Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elcanoren Oroimena berreskuratuz

Elcanoren Oroimena berreskuratuz

Erakusketa bisitatu ahal izango da 2018ko otsailaren 18ra arte.

Denis Itxaso Kultura eta Turismoko diputatuak, Nika Lertxundi Getariako alkateak, Raúl Pérez Iratxeta Untzi Museoko zuzendari nagusiak eta Xabier Alberdi Lonbide Untzi Museoko zuzendari zientifikoak aldi baterako erakusketa hau aurkeztu dute gaur: “Elkano, bere oroimena berreskuratuz. 1921eko monumentuaren proiektua”.

Erakusketa honen oinarrian dago  Lehen Mundu Biraren IV. Mendeurrenaren Batzordeak, nabigatzaile gipuzkoarraren figurari balioa emateko, 1921ean egin zuen ekimena.

Juan Sebastian Elkano nazioartean ezezaguna zela jakitun, 1920an Lehen Mundu Biraren IV. Mendeurrenaren Batzarrak lehiaketa bat antolatu zuen, Getariako (Gipuzkoa) San Anton mendiaren tontorrean monumentu handi bat eraikitzeko asmoarekin.  Miguel Martín Fernández de la Torre (Kanaria Handiko Las Palmas, 1894-1980) arkitekto arrazionalistak egin zuen proiektu irabazlea, bere anaia Néstor (Kanaria Handiko Las Palmas, 1887-1938) pintore modernista eta sinbolistarekin elkarlanean, baina proiektua ez zen sekula gauzatu.

Proiektu horren 13 plano eta figurazioen bilduma erakusten da eta, bertan, estilo erregionalistako modelo arkitektonikoak agertzen dira.

Erakusketan zehar, serie horretako margolan bat zaharberrituko da museoan bertan, bisitarien aurrean, urriaren 12tik azaroaren 4a arte, ostegun, ostiral eta larunbatetan. Zaharberritze lanak mikromezenasgo-kanpaina baten bidez (crowdfunding) finantzatuko da; ekarpenak museoan bertan edo VERKAMI plataforma bidez (http://vkm.is/elcano) egin daitezke.

“Lurraren lehen zirkumnabigazioaren bosgarren mendeurrenaren barruan datozen urteetan gertatuko denaren aurrerapen bat da erakusketa hau.  Elkano Fundazioa osatzen dugun erakundeen arteko programa kultural baten lehen urratsak: Mundubira 500 diseinatu eta garatuko dugu”, esan du Itxasok.

Beraz, eta bosgarren mendeurrenaren ospakizunari begira, beharrekotzat jotzen da jakitea nola egin ziren, orain ia 100 urte, ospakizun horiek; izan ere, horien helburu nagusia, gaur duguna bera, Juan Sebastian Elkanoren oroimena berreskuratzea zen, nazioarte mailan garrantzi handiko pertsona den aldetik", erantsi du.

Raul Pérez Iratxetak, museoko zuzendariak, erakusketak duen garantiza azpimarratu nahi izan du, hainbat erakunderen arteko lankidetzaren eta harremanen ondorioa baita; izan ere, museoaren bitartez lurraldeko proiektu kulturalak (publikoak edo pribatuak) aktibatu, lagundu eta bultzatu nahi dira.  Erakusketari lotutako dinamizazio kulturalaren programaren barruan, margolan baten zaharberritze prozesua azpimarratu du; lan hori museoan bertan egingo da zuzenean, eta herritarren laguntza eta lankidetza eskatzen dugu finantzatzeko, zehazki, crowdfunding prozesu baten bidez (http://vkm.is/elcano).

Xabier Alberdik, bestalde, testuinguru historikoan jarri du laugarren mendeurrena, eta azaldu du nola sortu ziren jarduera kultural haiek, besteak beste nabigatzailearen omenezko monumentu bat eraikitzea, kasu horretan sekula gauzatu ez zena.

Elkano, bere oroimena berreskuratuz. 1921eko monumentuaren proiektua” erakusketarekin batera, dinamizazio programa zabal bat antolatu da, honela egituratuta:

Bisita gidatuak erakusketara:

Asteartetik ostiralera, taldeei zuzenduak. Talde bakoitzaren beharretara egokitutako bisitaldiak.  Iraupena: 60 minutu. Aldez aurretik erreserba egin behar da.

Koadro baten zaharberritzea in situ:

Urriaren 12tik azaroaren 4ra: ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan, proiektuaren bozeto baten zaharberritze lanak erakustaretoan, publikoaren aurrean, Marta Gatell paper zaharberritzailearen eskutik.

