Emakumeen aktibismo sindikala. Emakumeen lan-eskubideen lorpena Gipuzkoan
Emakumeen aktibismo sindikala. Emakumeen lan-eskubideen lorpena Gipuzkoan
Argitalpen honek azterketa bat egiten du XIX. mendearen azken herenetik gaur egun arte, eta artxibo- eta bibliografia-iturriak ikertzen ditu, Gipuzkoako emakumeen borroka sindikala dokumentatzeko.

- Argitalpenean lehen pertsonan jasotzen diren lekukotzek agerian uzten dute emakumeek sindikatuetan izan duten zeregina, eta haien memoria eta lan-berdintasunaren aldeko aldarrikapenak berreskuratzen ditu.
Ramon Rubial Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak aurkeztu berri dute Emakumeen aktibismo sindikala. Emakumeen lan-eskubideen lorpena Gipuzkoan argitalpena, astelehen honetan Gipuzkoako Foru Aldundian eskaini duten prentsaurreko batean. Bertan izan dira Goizane Álvarez Irijoa, Kultura diputatua, eta euskal kultura sozialistaren eremuan espezializatutako historialari, artxibozain eta dokumentalista den Carmen González Guerra egilea. Ramón Rubial Fundazioko presidente Eider Gardiazabal ere prentsaurrekoan izan da.
Aurkezpenean, argitalpenaren protagonistetako batzuk ere izan dira, hala nola Ana Alberdi Ugalde, Eibarren jaioa, zinegotzi sozialista izan zena (1983-1987) eta bizitza sindikal eta politikoari lotua egon zena; Carmen Retenaga Eraña, Gironan jaiotako eibartarra Gerra Zibiliraen erruz, Alfan lan egin zuen, eta zinegotzi sozialista izan zen (2001-2011); Isabel Orive Martínez, jatorriz Murtziakoa, UGTko kide egin zen Donostian, eta aktiboa izan zen pentsioen eta zainketen gaietan. Eta azkenik, Yolanda Sánchez Caballero azpeitiarra zenbakizko kontroleko makinetan espezializatu zen eta sindikatuan eta enpresa batzordean parte hartzen du.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak argitalpen honen garrantzia goraipatu du, lagungarri baita «Gipuzkoan borroka sindikalean eta lan-eskubideak lortzeko borrokan giltzarri izan diren emakumeen memoria berreskuratzeko eta haren balioa nabarmentzeko». Álvarezek azpimarratu duenez, «lan honetan jasotako bizi-historiek argi erakusten dute urtez urte gizarte justu eta berdinzaleago bat eraikitzen lan egin duten hainbat eta hainbat emakumeren konpromisoa, ausardia eta kemena». Halaber, Kultura Departamentuak memoria historikoa zaintzeko eta hedatzeko hartua duen konpromisoa berretsi du, «emakumeen ahotsak ahanzturan galdu ez daitezen eta etorkizuneko belaunaldientzat inspirazio izan daitezen bermatuz».
Argitalpen hau 2024an egindako ikerketa baten emaitza da, eta XIX. mendearen azken herenetik gaur egunera arteko kronologiari erreparatzen dio. Artxiboko iturriak eta iturri bibliografikoak biltzen dituen analisi honek 20 bizi-historia biltzen ditu: Sindikatuarekin, lan-eremuarekin eta laneko eskubideen eta berdintasunaren aldeko borrokarekin duten loturaren berri ematen duten 20 emakumeren ahotsak. Hala, emakumeek Gipuzkoako sindikatuetan izan duten esku-hartzea ikusarazi nahi da, haien memoria berreskuratuz eta ahozko dokumentuak sortuz; izan ere, haien bizi-historiek ongi erakusten dute emakumeei lotutako aldarrikapenek zer-nolako protagonismoa izan zuten sindikatuetan.
Ramón Rubial Fundazioko lehendakariak esan duenez, «gaur aurkezten ari garenaren moduko proiektuak garatzea funtsezkoa da Gipuzkoan justizia sozialaren alde borrokatu ziren emakumeak ikusarazteko, haien esperientziei eta lorpenei ahotsa emanez». Mugimendu sindikalaren historian, «emakumeak funtsezkoak izan dira eskubideak antolatzeko, protestatzeko eta lortzeko, baina haien ahaleginek ez dute beti merezi duten aintzatespena jaso».
Ramón Rubial Fundazioan, gaur aurkezten duguna bezalako proiektuak bultzatzen jarraituko dugu, desberdintasun-testuinguru historiko batean beren lan- eta gizarte-baldintzak hobetzeko borrokatu zirenen ekina gogorarazteko eta ikusarazteko, bereziki emakumeena, haien eskubideak sistematikoki alde batera utzi edo mugatu ziren ingurune batean aritu baitziren.
.
4746