Ingurumen Departamentuak lurraldeko energia-segurtasuna indartuko duten neurriak aurkeztu ditu
Ingurumen Departamentuak lurraldeko energia-segurtasuna indartuko duten neurriak aurkeztu ditu
Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea bildu da gaur goizean, trantsizio energetikorako neurriak aurkezteko eta Gipuzkoako lurraldearen jarraipen energetikoa indartzeko.
Gaur goizean Jasangarritasun Energetikorako Foru Batzordearen bilera egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentua buru dela. Saio honetan, Ingurumen Departamentuak lurraldeko energia-segurtasuna bermatzeko administrazioei, industriari eta herritarrei zuzendutako neurriak aurkeztu ditu.
Neurri hauen helburua da Europan gaur egun bizi dugun krisi energetikoaren ondorioz sortutako beharrei erantzutea, energia-kontsumoa murrizten eta energia-eraginkortasuna hobetzea, energia berriztagarrietarako trantsizioa azkartzen eta autokontsumoa sustatzen lagunduko duten hainbat neurri ezartzea proposatuz.
Honi dagokionez, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez, “ezinbestekoa da energia aurreztea eta energia-eraginkortasuna hobetzea sektore publikoan, pribatuan eta bizitegietan. Era berean, beharrezkoa da energia berriztagarrietarako trantsizioa erraztea eta lurraldearen autohornidura sustatzea. Halaber, beharrezkoa da gizartea jasangarritasun energetikoaren inguruan sentsibilizatzea eta kalteberatasun energetikotik babestea”.
Gipuzkoako barne kontsumo gordinak beheranzko joeran jarraitzen du, eta % 18,5eko murrizketa lortu zuen 2021ean, 2010eko datuekin alderatuta. Energia primarioaren ekoizpenari dagokionez, % 17,8ko igoera izan da 2020tik, eta % 26ko igoera 2010etik. Gainera, 2021ean, balorizazio energetikoari esker, Gipuzkoan ekoizten den energia guztiaren % 13,4 sortu da, Zubietako Ingurumen Guneko instalazioetatik datorrena.
Gipuzkoak elektrikoki kanpoarekiko mendekotasun handia duen erkidegoa izaten jarraitzen du. Azken energia-kontsumoari dagokionez, pixkanaka jaitsi da. 2021ean, 2019an izandako beherakada % 6,5ekoa izan zen, eta batez ere petrolioaren eta deribatuen kontsumoaren murrizketak eragin zuen.
Trantsizio energetikoa bizkortzeko proposatutako neurriak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 35 neurri proposatu ditu administrazioei, herritarrei eta industriari zuzenduta, datozen urteetan lurraldearen trantsizio energetikoa bizkortzeko. Neurri horien helburua aurrezpena eta energia-eraginkortasuna sustatzea, autokontsumoa eta energia berriztagarrien ezarpena babestea eta kontsumoaren elektrifikazioaren bideari jarraitzea da.
Foru sektore publikoan, besteak beste, eraikinen kontsumo elektrikoa murriztuko da, tunelen eta foru errepideen argiztapena berrituko da LED teknologia instalatuz, autokontsumoa areagotuko da energia berriztagarrien bidez autokontsumorako eguzki-energia fotovoltaikoa instalatuz, foru eraikinetako gasolio-kontsumoak behin betiko ezabatuko dira, gas-kontsumoak murriztuko dira eta eraikinen energia-kontsumoak kontrolatu eta kudeatuko dira. Era berean, administrazio- eta kultura-eraikinetan ezarritako tenperaturak egokituko dira, argiak itzaltzeko ordutegiak egokituko dira, girotzeko eta ur beroko instalazioak ikuskatuko dira eta sentsibilizazio-kanpainak egingo dira.
Toki-administrazioei zuzendutako neurriei dagokienez, energia-gastuari eusteko neurriak hartzeko laguntzak emango dira, kontsumo handieneko eraikin eta ekipamenduetan arreta jarriz; Gipuzkoako udal, mankomunitate eta merkataritza- eta eskualde-sozietateentzako dirulaguntzen zenbatekoa handituko da, tokiko mailan energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko, bai eta aurrezpen eta efizientzia energetikoa bultzatzeko ere; Gipuzkoako Energia Eraldaketarako Bulegoa sortuko da, trantsizio energetikoa bizkortzeko proiektuak sustatzeko, Gipuzkoako herritarren kultura energetikoa bultzatzeko eta lurraldean komunitate energetikoen proiektuak garatzeko; eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan ibilgailu elektrikoak kargatzeko sarea osatuko da.
Herritarrei eta etxeei zuzendutako neurriei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak energia-komunitate berriak sortzea sustatzeko dirulaguntzetara bideratutako zenbatekoa handituko du, ohiko etxebizitzan energia aurrezteko eta energia berriztagarriak erabiltzeko inbertsioengatik PFEZn kenkari berriak sartzeko aukera aztertuko du, ibilgailu elektrikoa gehitzeagatik PFEZn kenkari berriak sartzeko aukera aztertuko du, eta garapen iraunkorrean trebatzen laguntzen duten ekipamenduetako ikastetxeentzako dirulaguntzen lerroaren barruan mugikortasun iraunkorreko planak egitea gehituko du.
Azkenik, industriarako neurriei dagokienez, industrialdeetan energia-komunitateak eratzea bultzatzeko dirulaguntzen lerro berri bat ezarriko da; biogasa hidrogeno bihurtzeko planta bat ezartzeko proiektu pilotu bat jarriko da abian, hidrogenozko bost autobus publiko berritan erabiliko dena; saltokietara, ostalaritzara eta enpresa txiki eta ertainetara zabalduko da eraginkortasun energetikorako eta ahultasun energetikoaren aurkako borrokarako Argitu programa; trantsizio energetikoaren ondoriozko behar profesional berriak aztertu eta babestuko dira, lurraldean profil profesional horiek izateko beharrezkoa den prestakuntza espezializatua eskaintzeko; eta merkataritza-sozieitateetarako dirulaguntzen lerro berri bat ezarriko da, lantokietako mugikortasun-planak egin ditzaten.
Gipuzkoa da batzorde hau abian jarri duen Euskal Autonomia Erkidegoko lehen lurraldea, eta betebehar hori jasotzen du EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearen 9. artikuluak.
2483