Elkarren segidako 35 egun, adinekoen egoitzetan COVID-19rekin heriotzarik gabe
Elkarren segidako 35 egun, adinekoen egoitzetan COVID-19rekin heriotzarik gabe
Azken bi egunetan ere ez da positibo berririk atzeman eta birusarekin jarraitzen duten pertsonak lau dira.
Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoeraren berri eman du COVID-19ri dagokionez, eta azken bi egunetan ere ez dela aldaketarik izan adierazi du, 65 zentrok eta 5.425 plazak osatzen duten Gipuzkoako egoitza-sarean. Bost egun igaro dira Aretxabaletako GSR Debagoiena zentroan azken positiboa eman zenetik, eta guztira 35 egun jarraian igaro dira COVID-19 azken positiboa hil zenetik.
Gaur arte, 392 adineko lagunek gainditu dute gaixotasuna, 167 zendu dira eta lau dira diagnostiko positiboarekin jarraitzen dutenak egoitza-zentro bakar batean; hurrenez hurren, % 69,6, % 29,7 eta % 0,7 dira. Ospitaleko arreta behar duen pertsona bat da, eta beste hirurak Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan artatuak izaten ari dira, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zentro gisa gaitu dena.
Osasun-krisia hasi zenetik, 16 zentrok izan dituzte COVID-19 kasu positiboak, eta gaur arte, 15ek utzi dute atzean birusa: Tolosako Iurreamendi, Eibarko Egogain, Irungo Caser Residencial Anaka, Zarauzko Santa Ana, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Zumaiako Otezuri, Donostiako Aita Etxe, Beasaingo Arangoiti, Donostiako La Paz, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao, Eskoriatzako Jose Arana, Eibarko San Andres, Arrasateko Iturbide eta Donostiako Berra.
1395