Elkarlan estrategikoko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta Orkestrak
Elkarlan estrategikoko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta Orkestrak
Lehiakortasunerako Euskal Institutuak babesa eskainiko du ikerkuntza eta trebakuntza prozesuetan, jarduera ekonomikoaren suspertzeari eta Gobernantza Onari lotuta bereziki
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Orkestra-Deustuko Unibertsitateko Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, elkarlan estrategikoko hitzarmena formalizatu dute gaur, unibertsitate arloko ikerkuntza zein Zubigintza, Ikerkuntza-Ekintzarako Laborategia proiektuaren zuzendaritza akademikoa sustatzeko. Gipuzkoa Sarean egitasmoan kokatzen da proiektua, eta lurralde garapen orekatua eta kohesionatua bultzatzea du xede, Gipuzkoan gobernantza eredu berriak ezarriz.
Markel Olano diputatu nagusiak eta Ignacio Mª Echeberria Orkestrako presidenteak izenpetu dute hitzarmena. 2016an egongo da indarrean, eta bi ekintza ildo nagusi edukiko ditu: Ekonomia Suspertzeko Planari lotutako jarduerak eta, zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldeko enpresa txiki eta ertainei babesa emateko garatutako estrategiak, alde batetik, eta, bestetik, Aldundia gobernantza ona finkatzeko darabilen dinamikaren orientazioa eta aholkularitza.
Helburu nagusia da Orkestrak Aldundiari euskarria eskaintzea ikerkuntza eta trebakuntza prozesuak garatzerakoan, Institutuak alor hauetan duen eskarmentua aprobetxatuz: eskualde eta tokiko garapena, berrikuntza politika eta sistemak, enplegua sortzeko lurralde estrategiak eta RIS3 estrategiak, gobernantza edo berrikuntza soziala, eta klusterrak. 246.840 eurorekin hornitu dute hitzarmena. Bi erakundeon artean elkarlanerako eta koordinaziorako testuinguru egonkorra finkatu nahi da, Aldundia unibertsitate eta ikerketa zentroekin duen “etengabeko” interlokuzioaren barruan.
Markel Olanok onuragarritzat jo du Aldundiaren eta Orkestraren arteko harremana, 2009an Gipuzkoa Sarean egitasmoa martxan jarri zenetik, eta azpimarratu du hitzarmen berria legealdiko Kudeaketa Plan Estrategikoaren barruan jasotako lehentasunezko lan ildoekin bat datorrela. Bai Lurralde osoan “gobernantza ona” bultzatzearekin, eta baita “ekonomiaren suspertzea finkatzeko” egitasmoekin ere.
Diputatu nagusiak azaldu duenez, helburu horietan aurrera egiteko, ezinbestekoa da gobernu ekintzan “berrikuntzaren” alde egitea, ez bakarrik politiken edukietan, baizik eta formetan ere. “Aktore ezberdinen gaitasuna indartu nahi dugu, erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartu eta ineraktuatzerakoan. Funtsezkoa da persona guztien babesa, ideiak eta energia eskuratzea, eta Gipuzkoak duen kapital soziala mobilizatzea. Beti azpimarratu dugu kapital horren aberastasuna”. Erronka horretan, garrantzitsutzat jo du Orkestraren eta, oro har, unibertsitate sarearen ekarpena.
1468