Tailerrak:

Urriak 28, 17:00etan: zaharberritze tailerra 6 urtetik gorako haurrak dituzten familientzat. Marta Gatell zaharberritzaileak zuzendurikoa.  Jarduera hau Hip-Hip Urri! programaren barruan eskaintzen da.  Iraupena: 90 minutu. Jarduera elebiduna. Prezioa: 3 € familiako  (2 € Museoaren familia txartelarekin). Aldez aurretik erreserba egin behar da.

Azaroak 4, 17:00etan: zaharberritze tailerra publiko helduarentzat, Marta Gatellen eskutik. Iraupena: 90 min. Jarduera elebiduna. Prezioa: 5 €. Aldez aurretik erreserba egin behar da.

Azaroak 25, 17:00etan: lustrazio tailerra familientzat, Mikel Leozek zuzendurikoa. Iraupena: 90 min. Jarduera elebiduna. Prezioa: 3 € familiako (2 € Museoaren familia txartelarekino). Aldez aurretik erreserba egin behar da.

Abenduak 16, 17:00etan: kaligrafia tailerra familientzat, Idoia Larrañaga Fachado ilustratzaileak zuzendurikoa. Iraupena: 90 min. Jarduera elebiduna. Prezioa: 3 € familiako (2 € Museoaren familia txartelarekino). Aldez aurretik erreserba egin behar da.

Erakusketa hau beste urrats bat da itsas historiako pertsona ospetsuen oroimena berreskuratzeko eta zabaltzeko bide luzean.  Kasu honetan, Juan Sebastian Elkano, munduari bira egin zion lehen pertsona eta oinarrizko pertsonaia euskal itsas historiaren garrantzia ulertzeko.

Ordutegia:     Asteartetik larunbatera: 10-14 / 16-19

Igande eta jaiegunetan: 11-14

Astelehenetan itxita

Tarifak           Sarrera orokorra: 3,00 €

Ikasleak eta erretiratuak: 1,50 €

Sarrera dohainik 14 urtetik beherakoentzat:

Ostegunetan, sarrera doan.

 

“Euskal Itsas Museoaren Bidean”: berritze proiektuaren sozializazioa

Juan Sebastian Elkanoren erakusketarekin bat eginez, Museoaren lehen solairuan gune bat ireki da, abenduaren 10era arte, Museoren etorkizuneko diseinuaren inguruan hausnarketa egiteko.

Inauguratu zenez geroztik 26 urte igaro direnean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak Untzi Museoa indartu nahi du, eta horretarako berritu egingo du ekipamendu irekiagoa izan dadin, kultura hedatzeko eginkizunean aktiboagoa eta jendearengandik hurbilagoa. Museo berriak gizakiaren eta itsasoaren arteko harremana erakutsiko du aldi baterako erakusketen eta kultura dinamizatzeko programen bitartez.

"Horrela, hausnarketa eta lan gune bat aktibatzen da, eragile kultural eta sozialen ideia, kezka eta nahiak jasotzeko museoaren etapa berrirako".

Zuzendari berriak azaldu duenez, horrela aktibatu egin nahi da hurbiltze eta partaidetza komunitarioa, gune honetan bere lan egoitza izango duena, nahiz eta Gipuzkoa osoan eta kostaldean zehar egingo diren lan topaketak eta elkarrizketak.

Horrela, Museoak sozializazio espazioa diseinatu du, lurraldeko kultura-agenteei eta herritarrei Euskal Itsas Museo berriaren diseinuaren berri emateko eta kanpo-harremanen sare bat osatzeko, hartara Museoa erreferentzia izan dadin euskal itsas historiari eta kulturari lotutako ekimenen artean. Helburua da publikoa proiektuaren parte izatea, ideiak eta iradokizunak aurkezteko prozesuaren bitartez.

Bertan, berritze integralaren proiektua aurkezten da, diskurtso, erronka eta helburu berrietan oinarrituta eta eskariarekin eta jakintza transmititzeko egungo moduekin bat etorriz, ekipamenduen izena aldatzea barne: Euskal Itsas Museoa.

Horrez gain, museo berriaren formulazioari buruzko laneko materiala argitaratu da eta galdeketa bat biltzen du. Horren bidez, Museoaren etapa berri honen definizioan gurekin elkarlanean aritzeko interesa duten pertsonen iritziak, ikuspuntuak eta kontakizunak bildu nahi ditugu. Laneko materiala nahiz galdetegia www.untzimuseoa.eus orrian eskura daitezke.

  

2043