Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Energia Mahaiaren bilera eskualdeekin batera pobrezia energetikoari aurre egiteko

Energia Mahaiaren bilera eskualdeekin batera pobrezia energetikoari aurre egiteko

Aurrezpen eta eraginkortasun energetikoan, energia berriztagarrietan eta energia negozioaren eredua sozialagoa bihurtzeko ahaleginean lan egin behar da.

2017/03/03

Jose Ignacio Asensio Ingurumen Diputatuak Gipuzkoako Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaiaren lehendabiziko bileraren buru izan da gaur goizean. Bertan Mahiaren kideak diren Oarsoaldea, Urola Erdia, Tolosaldea Garatzen eta Debegesa eskualdeetako garapen agentziak izan dira. Organo honek eskualde mahaiaren ekintzak bateratu eta foru ekintzekin batuko ditu eskualde hauetako energia planak sustatu, dinamizatu eta garatuko dituzten ekintzak aurrera eramateko.

Mahaiak Gipuzkoako energia jasangarriarekin eta pobrezia energetikoarekin zerikusia duten administrazio, erakunde, gizarte eragile eta enpresariei kontsulta egiteko, aholkuak eskatzeko eta parte hartzeko organoaren izaera du. Pobrezia energetikoa eta energiaren mendekotasuna murriztea, eta gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik Gipuzkoan eredu energetiko jasangarri bateranzko trantsizioa xede duten politikak eta jarduera ildoak definitu dezaketen estrategi bateratuak lantzeaz, garatzeaz eta ebaluatzeaz arduratuko da.

Energia-pobretasunaren adierazleak agerian jartzen ari direnez, herritarrengandik gertuen dauden gizarte eta ekonomia alderdiek garrantzia handia dute energia arloan. Asensiok nabarmendu du energia oinarrizko ondasuna dela, eta gure lurraldean edonork izan beharko lukeela energia hori eskuratu eta baliatzeko aukera, egungo eredu energetikoak ezartzen dituenak baino “baldintza errazagoetan”.

“Herritarrek gertuen dituzten erakundeei eskatzen diete esku har dezatela energiaren arazoari irtenbide bat aurkitzeko. Gipuzkoako Udalek eta tokiko entitateek, bereziki garapen agentziek, laguntza teknikoa eta ekonomikoa emateko neurriak eskatu dizkigu Foru Aldundiari. Hiru alor nagusietan lan egin behar dugu: aurrezpen eta eraginkortasun energetikoan, energia berriztagarrietan eta energiaren negozioa eredu sozialagoa bihurtzeko ahaleginean”, azpimarratu du Diputatuak.

Departamentuari atxikita dagoen Mahai honek Urola Erdiko, Debabarreneko, Oarsoaldeko, Tolosaldeko eta Urola Garaiko eskualdeekin hasiko du ibilbidea, horiek dagoeneko energiako eskualde planak baitituzte abian, foru plangintzarekin bat, eta eskualdeko garapen ekonomikoko agentziak izango dituzte ordezkari, arlo horretako tokiko-eskualdeko ekintza plan horiek sustatu eta koordinatzen dituztenak.

 

Asensiok azaldu du departamentua eskualdeekin batera ari dela lanean energiaren alorrean euren ekintza planak egin ditzaten. Eta horretarako, hainbat erakunderen laguntza dute: eskualdeetako garapen ekonomikorako agentziena (sustatzaileak eta koordinatzaileak), udalena, landa garapenerako agentziena, eta zenbaitetan, herritarren elkarteren batena.  Helburu horrekin, eskualdeetako energia mahaietan elkartzen dira, departamentua ere presente dagoen parte hartze foroetan.

Ingurumen diputatuaren ustez ezinbestekoa da tokiko erakundeek (Foru Aldundia, Udalak eta tokiko beste erakunde batzuk) elkarrekin lan egitea kontsumitzaileak (hiriko zein landa inguruetako etxeak, sektore guztietako ETEak, denda txikiak, zerbitzu publikoak, eta abar) partaide izango dituen energiaren inguruko estrategia komun bat bultzatu ahal izateko. Estrategia horrek, hainbat ekintza planetan banatuta, pobrezia energetikoa eta ahulezia gutxitzeko hartu beharreko neurriak garatuko ditu: eraikinen, instalazioen, tresnerien, ibilgailuen eta abarren kontsumo ohiturak eta eraginkortasuna hobetzeko prebentzio neurriak eta neurri eraldatzaileak, etekinen banaketa zuzena egiten duten proiektuak erraztuko dituzten ekimen kolektibo eta publikoak, hala nola, udal eta eskualde mailako energia alorreko plangintza eta ekintzak, kooperatiba energetikoak, energia berriztagarriak oinarri hartuta autokontsumoa sortzea, eta abar.    

 

“Hainbat sinergia sortu behar ditugu eredu energetiko jasangarri bateranzko aldaketa egiten lagunduko digutenak, energia arloko proiektu ugari gure lurraldean, denon artean, diseinatu eta garatzeko baliagarri izango direnak, betiere Gipuzkoako gizartearen pobrezia energetikoa gutxitzeko eta prebenitzeko, mendekotasun energetikoa gutxitzeko, eta CO2 emisioak pixkanaka murrizteko, aldaketa klimatikoaren kontrako politikekin bat eginez. Gainera, mahai honen bitartez ekonomia lokalak suspertu nahi dira, herritarrei onura eta zerbitzu energetikoak emateko gaiaren inguruan" nabarmendu du Asensiok.

  

1458