Elbira Zipitriari buruzko dokumental berriaren estreinaldia egingo dute, haren heriotzaren 40. urteurrenean
Elbira Zipitriari buruzko dokumental berriaren estreinaldia egingo dute, haren heriotzaren 40. urteurrenean
Elbira Zipitriari buruzko dokumental berriaren estreinaldia egingo dute, haren heriotzaren 40. urteurrenean
Aldundiak sustatutako ‘Elbira’ lanak hezitzaile eta euskaltzale aitzindariaren bizitzan sakonduko du, hainbat adituren eta haren gertuko kideren eskutik; hilaren 26an egingo dute lehen emanaldia Donostiako Kursaal jauregian
Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982) hil zela 40 urte beteko diren egun berean, datorren abenduaren 26an, alegia, hezitzaile eta euskaltzale aitzindariari buruzko dokumentalaren estreinaldia egingo dute Donostiako Kursaal jauregian. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako lana da Elbira, hainbat adituren eta haren gertuko kideren eskutik Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakonduko duen dokumental fikzionatua.
Hala jakinarazi dute gaur Aldundian egindako prentsaurrekoan Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta lanaren zuzendari Iban Gonzalezek. “XX. mendean Gipuzkoak eta Euskadik izandako erreferente eta ikur handienetakoa da Zipitria eta haren oroimena finkatzeko leiho berri bat ireki nahi izan dugu. Haren bizitza eta ekarpen harrigarria gaur egungo belaunaldiekin lotzeko zubia da dokumental hau”, nabarmendu du diputatu nagusiak.
Elbira ikus-entzunezkoa abenduaren 26an emango dute lehen aldiz Donostiako Kursaaleko Ganbara aretoan, arratsaldeko 17:30ean. Sarrera doakoa izango da baina aurretiaz erreserba egin beharko da, dagoeneko irekia dagoen www.gipuzkoa.eus/elbira webgunean. Dokumentalaren ekoizpenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzada eta babesa izan badu ere, proiektua hezurmamitzen lagundu dute baita ere EiTBk, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakundek, BBK fundazioak eta Bermeo eta Donostiako udalek.
Olanok gogoratu duenez, Euskal Herriak eta euskarak “asko” zor dio Elbira Zipitriari. “Francoren diktadurapean, euskararen eta euskal nortasunaren sugarra bizirik mantendu eta belaunaldi berriei transmititzea lortu zuen Zipitriak. Bere etxe-eskolako jardunean abangoardian ziren pedagogiak baliatuz, andereño berriei erakutsiz, euskarazko irakaskuntzari bidea ireki zion eta ikastolen mugimenduaren hazia erein zuen”, goraipatu du. Dokumentalaren estreinaldiak aukera eskainiko du, diputatu nagusiaren iritziz, Zipitriaren figurari “aitortza kolektibo” bat egiteko.
Dokumental fikzionatua
Euskal gizarteak oso sakon barneratua dauka memoria historikoa lantzea eginbeharreko ariketa dela. XXI. mendeko Gipuzkoa eta Euskal Herria ez da egun batetik bestera eraiki. Gizaki konprometitu askoren lana dago atzean, eta azkenengo urteetan badago konpromiso bat pertsona horien lan eta sakrifizioa aitortzeko. Iban Gonzalezek zuzendutako ‘Elbira’ dokumentalak Zipitriaren bizitzan eta jardunean sakonduko du.
Horretarako, gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak izango ditugu protagonista eta haren istorioaren narratzaile. Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatuko digute. Horiek izango dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.
Horretaz gain, Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu ditu dokumentalak, haren ibilbidean jasotako argazkietan eta dokumentuetan oinarrituz. Iparraldeko egonaldia, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua dira horietako batzuk. Teresa López de Munainek emango dio bizia andereñoari. Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo ere agertzen dira, besteak beste.
Ibilbide emankorra eta “epikoa”
Lanaren zuzendari Iban Gonzalezek nabarmendu duenez, “memoria historikoaren” begiradatik ekarpena egin nahi du Elbirak, baina “gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiekin lotura” eginez. “Bestalde, batetik, gutxi kontatu dugu emakume asko eta askok gerraren aurretik eta ondoren egin zuten lana. Bestetik, Zipitriaren berdinzaletasuna oso agerikoa da bere jardunean. Horretan ere aitzindaria izan zen eta dokumentalak aitzindaritza horri ere erreparatzen dio”, aipatu du.
Baita ere, Gonzalezen esanetan, dokumentalean saiatu dira hezitzaile eta pedagogo bezala aplikatu zituen “metodo berritzaileak” azaltzen, nahiz haren euskaltzaletasunaren eta euskal herrigintzaren aldeko jarrera sutsua islatzen. “Askotan, memoria historikoari lotuta, epikaren balioak jorratzen ditugu, baina normalean balio maskulinoei lotuta. Elbira Zipitriaren bizitza oso epikoa iruditzen zait. Itxuraz oso xumeak diren istorioak dira, oso modu isilekoan egindako gauzak, baina oso epikoak”, gogoeta egin du zuzendariak.
Elbira Justa Zipitria Irastortza andereñoa, Donostiako lehen ikastolen sustatzaileetako bat izan zen. Fededun eta euskal abertzale sutsua, gerra aurreko belaunaldien eta gerraosteko euskal irakaskuntzaren arteko zubi lana egin zuen. Francoren aldeko altxamenduaren ondoren Donostiatik ihes egin behar izan zuen, garaiko beste hainbat euskaltzale eta abertzaleren moduan. Lapurdin, Sarako Prefetenean zelarik, Frantzian garai hartan aztergai ziren hezkuntza modu berritzaileak ezagutzeko parada izan zuen eta gero, Donostiara itzultzean, pedagogia aurrerakoiak bere egin zituen haurrei irakasteko garaian. Diktadurapen egonik ere, Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakian etxe-eskola sortu zuen eta bertan hainbat eta hainbat haurrei –neska eta mutil, elkarrekin– euskarazko irakaskuntza eskaini zien.
Maistra berriak trebatu zituen, euskal hezkuntzaren zabalkundean funtsezko izan ziren andereñoei irakatsiz. Beste zenbait guraso eta andereñorekin batera, Orixe ikastola sortu zuen 1968an. Izaera berezi eta zorrotz baten jabe, euskara batuaren sorrerarekin zituen desadostasunak eta ikastolek hartutako norabidearekin bizi zuen kezka tarteko, triste eta bakartiak izan ziren haren bizitzako azken urteak. Donostian hil zen 1982ko abenduaren 26an, 76 urte zituela.
Donostia, 2022ko abenduaren 15ean.
6910