Enplegu publikoko 101 lanpostu dituzten 13 deialdi onartu ditu Foru Aldundiak
Enplegu publikoko 101 lanpostu dituzten 13 deialdi onartu ditu Foru Aldundiak
“Prozesu horiei esker, Foru Aldundiaren gaitasunak indartu ahal izango ditugu Foru Ogasunaren kudeaketan, arreta sozialean edo jasangarritasunean”, nabarmendu du Irune Berasaluzek.
Diputatuen Kontseiluak enplegu publikoko hautaketa prozesuetarako 13 deialdi onetsi ditu gaur, eta horien bidez 101 plaza eskainiko ditu, Foru Aldundia egiten ari den belaunaldien arteko errelebo prozesuaren eta giza baliabideak finkatzeko prozesuaren barruan; izan ere, legegintzaldi honetan aipatutako lanketa hau "abiada handia hartzen ari da", Irune Berasaluze foru bozeramaile eta Gobernantzako diputatuak nabarmendu duenez. Oinarriak bihar, urriaren 17an argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, dagozkion informazio eta xehetasun guztiekin, eta eskaerak etzi, ostiraletik aurrera aurkeztu ahal izango dira, epea 20 egun naturalekoa izango delarik.
Foru bozeramaileak lanpostuen "profil aniztasuna" azpimarratu du, kategoria guztiak hartzen baitituzte (A1, A2, C1 eta C2), eta oposizio-lehiaketaren bidez esleituko direla jakinarazi du: administrazio orokorreko teknikarien (AOT) 34 plaza; ogasuneko goi mailako teknikarien 18 plaza; obra eta proiektuetako teknikari laguntzaileen 9 plaza; suhiltzaile ofizialen 9 plaza; basozainen 8 plaza; laguntzaile balioaniztunen 8 plaza; medikuen 3 plaza; laborategiko erdi mailako teknikarien 3 plaza; zaintzaileen 3 plaza; prebentzio eta esku hartzeko laguntzaile teknikoen 2 plaza; ingurumeneko goi mailako teknikarien 2 plaza; irratiko operadoreen 2 plaza; eta telekomunikazioko ingeniariaren plaza bat.
“Prozesu horiei esker, Foru Aldundiaren gaitasunak indartu ahal izango ditugu arlo garrantzitsuetan, hala nola ogasunaren kudeaketan, gizarte arretan edo jasangarritasunean. Administrazio publiko indartsu eta trebea izan nahi dugu, herritarrei zerbitzu bikaina eskainiko diena eta gaur egungo behar eta erronka berrietara egokitzeko gai izango dena. Horretarako, funtsezkoa da gure egitura eraberritzen, pertsona trebatuekin eta zerbitzu publikorako bokazioa dutenekin", adierazi du bozeramaileak. Administrazio orokorreko teknikarien garrantzia nabarmendu du, plazarik gehienak haienak baitira; profil anitzekoak dira, eta "funtsezko" zeregina betetzen dute erakundeak funtzionamendu "arina eta eraginkorra" izan dezan, "batez ere idazkaritza teknikoetan".
Azterketen deialdiak maiatzaren 1etik aurrera egingo dira. Izangaiek probetan lortzen duten puntuazioa ez ezik, administrazio publikoetako esperientzia, titulu ofizialak eta hizkuntzak ere balioetsiko dira. Plaza guztien artean, 8 plaza desgaitasuna duten pertsonentzat gordeko dira. Lanpostuak betetzeaz gain, prozesu horren ondorioz, Aldundiak lan poltsak berriak osatuko ditu azterketa gainditzen duten izangaiekin.
Prozesua abian jartzeko, 2023ko eta 2024ko Aldundiaren enplegu publikoaren eskaintzetako plaza batzuk aprobetxatu dira (90 eta 77, hurrenez hurren), eta ahalik eta gehien aprobetxatu da Estatuak urtero erretiroagatiko lanpostu hutsak betetzeko ezartzen duen birjartze tasa. Ohikoa denez, eskaintza horiek onartzen direnetik hiru urteko gehieneko epea dagoenez hautaketa prozesuen deialdiak onartzeko, ekonomia, eraginkortasun eta efizientzia arrazoiak direla medio, bat datozen plazak metatu dira, eta hautaketa prozesu berean egin da haientzako deialdia.
