Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Enplegu publikoko 338 plaza eskainiko ditu Foru Aldundiak datozen 3 urteetan

Enplegu publikoko 338 plaza eskainiko ditu Foru Aldundiak datozen 3 urteetan

Orain arte egindako EPE handiena da, eta Markel Olanoren esanetan, etorkizuneko eraldaketa gauzatzeko moduan kokatuko du erakundea

Enplegu publikoko 338 plaza aterako ditu lehiaketa-oposaketara Foru Aldundiak; datozen hiru urteetan zehar deituko dira azterketa guztiak. Izan ere, joan den astearteko Diputatuen Kontseiluak 2018. urteari dagokion lan publikoko eskaintza onartu du, 317 plazarekin, eta horiei joan den urteko EPEan onartutako 21 plaza gehitu behar zaizkie. Markel Olano diputatu nagusiak gaur azpimarratutakoaren arabera, Foru Aldundiak “bere historian” egindako lan publikoko eskaintzarik handiena da, eta mugarria ezartzen du Aldundiaren modernizazio prozesuan. “Epe motzean bere oinarriak sendotzeko aukera emango digu, enpleguaren sustapena edo gizarte arreta bezalako ekintza estrategikoak indartuz, eta aldi berean, bere etorkizuneko eraldaketari ekiteko moduan kokatuko du Aldundia, Gipuzkoaren gizartearen behar eta eskari berriei, eta lurraldean finkatzen ari garen gobernantza ereduari egokituz”. 

            “Erabakigarria” den une honetan, Aldundian belaunaldi erreleboari aurre egiteko aukera emango du EPEak, datozen hamar urteetan 900 langile baino gehiagok hartuko baitute erreleboa, hau da, plantillaren erdia gutxi gora behera: “Erakundearen ateak zabaltzen dizkiegu perfil berriei, gazteei eta talentuari”, nabarmendu du Olanok. Horretarako, lehiaketa fasean, besteak beste, formakuntza akademikoa eta hizkuntzak ezagutzea baloratuko da eta, aurreneko aldiz, horrelako gaitasunak frogatu beharko dituzte hautagaiek oposaketa fasean: talde lana, komunikazioa, aldaketei egokitzea eta profesionaltasuna. “Ondo prestatutako pertsonak behar ditugu, trebezia berriak dituztenak, eta LPE honekin belaunaldi berri bati sarrera ematea da gure asmoa. Parte hartzera animatzen ditugu, ezinbestekoak direlako zerbitzu publikoa, eta herritarren exijentziei ematen zaien erantzuna hobetzen jarraitzeko”, adierazi du.

Ez da hori helburu bakarra, ordea. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azaldu duenez, EPEak “sekulako garrantzia” edukiko du Aldundiaren enplegu publikoaren egonkortasuna areagotzeko. Izan ere, administrazio publikoetan pilatutako eskarmentua aintzat hartuko da oinarrietan. Estatuak EPEak egiteari jarritako debekua dela-eta, igotzen joan da behin-behinekotasun tasa -% 30etik gorakoa egun-, eta tasa hori murriztu egin nahi da. Halaber, eta helburu berarekin, karrerako funtzionarioek barne sustapeneko txandetan parte hartu ahal izango dute; plaza guztietatik, 46 beteko dira formula horren bidez. “Belaunaldi berriak erakarri, eta Aldundian lanean ari direnen ezagutza mantendu; bi ardatz horien arteko oreka bermatuko dugu oinarrietan”, azaldu du Lasak.  

Azterketen egutegi orokorra urte hasieran ezagutaraziko da, baina lehen hautapen probetarako deialdiak urtarrilean argitaratuko dira jada. Hauek izango dira: Administrazio Orokorreko Teknikarien (AOT) 35 plaza; gizarte langileak, 25 plaza; eta medikuentzako 4 plaza. AOTaren figura gakoa da Aldundiaren idazkaritza teknikoetan, eta horiek indartuta posible izango da kudeaketa eta aholkularitza lanetan bizkortasun eta azkartasun handiagoz aritzea. Gizarte Politiketako departamentuari lotutako EPEei dagokienez, gizarte arretarako beharren hazkundeari erantzungo diote, “baliabide gehiago beharko baititugu premia handiena dutenei zerbitzu egokia eskaintzen jarraitzeko. Lehentasunezko esparrua da”, esan du Lasak. Gainera, urtarrilaren 11n egingo dira iruzur fiskalari aurre egiteko teknikarien EPEaren azterketak, 35 lanpostu guztira, aurreko urteetan onartutako plazen bidez. Legealdi honetako bigarren EPEko probak dira, 2017an suhiltzaileen 25 plaza betetzeko azterketak egin baitziren.

Diputatu Nagusiak aditzera eman duenez, eskainiko diren plazen % 70 baino gehiago, “kualifikazio maila altukoak edo ertainekoak” izango dira.  Zeharkako lanpostuak, polibalenteenak, barne hartuko ditu bereziki, hala nola administrazio orokorreko teknikariak, ekonomialariak, informatikariak, erdi mailako teknikariak eta administrariak -horiek langileen % 40 osatzen dute gutxi gorabehera-. Haatik, lanpostu sektorialagoak eta espezialitatuagoak ere eskainiko dira, eta horietarako beste profil batzuk ere eskatuko dira, arlo hauetakoak, besteak beste: telekomunikazioetako eta bideetako ingeniaritza, topografía, nekazaritza, ingurumena, arkitektura, psikologia, erizaintza, kirolak edota gizarte lana –ikusi atxikitako taula-.

