Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea KM kulturuneak Eskandinaviako liburutegietan kontrastatu du bere programa funtzionala

KM kulturuneak Eskandinaviako liburutegietan kontrastatu du bere programa funtzionala

Kultura Departamentuaren ordezkaritza bat Stockholm, Aarhus eta Kopenhageko liburutegiak ikusten izan da,

2018/06/13

Kultura Departamentuaren ordezkaritza bat Stockholm, Aarhus eta Kopenhageko liburutegiak ikusten izan da, 2019. urtearen hasieran liburutegien etorkizunari buruzko zabalkunde programa bat gauzatzeko harremanak egiteko.

Digitalizazioa, zerbitzu publikoen politika eta espazioen diseinua dira Eskandinaviako liburutegien oinarrizko indarguneak

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat Eskandinavian da egun hauetan hango liburutegiak ikusten, Assumpta Bailac liburuzain aditu eta Bartzelonako liburutegien sareko kontsortzioko zuzendari ohia lagun duela, gaur egun aholkulari lanak egiten baititu Kultura Departamentuarentzat, Koldo Mitxelena Kulturuneko edukien proiektua prestatzen. Bidaiaren helburua da joan den apirilean departamentuak aurkeztu zuzen programa funtzionala kontrastatzea Europan liburutegien arloan dauden punta-puntako esperientziekin.  Horrez gain, ekainaren bukaera aldera, Birminghamen eta Londresen egindako esperientzia arrakastatsuak ezagutzeko aukera izango du ordezkaritzak.

Joan den astelehenean, Denis Itxaso Kultura diputatuak, Maria José Telleria Kulturako zuzendari nagusiak, Patxi Presa Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendariak eta Susana Araiz liburuzain buruak osatutako ordezkaritza Stockholmeko udal liburutegian izan zen hango nondik norakoak ezagutzen; aurrena, lan bilera bat izan zuten Ewa Andersonekin, eta, ondoren, liburutegiko aretoak ikusi zituzten, izan ere, gaur egun Koldo Mitxelena Kulturunearen antzeko egoeran dago, handitzeko asmotan dabiltza-eta. Stockholmeko udal liburutegi nagusia 1928an ireki zuten, 700.000 liburuki ditu, eta 12.000 metro koadro hartzen ditu bi eraikinetan banatuta; guztira, 90 langile ari dira bertan lanean. Horrez gain, Stockholmeko beste 40 liburutegik osatzen dute udalaren liburutegi sarea.  Gaur egun, handitzeko prozesuan dago, baina ez dute apalen edo bildumen kopurua gehitu nahi, herritarrentzako espazioak baizik, eta liburutegian zerbitzu berriak eskaini, bereziki haurrentzat.

Asteartean, azken urteotan egin den liburutegi proiektu berritzaileena bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, Kista zentroa, alegia, 2014an sortua, eta  Stockholmeko aldiriko auzo batean kokatua, non etorkinak eta errefuxiatuak nagusi diren.  Kista liburutegiak Danimarkako Kultura Agentziak ematen duen munduko liburutegi onenaren saria  jaso du.  Merkataritza gune batean dago, eta egunero 2.000 erabiltzaile baino gehiago izan ohi ditu; iaz, esate baterako, 700.000 bisitari baino gehiago izan zituen. Zentroaren ezaugarri garrantzitsuenak dira eskaintzen dituen programen ikuspegi orokorra, ikuspuntu kulturaniztuna eta eleaniztuna, haurrentzako zerbitzu berritzaileak, eta zerbitzu guztien digitalizazioa. Ingrig Stening zentroko arduradunak erabiltzaileei zuzendutako programa eskaintza zabala azaldu die, esate baterako, hizkuntzak ikasteko kafeak, filma emanaldiak eta ikasketa gelak.

Hirugarren eta azken egunean, Gipuzkoako ordezkaritza Aarhusen izan da, herritarrek parte hartzeko prozesu bizi baten ondoren sortu zen liburutegi eredugarria ikusten. Aarhus izan zen Europako Kultur Hiriburu 2017an, Donostiaren atzetik.  Bidaia gaur arratsaldean bukatuko da, Kopenhageko Diamante Beltza delakoa ikusita.

Denis Itxasok azaldu duenez, dagoeneko bere taldea lanean ari da etorkizuneko liburutegiei buruzko erakusketa eta zabalkunde proiektua prestatzen; datorren urte hasieran egitekoa da, eta haren bidez, alde batetik, zentro abangoardistenek eta punta-puntakoek dituzten ezaugarriak eta eskaintzen dituzten zerbitzuak azaldu nahi dira, eta, bestetik, 2019ko udatik aurrera egin nahi diren lanekin Koldo Mitxelena Kulturuneak izango dituen eraldaketaren xehetasunen berri eman. Bidaia honek zein ekainaren bukaera aldera Ingalaterrara egingo denak datorren urtean, aipaturiko erakusketarekin batera egingo den hitzaldi sailean parte hartuko duten liburutegien arloko erakundeekin eta arduradunekin harremanetan jartzeko balioko dute. 

Kultura Departamentuak oraindik orain banatu die programa funtzionala Koldo Mitxelena Kulturunearen eraberritze proiektua idatziko duen estudioa aukeratzeko Foru Aldundiak abian jarritako ideien lehiaketan parte hartzeko hautatu diren bost arkitektura taldeei.   

 

  

1685