Elkarbidean: opor programa desgaitasun fisikoa dutenentzat
Elkarbidean: opor programa desgaitasun fisikoa dutenentzat
Aurtengo udan, estatu barruko nahiz nazioarteko bidaiak eskainiko dituzte, Elkartuk antolatuta eta Foru Aldundiak babestuta
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta elkartu elkarteak Elkarbidean programa aurkeztu dute gaur goizean, desgaitasuna duten pertsonek udan Estatu barruko nahiz nazioarteko hainbat lekutara bidaiatzeko aukera izan dezaten. Foru erakundearen laguntzarekin, 1989an abiarazitako Elkarbidean programak «bermatu egiten du» desgaitasuna duten pertsonek aisialdiaz «baldintza berdinetan» gozatu ahal izatea, haien eskubidea baita. Horretarako, duten desgaitasun fisiko, organiko edo sentsorialagatik «bestela bidaiatzeko aukerarik izango ez luketen» pertsona horiei bidaiatzeko aukera ematen zaie, gizarte eta kultur jarduera komunitarioetan erabateko parte-hartzea sustatuz, «gero eta inklusiboagoa den gizarte gipuzkoar honetan», adierazi du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak agerraldian, ondoan izan duela Mikel Malkorra elkartuko gerentea, alegia, Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Gipuzkoako Federazio Koordinatzailea.
Horri dagokionez, Peñak gogorarazi du 2006ko abenduaren 13an New Yorken sinatu zen konbentzioak, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzkoak, 30. artikuluan, “bizitza kulturalean, aisialdiko jardueretan eta kirolean parte hartzeko” eskubidea aitortzen diela desgaitasuna duten pertsonei. Eta esan du, baita ere, Foru Aldundiak Elkarbidean bezalako programa sozialak laguntzen jarraituko duela, «gizarte gipuzkoarra are irisgarriagoa eta inklusiboagoa izatea bilatzen» baitute.
Elkarbidea programak helmuga hauek eskaintzen ditu 2018rako:
- Calpe (Alacant), ekainaren 11tik 25era (Diamante Beach hotela).
- Salou (Tarragona), ekainaren 30etik uztailaren 14ra (Salauris hotela).
- Berlin (Alemania), uztailaren 23tik 30era (Ku´Dam 101 hotela).
- Salou (Tarragona), abuztuaren 11tik 25era (Salauris hotela).
- Madril (bidaia kulturala), irailaren 8tik 24ra (Novotel Madrid Center hotela).
Plaza kopuruari dagokionez, elkartuko presidenteak adierazi duenez, “lehentasuna izango dute” desgaitasun handiagoa jasaten duten eta mugikortasun murriztua edota behar bereziko egoerek, adibidez diru-sarrera txikienak, eta abar dituztenek. Eta gaineratu du txanda desberdinek honako zerbitzuak hartzen dituztela barne: hotel irisgarrietan egonaldia (ezin da bermatu egokitutako gelak esleitzea), joan-etorriak autobus egokituan, txangoak, laguntzeko langileak eta bidaia asegurua.
2017ko esperientzien balorazio ona
Iazko balantzeari dagokionez, Malkorrak adierazi du elkarturen bidez bidaiatu zuten pertsonen % 53k adierazi zutela esperientzia «oso ona» izan zela, eta % 42k adierazi zutela «ona» izan zela. Gainera, «balorazio oso positiboa egin zuten, bai garraioari dagokionez, bai hoteletako irisgarritasunari dagokionez». Guztira 162 pertsonek bidaiatu zuten; horien artean, desgaitasuna dutenak, laguntzaileak eta elkartuko laguntzak. «Desgaitasuna duten 75 pertsonek parte hartu zuten, eta horietatik 52k gurpil-aulkia erabiltzen zuten. Laguntzaile gisa, 87 pertsonek bidaiatu zuten (59 beharrezko laguntzaileak ziren, 20 elkartuko laguntzak edo begiraleak, 5 bigarren laguntzaile gisa joan ziren eta 3 beharrezkoak ez diren laguntzaile gisa).
Era berean, azaldu du programan parte hartu zutenen «% 77,3k % 75etik gorako desgaitasuna zutela», eta Elkarbideanekin bidaiatu zutenen % 92k, berriz, mugikortasun murriztua zutela. Beraz, horiek guztiek «hirugarren pertsona baten laguntza behar zuten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko». Adierazi du, bestalde, «parte hartu zutenen % 66,6 diru-sarreren 1. mailan zeudela, eta % 65,3 65 urtetik beherakoak zirela».
Elkarbidean programari buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko (nork eman dezakeen izena, baldintzak, prezioak, eta abar), eta izena eman ahal izateko, Elkarturen web orrira jo eta Elkarbidean programa izeneko atalean sartu behar da, telefonoz deitu (943 316 770) edo elkarturen egoitzara hurbilduta (Ondarreta Pasealekua 5, behea, Donostia).
Amaitzeko, Maite Peñak gogorarazi du desgaitasuna duten pertsonen «irisgarritasuna eta aisialdia» inklusioa eta parte-hartze soziala sustatzeko bideak direla, autonomia indartzen baitute, Foru Aldunditik bultzatzen jarraitzen dugun helburu batekin: «irisgarritasun unibertsala».
Calpe, Salou, Madril eta Berlinera joatea izango dute aukeran
2367