Era berean, gizarte inklusioaren aldeko apustuari jarraituz, plaza guztien %10 desgaitasuna duten pertsonei zuzendutakoak izango dira, eta, lehen aldiz, artxibo eta zerbitzu orokorretako hiru plaza eskainiko dira EPEan, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat. Izan ere, lanpostuen azterketa sakona egin zen, hain justu, EPEetan kolektibo horri egokitutako lanpostu espezifikoak aintzat hartzeko helburuz. Neurri «aitzindari» horren bidez, desgaitasun mota hori duten pertsonek funtzio publikoan ere parte hartzea normalizatu nahi da.

Joan den asteartean onartutako EPEa aurrera ateratzeko, «ahalik eta probetxurik handiena» atera zaio estatuko aurrekontuen legeak eskaintzen dituen aukerei, bai eta enplegu publikoaren eskaintza egiteko baldintzak malgutu izanari ere, nola lehentasunezko arloetako erretiroak betetzeko berriztatze tasari dagokionez, hala sendotzeari eta egonkortzeari dagokienez. 2005etik 2015era bitartean behin-behineko betetako plazak ateratzea ahalbidetzen dute modalitate horiek. Gainera, Aldundiko ordezkapen sindikalaren gehiengoaren babesa du EPEak, langileen ordezkariekin izandako negoziazioen poderioz.

Aldundiko azken EPE handia 2006an egin zen. Orduko hartan, 193 lanpostu eskaini ziren, eta 7.708 eskaera aurkeztu. Oraingo legealdia «mugarria» izango da enplegu publikoa biziberritzeko bidean, EPEak eta lan poltsak aintzat hartuz, 6.000 lagun baino gehiago aurkeztu baitira dagoeneko hautaketa prozesuetara.

Aldundiaren etorkizuneko diseinua

Halaber, Diputatu Nagusiak agerraldian nabarmendu duenez, EPEak oinarriak ezarriko ditu, “berebiziko garrantzia” duen hurrengo pausoa emateko: bide orria adostea Aldundiaren egitura eta antolaketa sakonki berraztertzeko, eta etorkizuneko Aldundia diseinatzeko, “gaur egungoa 80ko hamarkadan pentsatutakoa baita”. “Aldatzen ari da Gipuzkoa, eta gero eta azakarrago aldatuko da. Lehiakorra eta jasangarria izaten jarraitzeko, ezinbestekoa da pertsonak, enpresak eta gu, erakundeak, aldaketa eta behar berrien aurrean egokitzea eta gure burua eraldatzea. Datozen hamarkadetan, Gipuzkoan bere biziraupena du jokoan Aldundiak. Paper garrantzitsua eduki nahi baldin badu, azken urteotan hasitako modernizazio prozesua azkartu eta osatu beharko du”.

Etorkizuna Eraikizen barruan hasitako apustu estrategikoak eta Gipuzkoako gobernantza eredu berriak arrakastatsuak izan daitezen, haren esanetan, beharrezkoa izango da Aldundiaren egituran eta lan egiteko moduetan “apustu horien pareko eraldaketa gauzatzea”. “Lehiakortasuna eta enplegua, gero eta errealitate sozial konplexuagora egokitzea, zahartzea, migrazioak edota lanerako eta harremanetarako forma berriekin, Gipuzkoaren nortasun kulturalaren biziraupena mundu globalizatuan… lurraldearen etorkizuneko erronka nagusiak gero eta konplexuagoak dira eta dimentsio ugari dituzte. Horri erantsi behar zaio teknologiak alor horietan guztietan duen inpaktua, edo herritarren urruntasuna erakundeekiko eta politikarekiko”.

Dagoeneko ekin zaio Aldundiaren etorkizuneko disenuaren inguruko azterketari, eta hori bukatzen denean, prozesua zabalduko da herritarrek, elkarteek eta lurraldeko eragile guztiek eztabaida horretan parte har dezaten, “Gipuzkoan gizarte bezala dugun erronka handienetakoa baita. Ez dakigu nola izango den erakundea hemendik 20 urtera, baina jakin badakigu, balio publikoa sortzen eta etorkizunaren eraikuntzan agente aktiboa izaten jarraitu nahi baldin badu, oraingoarekin zerikusirik izango ez duela”, iragarri du. Eta gaineratu du aldaketa prozesu horrek eskatuko dituela “profil berriak eta egitura malguagoak, inertziak apurtzeko ausardia, inpaktu handiko erabakiak, eta baliabideak”.  

Eraldaketa horrekin, ezaugarri hauek edukiko dituen erakundea gauzatu nahi da: gobernantza gertukoa, adimentsua eta eraldatzaile baten liderra; bere egituretan berritua, eraginkorragoa, malguagoa eta gertukoagoa izateko; datozen hamarkadetako pertsonen eta trebezien kapitala txertatuko duela; eta aitzindaria, adimenkorra, berritzailea eta teknologikoki aurreratua.

  

1873