakinen erreinua” ezagutu, eta bideo bat ikusiko dute. Horrez gain, ikastetxeetan on-line tailerrak emango dira.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko Diputatuak BizitzEKO! ingurumen hezkuntzako kanpaina aurkeztu du gaur, Idoya Otegui Topic-eko eta Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiko zuzendariarekin batera. Jarduera hori Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren eta Ingurumeneko Departamentuak antolatutako Hondakinen Prebentziorako Europar Astearen barruan kokatzen da. 

Azaroaren 26an, igandean, goizeko 11:00etan jarriko da abian BizitzEKO! tailerra Tolosako Topic-en. Tailerra 6 urtetik aurrerako umeei zuzendua dago. Haurrek aukera izango dute gizarteak sortzen dituen hondakinei buruzko hausnarketa egiteko eta arazoaren aurrean jarrera konstruktibo bat lortzeko lan egiteko, naturari egiten diogun kalteaz jabetuta.

Jose Ignacio Asensiok azaldu du tailerraren helburua dela haurren artean hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklatzea sustatzea. “Ziur gaude txikitan eskuratzen ditugun balioak direla pertsona helduak garenean izango ditugunak, eta gure erantzukizuna da haurrei ohitura jasangarriak eskuratzen laguntzea", adierazi du Diputatuak.

Lehengo eta behin, umeek Topic-eko arkupeetan dauden "Hondakinen erreinua" ikusiko dute. Ibilbidean zehar, lau erreinu ezagutuko dituzte: paperaren erreinua, plastikoena, errefusarena eta organikoarena. Erreinu horiek hondakinez eginda daude, eta horiei esker, ikasiko dute non bota behar den zabor mota bakoitza. Topic-en sartu ondoren, bideo bat ikusiko dute; bertan, Marionak, Topic-eko txotxongilo anfitrioiak, murrizketari, berrerabilpenari eta birziklatzeari buruzko argibideak emango dizkie. Jarduera bukatu eta gero, ikastetxeek lanean jarraitu ahal izango dute ikastetxeetan emango den on-line tailer baten bidez. 

  

1743