Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elkar-Ekin Laneanen aurtengo dirulaguntza deialdia onartu du Kontseiluak, 3,2 milioi eurokoa

Elkar-Ekin Laneanen aurtengo dirulaguntza deialdia onartu du Kontseiluak, 3,2 milioi eurokoa

Oinarrizko ikerketa sustatzeko eta iruzurrari aurre egiteko Foru Arau proiektuei ere argi berdea eman die foru erakundeak.

Eider Mendoza foru bozeramailea

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du 2022ko Elkar-EKIN Lanean dirulaguntza deialdia. Deialdi garrantzitsu honek igoera nabarmena du (%9,6koa) aurreko urtearekin alderatuta, eta 3,2 milioi euroko zuzkidura du. “Elkar-Ekin Lanean estrategian lehentasunezko bezala jotako kolektiboei laguntzea izango du helburu deialdi honek, kontuan izanda gainera horien egoera larriagoa izan daitekeela gaur egun, pandemiaren eta egoera ekonomikoaren ondorioak direla eta”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Interesatuentzat, deialdiaren xehetasun guztiak datozen egunetan argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, azkeneko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan, gogoratu du lau esparru nagusietan egiten duela lan Elkar-Ekin Lanean ekimenak: lehenik eta behin, elkarlaneko gobernantza eredu, irekia, efizientea eta gardena diseinatzeko eta ezartzeko neurriak bultzatzen; bigarrenik, estrategiak kalitatezko enplegu inklusiboa mantentzeko eta sortzeko neurriak jasoz; hirugarrenik, lurraldeko enpleguaren kalitatea indartu eta hobetuz; eta laugarrenik, pertsona guztien enplegagarritasunaren eta kualifikazioaren alde, estrategiak beharrezko neurriak ezartzen ditu bermatzeko pertsonek lan merkatuan sartzeko behar diren gaitasunak eta trebetasunak dituztela.

Azken puntu honetan kokatzen da dirulaguntza deialdia. Zehazki, laguntza horien helburu nagusia egoera ahulean eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak gizarteratzen eta laneratzen laguntzea da. Diruz lagunduko dira, beraz, gizarteratze ibilbide integratuak sustatzeko egitasmoak, enplegu eta formaziorako programak, gizarteratze enpresak sortzeko eta sendotzeko egitasmoak eta enplegu inklusiboa sustatzeko proiektu berritzaileak. “Dirulaguntza deialdi honen bitartez, Gipuzkoako gizarte antolatuari gonbita luzatzen diogu, guztion artean pertsona guztien enplegagarritasunaren eta kualifikazioaren alde lan egiteko. Honela, bidelagunak engaiatu nahi ditugu, pertsonek lan merkatuan sartzeko behar diren gaitasunak eta trebetasunak garatzeko, enplegu justu eta kalitatezko baten bidez, eta, horrela, pertsona guztiek enpresen eta lan merkatuaren eskaerei aukera berdintasunean erantzuteko”, azaldu du foru arduradunak.

Mendozak gogoratu duenez, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren erreferentziazko estrategietako bat da Elkar-Ekin Lanean. Helburu nagusia bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratu eta lan munduan txertatzea da. “Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean, hirugarren sektore sozialeko enpresei eta kooperatibei esker, hurrenez hurren. Eta horixe bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan; lan merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun gehien duten pertsonei kalitatezko enplegua, enplegu duina, inklusiboa eskaintzeko sistema garatu behar dugu”, esan du. Orain arte, dirulaguntza deialdiaren bitartez, 2020 eta 2021 urteetan 67 proiektu bultzatu dira. Elkar-Ekin Lanean bere osotasunean hartuta, ekimen ezberdinen bitartez, 4.200 pertsonetara iritsi da, eta 750 prestakuntza ekimen burutu dira. Guztira, 2.600 pertsonen besteren konturako kontratu bitartezko kontratazioak bultzatu dira.

Mezenasgoa

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Foru Arau proiektua, oinarrizko ikerketaren mezenasgoari bultzada emateko. “Gogoratuko duzuenez, maiatzean eman genizuen honen berri, diputatu nagusiaren beraren eskutik. Mekanismo horren bidez, foru erakundeak pizgarri berri eta indartsu batzuk aktibatzen ditu, bai Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ), bai Sozietateen gaineko Zergan, herritarrek zein eragile ekonomiko eta sozialek ikerketa zientifikoari egin nahi dizkioten ekarpenak sustatzeko”, azaldu du Mendozak. Gaineratu duenez, “herritarrak ikerketa zientifikoaren parte egin nahi ditugu: gure lurraldean, GKEei ekarpenak egiteko ohitura oso zabalduta dagoen bezala, neurri honekin zientziari ekarpen ekonomikoak egiteko antzeko kultura sustatu nahi dugu”.

