Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elektromugikortasunaren esparruko adituek aztertuko dute Gipuzkoak sektore horretan duen gaitasuna

Elektromugikortasunaren esparruko adituek aztertuko dute Gipuzkoak sektore horretan duen gaitasuna

Irailaren 6an eta 7an, «Etorkizuneko mugikortasuna diseinatzen» uda ikastaroa egingo da eta, bertan, mugikortasun elektrikoaren erronka aztertuko da, hainbat eragileren ikuspegitik abiatuta.

Gipuzkoak enpresa, zentro eta organizazio aitzindariak ditu  elektromugikortasunaren alorrean, eta baita esparru horretako punta-puntako eragileak ere. Ekosistema horretan aritzen diren aditu asko elkartuko dira irailaren 6an eta 7an  UPV/EHUko  ‘Etorkizuneko mugikortasuna diseinatzen. Mugikortasun elektrikoa eta jasangarria’ uda ikastaroan. Ikastaro hori Donostiako Miramar jauregian egingo da, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

 

Ikastaro horretan, elektromugikortasunaren sektorea sustatzeko behar diren azpiegiturak eta araudiak aztertuko dira, eta mugikortasun elektriko eta jasangarriaren egoera eta perspektibak ezagutzeko aukera izango dugu. Halaber, oraingo eta etorkizuneko berrikuntza teknologikoak berrikusiko dira, eta ibilgailu elektrikoaren merkatuari, mugikortasun jasangarriari eta horiekin zerikusia duten zerbitzuei lotutako abantailak, erronkak eta negozio aukerak aurkeztuko dira.

 

Ikastaroaren lehenengo jardunaldian, alor horretako adituek hiru hitzaldi emango dituzte: Antton Tomasenak (Gipuzkoako Foru Aldundia) azalduko ditu elektromugikortasunaren alorrak esparru sozialean eta industrialean eskaintzen dituen funtsezko alderdiak, oztopoak eta aukerak, Gipuzkoa interesgune industrial gisa hartuta; Jorge Fernandezek (Orkestra) energia garbiek pertsona eta salgaien mugikortasunerako duten garrantzia aztertuko du; eta Alvaro Garciak (IBIL) azpiegituren beharren inguruan hitz egingo du, betiere elektromugikortasunaren eta beste mota batzuetako mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik begiratuta. Hitzaldi bakoitzaren ondoren mahai inguru bat egingo da, azaldutako gaia eztabaidatzeko, eta beste aditu batzuen esperientziak eta iritziak jasotzeko.

 

Uda ikastaroaren bigarren jardunaldian, hiru adituk gai hauek azalduko dituzte lehen eguneko dinamika berarekin: Héctor Olabek (Irizar e-mobility) mugikortasun jasangarriaren merkatuak ibilgailu elektrikoen fabrikazio alorrean eskaintzen dituen erronkak eta aukerak aztertuko ditu sakontasunez; Oihana Otaeguik (Vicomtech) garraio sistema adimendunek elektromugikortasunaren eta mugikortasun autonomoaren garapenerako duten garrantziaren inguruan hitz egingo du; eta Jokin Lopeteguik (CAF) sakon aztertuko ditu mugikortasun elektrikoaren inguruan sor daitezkeen negozio aukerak.  Hitzaldi bakoitzaren ondoren, gaien inguruko mahai inguruak egingo dira, non organizazio eta enpresa desberdinetako profesionalek parte hartuko duten. Ikastaroari bukaera emateko, beste mahai inguru bat egingo da, eta, bertan, eztabaida publikoa irekiko da bi jardunaldietako ondorio garrantzitsuenak ateratzeko.

 

            Matrikulazio epea irekita jarraitzen du, eta aipatutako adituez gain, erakunde eta enpresa hauetako profesionalek ere parte hartuko dute: Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Bilboko Udala, Orkestra, Energiaren Euskal Erakundea, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Tecnalia, UPV/EHU, Irizar, CAF, Orbea, Babyauto, IBIL, Ingeteam, Vicomtech, Datik, Aedive eta Repsol.

 

Gipuzkoak aurrera egiten du elektromugikortasunaren alorreko estrategia partekatuan

 

Gipuzkoa murgilduta dago mugikortasun jasangarri bateranzko trantsizioan, eta horren isla da, hain zuzen ere, lurraldean dagoeneko errealitate bihurtu den estrategia partekatua; estrategia horren barruan kokatzen da «Etorkizuneko mugikortasuna diseinatzen» uda ikastaroa. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, etorkizuneko hainbat erronka antzeman ditu eta, esperimentazio aktiboaren bidez, gai horiek lantzen ari da orainetik abiatuta. Erronka horietako bat elektromugikortasuna da, desafio eta aukera asko eskaintzen baititu; beraz, sektoreko eragile esanguratsuenekin batera, estrategia partekatu baten aldeko apustua egin da, mugikortasun elektriko eta jasangarriaren arloan eta energia pilaketaren sistemen esparruan aurrera egiteko.

           

            Estrategia horren mugarri nagusienetako bat da Elektromugikortasunaren eta Eraginkortasun Energetikoaren inguruko Esperimentazio Poloa abiaraztea eta garatzea, erreferentzia zentroa izango baita mugikortasun elektrikoaren eta energia pilaketaren gaietan esperimentatzeko eta berrikuntzak egiteko. Poloak bi helburu izango ditu: Gipuzkoako industriaren eta enpresa sarearen lehiakortasuna sustatzea, eta, ondorioz, herritar guztien ongizatea hobetzea. Erreferentzia zentro gisa, Elektromugikortasunaren inguruko Esperimentazio Poloak aukera emango du industria berri bat sustatzeko eta mugikortasun jasangarriaren arloan aurrera egiten jarraitzeko.

 

Estrategia partekatu horren esparruan, etorkizuneko mugikortasun jasangarriari buruzko Europako hegoaldeko lehenengo industria azoka egingo da Gipuzkoan azaroaren 27an eta 28an: Go Mobility – Basque Sustainable Mobility Industry Exhibition. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta Ficobak antolatutako erakusketa horretan, sektoreko 1.500 profesional eta enpresa baino gehiago elkartzea espero da.  Ekitaldia osatzeko, ITS Euskadi IX. Kongresua egingo da, non mugikortasun jasangarriko esparruko aurrerapen teknologiko garrantzitsuenak aurkeztuko diren.

 

            Go Mobility azokara gerturatzen diren pertsonek, sektorean izan diren azken berrikuntzen erakusketa eremua ez ezik, mundu mailako erreferentziako hizlariek emandako zenbait hitzaldi eta mahai-inguru ere izango dituzte, eta baita ere ibilgailuentzako testetarako zonalde bat edo matchmaking, besteak beste alorreko praktika onenak ezagutu ahal izateko. Halaber, ekitaldian zehar erosketak sustatzeko asmoz, gonbidatutako erosle nazionalen nahiz nazioartekoen programa bat antolatuko da.

 

            Go Mobility azoka, hain zuzen, mugikortasun elektrikoaren garapen industrialerako Gipuzkoako Estrategian kokatzen da, zeina mugikortasunarekin eta energiarekin zerikusia duten 40 eragile, enpresa, teknologia zentro eta erakundek burutu baitute partaidetza prozesu baten bidez, eta hauek dira ardatz estrategikoak: lurraldeko garapen industrial eta teknologikoa bultzatzea, behar berriei erantzuteko behar diren azpiegiturak eta gaitasunak garatzea eta Gipuzkoa mugikortasun elektrikoaren eta energia-metaketaren alorrean posizionatzea.
  

1755