Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Landa ingurune jasangarri eta orekatu baten erronka

Landa ingurune jasangarri eta orekatu baten erronka

Gure Lurraldea horren adibide garbia da, hura zaintzeko estrategiak, politikak eta baliabideak bideratu baititu hamarkadetan zehar.

Testuinguru global batean, zeinetan munduko herritarren % 55 hiriguneetan bizi baita, gobernuek kezka eta ekintza jarrita dituzte landa ingurunea bizirik iraun dezan eta hiri handiek egiten duten presio eta erakartzeko indarrek irentsi ez dezaten. 

 

Gure Lurraldea horren adibide garbia da, hura zaintzeko estrategiak, politikak eta baliabideak bideratu baititu hamarkadetan zehar. Helburua da landa eremuak mantentzeko baldintzak bermatzea: gure ekosistemarako ezinbesteko eremuak, nekazaritza, abeltzaintza eta beste baliabide batzuk hornitzen dituztenak. Eremu horiek, neurri handi batean, Gipuzkoari bizitza ematen dioten baserritarren jarduera preziaturi esker ateratzen dira aurrera, eta gure gizarte osoaren garapen sozio-ekonomikorako oinarrizko baliabideak hornitzen dituzte. 

 

Gainera, ezin ahaztu, gure landa eremuak gure tradizio eta kulturaren berme eta zaintzaile dira, etxebizitzak hornitzen dituzte, aisialdirako lekuak dira, eta abar. Orobat, aukera ematen digute Lurraldearen jasangarritasuna eta bioaniztasuna bermatzeko edo gure hiriguneen Aztarna Ekologikoa orekatzeko. Beraz, landa eremuak berebiziko garrantzia du, eta administrazio publikoek zaindu egin behar dugu, hartara baliabide sozio-ekonomikoen galerari eta hark berekin ekarriko lukeen kultura eta izaera balioen desagertzeari aurre egiteko.

 

Gure gizartearen beste alorretan gertatzen den bezala, lan eremuen azterketatik kohesiorako eta iraupenerako arrisku zehatzak ondorioztatzen dira. Horiei, jakina, lehenik arreta eskaini behar zaie eta, ondoren, aurre egin behar zaie. Gai zehatzago batera etorriz, aspalditik lan eremuaren azterketak garbi uzten du badirela genero desberdintasunak, zeinak, zuzendu ezean, egituraren oinarriei eta etorkizunean garatzeko gaitasunari eragingo baitie. Horiek zuzendu egin behar ditugu beraz, nahitaez.

 

Ikerketa horiek erakusten dute ezen, nahiz landa-inguruneko herritarren ia % 50 emakumeak izan, inguruaren maskulinizazio mailak handitzen jarraitzen duela. Horren arrazoia emakumeek lanbidearen egunerokoan dituzten desabantailak dira (ustiategien titulartasuna gizonezkoen izenean egotea gehienak, lan banantzea, balio eta soldata txikiagoko lanpostuak, soldaten arteko alde handiagoa...).  Zailtasun horiek badira hiri-ingurunean ere, baina betiere neurri eta proportzio txikiagoan.

 

Landa inguruko herri txikienetako emakumeek, izan ere, prestakuntza maila deigarriki altuak dituzte, eta, ondorioz, hiriguneetan aukera hobeak aurkitzen dituzte. Fenomeno horri «ihes ilustratua» esaten zaio. Arlo pribatuari dagokionez, estereotipo sexistek eragin handiagoa dute herri txikietan, eta datuek erakusten dute soldatapeko emakumeen jarduera onartzen dela baldin eta etxeko eta familian duen rola alde batera uzten ez badute, horietan emakumeak baitarama pisurik handiena. Eremu pribatuaren banaketa desorekatu bat, berriz ere zailtasunak jartzen dizkiona emakumeari lan merkatuan sartzeko, eta orobat mugatzen dizkiona aisialdirako tarteak.

 

Aldaketa faktoreetan lan egiteko, ez dago zalantzarik, aurretik landa-ingurunean emakumeak aurre egin behar dituen berezitasunen berri izan behar da, eta emakumeak bertan izateak edo ez izateak duen eragina jakin behar da. Gipuzkoako Foru Aldundian berriki egin dugun diagnosiak, gure Lurraldearen berezitasunetan sakontzeko asmoz, baieztatu digu gure mugetatik haragoko joera orokorra dela eta, batez ere, aukera eman digu jakiteko non dauden hobetzeko aukerak Gipuzkoan.

 

Abiapuntuari begiratuta, Euskadiko Autonomia Erkidegoan lurralde oreka hoberena duen lurraldea gara. Eta hala izaten jarraitu nahi dugu, garrantzi handia duelako kulturan, paisaian, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren ekonomian, turismoan eta abarretan. Gipuzkoak 120.000 biztanle ditu landa eremuetan. Horietatik, % 30 2.500 biztanle azpiko udalerri eta landa auzoetan bizi dira. Udalerri horiek, bestalde, gure probintziaren azaleraren % 44 hartzen dute. Ehuneko altua proportzioan.

 

Informazio zehatza badugu, eta etorkizuneko orientazioaren lan egiten badugu, aukera izango dugu erakundetik neurriak hartzeko, hartara Gipuzkoako emakume eta gizonen arteko aldeak gainditzeko. Zeharkakoak izan nahi duten politikak, irizpide profesionalen, errentaren, prestakuntzaren edo mugikortasunaren araberakoak, besteak beste. Zeren eta lurralde oreka ezinbestekoa baita gure Lurraldearen etorkizunerako, eta emakumeek oinarrizko rol bat dutelako landa-ingurunearen garapen iraunkorrean eta kohesioan. Eta, batez ere, desorekak arreta eman behar diogun justizia sozialaren auzia agerrarazten baitu.

 

Marko horretan kokatzen dira azken hilabeteetan zenbait udalerritan Gipuzkoako Foru Aldunditik burutzen ari garen jardunaldiak. Jardunaldi horiek helburu dute zehazki azaltzea zein den Lurraldearen egungo egoera, eta hobetzeko neurriak elkarrekin adostea. Etorkizuneko politikak protagonistekin partekatu nahi ditugulako, haien iritziak jaso eta ziurtatu nahi dugulako, azken finean, gure landa-inguruneak behar bezalako baldintzak eskaintzen dituela bertako biztanleen bizi garapenerako, izan gizonezko, izan emakumezko.

 

Udalerri txikien metabolismo demografikoa zaintzea ezinbesteko helburua delako Gipuzkoarentzat. Eta bermatzea gure landa inguruneak biztanle guztientzat baldintza erakargarriak eskaintzea ezinbestekoa delako oreka eder eta ahul hori mantentzeko, oinarrizkoa gure ekosistema eta gure gizarterako. Etorkizuneko politikak, hainbeste maite dugun gure ireki handi horren etorkizunerako.

 

  

1807