Gogoan izan behar da 2025aren hasieran egingo direla aurreko beste prozesu batzuetako azterketak, letraduen 2 plaza (urtarrilaren 16an), bidezainen 3 plaza (otsailaren 4an) eta kudeaketako erdi mailako teknikarien 8 plaza (otsailaren 13a) betetzeko. Era berean, aurreko Kontseiluan administrarien 112 plaza eta Ogasuneko goi mailako teknikarien 30 plaza betetzeko izendapenak egin ziren, eta hil honen 21ean hasiko dira lanean Aldundian. Bestalde, 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira behin-behinekotasuna murrizteko 20/2021 Legearen egonkortze prozesuei dagozkien 68 deialdiak. Lege hori betez, Aldundia 422 plaza publikoren eskaintza kudeatzen ari da. 68 deialditatik, 46 lehiaketa bidez ebatzi behar dira, eta 22 oposizio-lehiaketa bidez. Helburua da datozen urteetan legez ezarritako % 8ko behin-behinekotasun tasa lortzea.
Bozeramaileak nabarmendu duenez, prozesu horiek guztiek erakusten dute legegintzaldi hau "mugarri izaten ari dela Aldundiaren barne eraldaketaren ikuspuntutik". "Belaunaldi aldaketa bete-betean gaude eta datozen urteetan ere bide horretatik jarraituko dugu. Aldundiaren historian egin den enplegu publikoko eskaintzarik handiena egiten ari gara, eta, horri esker, erakundearen antolaketa eta baliabideak egokitzeaz gain, enplegua egonkortzen jarraituko dugu, eta urte hauetan erretiroari aurre egin behar dion "baby boom" delakoaren lekukoa gauzatuko dugu", azaldu du Berasaluzek. Alde horretatik, berriz ere eskerrak eman dizkie probak antolatu eta kudeatzeaz arduratzen diren Aldundiko langileei beren "konpromisoagatik", "buru-belarri" ari baitira lanean: "Hainbeste hautaketa prozesu diseinatu, prestatu eta aurrera eramateak lan ikaragarria eskatzen du" adierazi du.
Baserritar misto profesionala
Halaber, Diputatuen Kontseiluak baserritar misto profesionalentzako laguntza programaren oinarri arautzaileak onartu ditu. Ekimen berri hori lehen sektoreko belaunaldi erreleboa bermatzera bideratuta dago. Lehen sektorean jarduera profesional bat garatzeko interesa duten pertsonei lagundu nahi zaie, enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igaro daitezen, prozesu horretan bi lan horiek uztartuz. Horretarako, ekimenak proposatzen du lanaldia % 50 murriztea, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin modu profesionalean bateratu ahal izan dezan, diru-sarrerak bi jardueretatik etor daitezen.
Programa baserritar misto profesionala izateko interesa duten 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Parte hartzeko, beharrezkoa da kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea. Laneratu berria izanez gero, lan-kontratu mugagabe berriak lanaldiaren % 50ekoa izan beharko du. Enpresei dagokienez, parte hartzeko baldintza nagusia da haien jarduera ez egotea lehen sektorearekin lotuta. Programak sei urteko iraupena izango du guztira, eta baserritarrei zein enpresei konpentsazio ekonomikoa emango zaie, lanaldi murrizketa horren ondorioei aurre egiten laguntzeko. Horrela, baserritarrek 40.000 euro jasoko dituzte, eta enpresek 30.000 euro.