Oinarrizko ikerketaren mezenasgoa modalitate hauen bidez egin ahal izango da: dohaintzak, ekarpenak eta legatuak, edo enpresa-lankidetzako hitzarmenen bidez. Horrela, oinarrizko ikerketarako mezenasgoaren hartzailetzat hartuko dira Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditatutako Ikerketa eta Bikaintasuneko Zentroak (BERC programa), bai eta Gipuzkoan kokatutako unibertsitateetako ikerketa-taldeak ere. “Mezenasgoa ikerketa zientifikoa bultzatzeko baliatzea eskema fiskal abangoardista, aitzindari eta berritzailea da, eta ez da antzeko kasurik ezagutzen”, azaldu du foru arduradunak.

Mezenasgo horrek sortutako onura fiskalari dagokionez, pertsona fisikoen kasuan % 35eko kenkaria ekarriko du PFEZean. Adibidez, ikerketa-talde bati 1.000 euroko laguntza ematen dion herritar batek 350 euroko kenkaria lortuko du. Pertsona juridikoen kasuan, mezenasgo mota honetan inbertitutako zenbatekoak gastu kengarritzat hartuko dira Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarria zehazterakoan, eta, gainera, zergaren kuota likidoaren % 20ko kenkaria izango dute. Adibidez, ikerketa-talde bati 1.000 euroko laguntza ematen dion enpresa batek 1.000 euroko gastu kengarria izango du (240 euroko kuota) eta 200 euroko kenkaria. Hau da, guztira 440 euroko onura fiskala ekarriko du.

          “Neurria anbizio handikoa da eta honekin, Gipuzkoak argi uzten du, beste behin ere, berrikuntzaren eta zientziaren aldeko apustua, etorkizuneko ikuspegiarekin jardunda”, esan du Mendozak. “Mundu-mailan, oinarrizko zientzia produktibo eta emankorra duten lurraldeak dira aurreratuenak. Beraz, oinarrizko zientzia bultzatzea funtsezko zutabea da ekonomia indartsua izateko eta lurralde berritzailea izaten jarraitzeko”, gehitu du bozeramaileak. “Neurri honekin, Gipuzkoak funtsezko finantzaketa-tresna jarriko du lurraldeko ikerketa taldeen eskura, beren ideiak eta ikerketak garatzeko. Oso ate interesgarria irekitzen diegu, eta, aldi berean, maila goreneko zientzialariak erakartzeko aukera ere irekitzen diegu mezenasgoa jasotzen duten ikerketa-taldeei”, borobildu du.

Zerga iruzurrari buruzko Foru Araua

Bestalde, bigarren Foru Arau proiektu bat onartu du Diputatuen Kontseiluak, kasu honetan ere Ogasunarekin lotuta. Hemen, zerga iruzurra prebenitzeko eta haren aurka egiteko neurriak onesten dira. “Bi neurri aipagarrienak aipatuko dizkizuet: zordunen zerrenda, eta txanpon birtualen inguruan informazioa emateko betebehar berriak”, azaldu du Mendozak. “Iruzurraren kontra neurriak hartzen jarraitzen dugu baino, beti esan ohi dugun moduan, arlo honetan aurrera egiteko modurik eraginkorrena gizarte kontzientziazioan aurrera egitea da”, gaineratu du.

Batetik, araudi berriak aldaketak txertatzen ditu zerga zordunen zerrendaren araubidean. Horrela, 1.000.000 eurotik 600.000 eurora murrizten da zerrendan sartzeko gainditu beharreko zenbatekoa. Zerrendatik kanpo gera daiteke, alegazioak aurkezteko epea amaitu baino lehen, zor den zenbatekoaren gutxienez %25 ordaindu eta ordaintzeko geratzen den zorra 600.000 euro baino handiagoa ez bada. Gipuzkoako foru Ogasunak ekainean plazaratu zuen bere zordun handien zazpigarren zerrenda, 43 subjektu eta 239,9 milioi euroko zorra jasotzen zuen erregistroa. Hurrengo datorren urteko ekainean argitaratuko da, jada aipatutako muga berriarekin.

Bestalde, aldaketak ezarri dira baita ere txanpon birtualen atalean. Honela, moneta birtualen inguruan zerbitzuak ematen dituztenei (salerosketako plataformak) bi informazio betebehar berri ezartzen zaie horien inguran: moneta birtualak edukitzeari buruzkoa bata, eta haiekin egindako eragiketei buruzkoa bestea (eskurapenak, eskualdaketak, trukeak, transferentziak, kobrantzak eta ordainketak). Betebehar hau ezarriko zaie baita ere moneta birtualen titularrei.

  

3188