Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Elkar-EKIN programari esker lanean hasi dira bazterketa arriskuan zeuden 957 pertsona

Elkar-EKIN programari esker lanean hasi dira bazterketa arriskuan zeuden 957 pertsona

Diputatu nagusia Sutargik Lasarte-Orian duen lantegian egon da, Landuz lan aurreko programa garatzen den instalazioetan

2018an, gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan zeuden 957 pertsonek (405 emakume eta 555 gizon) lana aurkitu dute Elkar-EKIN enplegu programan parte hartu ondoren.  «Kontuan hartzen badugu enplegu programa horretan guztira 4.117 pertsonek parte hartu dutela -horietatik 1.029 gizonak eta 3.088 emakumeak-, uste dut balantzea oso positiboa izaten ari dela, lau parte hartzailetatik batek lana aurkitu baitu». Hala adierazi du gaur goizean Markel Olano diputatu nagusiak, Sutargik Lasarte-Orian duen lantegira egin duen bisitan, instalazio horietan garatzen baita Landuz programa pilotua, 2016-2020 Elkar-EKIN Gipuzkoako Gizarteratzeko Planaren esparruan, xedetzat duena gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonei zuzendutako arreta hobetzea. Horri dagokionez, Olanok adierazi du «Landuz lan aurreko programan parte hartu duten 100 pertsonetatik 56 lanean hasi direla».

Landuz programa Gureak Inklusio Fundazioarekin, Katea Legaiarekin eta Sutargirekin lankidetzan gauzatzen da; programa horren bidez zerbitzu okupazional bat ematen da, gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonek bizitza sozialean aktiboki parte har dezaten laguntzeko, plan edo ibilbide indibidualizatu baten bidez. Parte hartzaileek oinarrizko konpetentzia soziolaboralak eskuratzen dituzte, ingurune laboral edo okupazional babestu batean, «ahal dutenean lanpostu bat eskura dezaten, ez baitugu ahaztu behar, azken finean, lana aurkitzeko zailtasunak dituen kolektibo bat dela, eta laguntza eta tutoretza espezifikoak behar dituena. Hala ere, Landuz programaren emaitzak oso onak izaten ari dira», azpimarratu du diputatu nagusiak, zeinak bisita egin baitu Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak lagunduta. Programa duela 10 hilabete jarri zen abian, eta denbora honetan arreta jaso duten 100 pertsonetatik (Sutargi 47, Gureak 37 eta Katea Legaia 16) 56k lanpostua aurkitu dute. Landuz programan arreta jaso duten pertsonen batez besteko adina 38 urte izan da; % 87 gizonak izan dira, eta % 13 emakumeak.

Erregularizazio administratiboari dagokionez, Landuz programaren bidez 14 erregularizazio lortu dira urriaren 31 arte. Horietatik, Sutargik 3 erregularizazio lortu ditu, eta Gureakek 11. Hori da programari gehien eskatzen zaion kontuetako bat. Aurrekontu osoa, aurten, 422.220 € izan da, honela banatuta: Landuz GIF, 165.000 €,  Landuz Sutargi, 157.220 € eta Landuz Katea Legaia, 100.000 €.

«Landuz programaren bidez lortu nahi diren helburu espezifikoak dira laneko ohiturak eta konpetentzia teknikoak hartzea, eta produkzio jarduerarekin zerikusia duten zereginak ikastea», azpimarratu du diputatuak. Gainera, adierazi du parte hartzaileak udalerri hauetan kokatzen diren «lantegi desberdinen artean» banatzen direla: Irun, Errenteria, Lasarte-Oria, Tolosa, Ordizia, Legazpi eta Astigarraga. Horrela, diputatuak adierazi du parte-hartzaile bakoitza zein lantegitara bideratuko den erabakitzerakoan hainbat alderdi hartzen direla kontuan, hala nola «konpetentzia profila, une horretan zentroan/jardueran lan egiteko egon daitekeen aukera, zentrora iristeko aukera, eta abar».

 

Prestakuntza funtsezko konpetentzietan

Bestalde, diputatuak zehaztu duenez, parte-hartzaileek «zeharkakoak diren funtsezko konpetentziak» eskuratzeko prestakuntza jasotzen dute: gaztelania, ofimatika, komunikazioa, taldeko lana, erantzukizuna eta abar. Eta lantegi soziolaboraletan ere parte hartzen dute: ahalduntzea, enplegu bilaketa aktiboa, genero berdintasuna eta gatazkak konpontzea. Adierazi du, halaber, «esku-hartze integrala» egiten dela, hau da, hainbat alderdi lantzen direla: soziala, pertsonala, osasuna, prestakuntza, etxebizitza eta aholkularitza juridikoa.

Aldundiaren Enplegu Programa osatzeko, ekimen hauek daude martxan: Sendotu -Sendotu Aldi Berean elkarteak kudeatua-, Lanbideratzeko Kudeaketa Aktiboa -Sartu Erroak-Sartu Zabaltzen elkartearen bidez-, Kutxa Zeharo, Acceder Programa, Secretariado Gitano fundazioa, Aukerability -Katealegaia eta Gureak elkarteek kudeatua- eta Caritas eta Gurutze Gorriaren inklusio soziolaboraleko programak.

 «Guk nahi duguna da Gipuzkoa izatea Europan desberdintasun sozial gutxien duen lurraldeetako bat. Eta hori da, hain zuzen, Elkar-EKIN programak bilatzen duena. Izan ere, programa horren bidez, Aldundiak lan hori guztia zuzendu eta koordinatzeko erronkari heltzen dio, guztion artean Gipuzkoa solidarioago eta inklusiboagoa lortzeko», esan du amaitzeko Olanok. Era berean, azpimarratu du erakundeen, unibertsitateen eta hirugarren sektoreko elkarte eta entitateen eskutik, Elkar-EKIN programak «lidergo eraldatzaile» bat hartu behar duela beregain, eta hura garatu, «desberdinen arteko lankidetzan» oinarrituta, bazterketa sozialeko arazoak identifikatzeko eta «inklusiorako erantzunak aurkitzeko».

  

2175