Aurreikuspenen arabera, urtero 30 onuradun inguru egongo dira, eta bost urtean 150 baserritar misto profesionaletara iritsiko dira. Urte horietan 9 milioi euro bideratuko dira proiektura. Berasaluzek gogorarazi duenez, "denborak aurrera egin ahala, gure gizartea landa ingurunetik eta gure baserrien jardueratik urrunduz joan da, eta horrek belaunaldi erreleborik gabe utzi gaitu. Gaur egun, ustiategien % 78 50 urtetik gorako pertsonek kudeatzen dituzte. Oro har, nekazaritza ustiategien kopurua behera egiten ari da, eta lehen sektorean aritzen den biztanleria aktiboa ere murriztuz doa; eta ez dezagun ahaztu pertsona horiek funtsezko garrantzia dutela elikagaien ekoizpenean, gure ingurunearen zaintzan edo lurralde orekan".
"Joera hori –gaineratu du– ezin da politika tradizionalekin irauli, eta, beraz, malgutasunaren aldeko apustua egingo duten formula berriekin esperimentatu behar dugu, gizartean gertatu diren aldaketak eta belaunaldi berriek lana hautemateko modua kontuan hartuko dituztenak, dagoeneko abian dauden laguntza programak osatuz". Hala, ekimen berri honen bidez, gazte ekintzaileak sektorean sar daitezen sustatu nahi du Aldundiak, eta horrekin batera jada instalatuta dauden ekintzaileei jarduera areagotzen lagundu nahi die, beren bizitza eta baserrian egiten duten jarduera beste lan batekin bateratu ahal izan dezaten, industria sektorean, hirugarren sektorean edo administrazio publikoan.
Jarduera aniztasuna lurralde estrategia gisa sustatuz, bi noranzkoko trantsizio jasangarri bat bultzatu nahi da, enpresatik baserrira eta alderantziz, sektorearen produkzio ahalmena handitzeko Gipuzkoan, eta, horrekin batera, landa ingurunea zaintzeko; eta horrek gizarte eta ingurumen arloko abantailak dakartza, herritar guztien ongizate orokorrean eragiten dutenak. Bozeramaileak informazioa jasotzeko eta oinarriak kontsultatzeko deia egin die interesa duten guztiei. Oinarriak GAOn argitaratuko dira. Gainera, helbide elektroniko bat jarri da (bmp@gipuzkoa.eus) ekimen honetan parte hartzeari buruzko edozein zalantza edo galderari erantzuteko.
Juan Joxe Agirreri omenaldia, ostiralean
Azkenik, foru bozeramaileak aditzera eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren ostiralerako, hilaren 18rako, antolatu duela Juan Joxe Agirre Begiristain beneditar eta artxibozain goierritarrari (Alegia, 1930) omenaldia. Arratsaldeko 18:00etan egingo da Lazkaoko Beneditarren elizan eta ekitaldi herrikoia izango da, bertaratu nahi duen orori irekia. Giza Euskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaritzak, Lazkaoko Udalarekin eta Lazkaoko Beneditarren komunitatearekin elkarlanean antolatu du ostiraleko hitzordua.
Euskal Herriko “memoria historikoaren eta hurbileko memoriaren alde”, Agirrek egindako “lan nekaezina eta aitzindaria” aitortzeko parada eskainiko du ostiraleko ekitaldiak, Berasaluzek aurreratu duenez. Izan ere, dagoeneko mende erdiz, Euskal historia garaikidea ezagutzeko ezinbestekoa den artxibo eta dokumentu funtsa garatu eta zaindu du bere bizitza ibilbidean Lazkaoko Beneditarren Artxiboaren sortzaileak.
Foru diputatuak gogorarazi duenez, “diktadura ilunean egonik ere”, euskal kulturari eta politikari lotutako materialak biltzen hasteko “bisioa eta ausardia” izan zuen Agirrek. “Bestelako mehatxuak sentitu eta jaso izan baditu ere, lanketa horri eutsi eta bere jakintza eta bizitza osoa eman dio ahalegin horri, gure herriaren historia eta gure herriaren bilakaeran azken hamarkadetan jazotako guztia ezagutzeko ezinbesteko funtsa sortuz, beti ikertzaileen eta gizarte osoaren eskuragarri jartzeko bokazioarekin”, gaineratu du.
8133