Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Enplegua jotzen du lehentasun nagusitzat Gipuzkoako azken Soziometroak ere

Enplegua jotzen du lehentasun nagusitzat Gipuzkoako azken Soziometroak ere

Inkesta soziopolitikoaren arabera, gehienek uste dute krisialdia ez dela guztiz gainditu, eta lanean jarraitu beharra dagoela garapen ekonomikoaren alde

2019/04/10

Egoera soziopolitikoari buruzko azken inkestaren, Gipuzkoako soziometroaren emaitzak aurkeztu ditu gaur Foru Aldundiak. Imanol Lasa foru bozeramaileak zehaztu duenez, “hiru ezaugarri nagusi” dauzka inkestak marraztutako argazkiak, ondorio gisara. “Nagusiki, herritarrek uste dute oraindik ez dugula krisialdia guztiz atzean utzi, eta lanean jarraitu beharra dagoela garapen ekonomikoaren alde, lehentasun gisa. Halaber, politikarekiko konfiantza falta agertzen jarraitzen dute, aitortuz, aldi berean, elkarbizitzan dezente egin dugula aurrera. Eta hirugarrenez, pertzepzio nagusia da lurraldeak hobera egin duela azken urteetan”, adierazi du.

Foru bozeramaileak gogorarazi duen moduan, herritarrek Gipuzkoaren egungo eta etorkizuneko egoeraz, eta lurraldearentzat interesekoak diren hainbat gaiez duten iritzia eta sentipena jasotzeko egiten du Aldundiak aldiro inkesta. Gaur aurkeztutakoa izango da legealdi honetako azkena. 1.500 elkarrizketa egin ziren telefonoz, apirilaren, 1etik 8ra bitartean, bost atal nagusitan banatuta: ekonomia eta enplegua; erakundeekiko konfiantza; hainbat gairi buruzko herritarren onespena; Aldundiaren balorazioa eta boto intentzioa.

Aurreko inkesten ildotik, ekonomia eta enpleguari lotutakoak dira gipuzkoarren eskari nagusiak. Azken inkesta erantzun dutenek 6.27ko notarekin baloratzen dute haien egoera pertsonala, azarokoa baino apur bat altuagoa. % 59,6en iritziz, haien bizi kalitatean ez da aldaketarik izan azken bizpahiru urteetan; % 21,8ren iritziz, okerrera egin du –ia 7 puntu gutxiago-, eta %17,6en ustetan, aldiz, hobera. % 52,8k diote etxean “arazorik gabe” iristen direla hilaren bukaerara eta % 31,7k, berriz, “oso justu eta murrizketak eginez” iristen direla. % 62,3k uste dute bere ekonomia pertsonalak berdin jarraituko duela datorren urtean, eta % 17,3k, berriz, erantzuten du hobetu egingo dela. Gipuzkoa krisialditik atera dela uste dute %30,8k, baina oraindik ezezkoan daude gehienak, % 61,2, hain justu -5 puntutan egin du gora portzentajeak-.

Ildo beretik, % 36,8rentzat, langabezia da oraindik Gipuzkoan dagoen arazorik handiena, eta joera bera antzematen da inkesta erantzun dutenek azaltzen dituzten eskari eta beharretan. Izan ere, lurraldean poltikatik bultzatu beharko liratekeen gai garrantzitsuenen inguruan galdetuta, enpleguaren sustapena agertzen da aurreneko postuan, 9,03ko notarekin. Ondoren datoz adinekoentzako egoitzak sortzea -8,60-, gizartearen balioak galtzeari aurre egitea -8,39-, berdintasuna eta feminismoa erraztea eta bultzatzea -8,36-, eta Euskadiren autogobernuan aurrera egitea -7,93-.  Aldundia ekonomia suspertzeko egiten ari den ahalegina emankorra dela adierazten dute % 52,1ek, eta % 27,1ek, berriz, ezetz. Lana da, baita ere, datorren legealdiari begira Markel Olanori egiten zaion eskaera eta eginbehar nagusia -15,4-.

Lasak aditzera eman duenez, datu horiek frogatzen dute oraindik ere “zuhurtzia handia” dagoela ekonomiaren norabidearen inguruan, eta, hazkundearen eta langabeziaren jaitsieraren eskutik egoera ekonomikoarekiko konfiantza maila handitu egin bada ere, oraindik ere bere horretan jarratzen duela “bizi kalitatea mantentzeari lotutako ziurgabetasunak”. “Horrek berresten du ekonomia suspertzea, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea eta desderdinkeria murriztea lehentasunezko lan esparruak izan behar direla erakundeontzat”. 

Erakundeekiko konfiantzari dagokion atalean, honela erantzun zuten herritarrek politikan konfiantzarik ba ote duten galdetuta: soilik % 20,8k eman zuten baiezkoa eta % 75,3k ezezkoa: “Portzentajeak apur bat hobeto dira baina begibistakoa da desafekzioa ez dela desagertu”. Edonola ere, Lasak gogorarazi du alde handia dagoela oraingo honetan ere Espainiako Gobernuarekiko konfiantzaren, eta euskal erakundeek eragiten dutenaren artean. Espainiako Gobernuak ez du gainditu (3,22); bai, ordea, euskal erakunde guztiek: Aldundiak 5,57, udalek 5,67 eta Eusko Jaurlaritzak 5,62 lortu dute. Foru Gobernuaren irudiari dagokionez, 6,07ko nota jaso du: % 42,5ek iritzi ona dute, eta % 37,9k ez ona eta ez txarra. Markel Olano diputatu nagusiak, berriz, 5,91eko nota jasotzen du, aurreko inkestan, azaroan egindakoaren antzekoa.

Foru bozeramaileak adierazi du, orokorrean, Foru Gobernuaren kudeaketak duen babes maila berresten dela, “’nahiko’ altu batekin”, baina horrek ezin gaitu eraman, inolaz ere, autokonplazentziara eraman, behin eta berriro ikusten ari garelako erakunde ordezkariekiko exijentzia maila gero eta argiagoa dela, eta ahalegin handiagoa eskatzen digutela ekonomia eta etorkizuna finkatzeko, ardatz horien inguruan baitaude kezka nagusiak. Gizartearen nahi horri berme guztiekin erantzuteko modu bakarra da elkarlanean eta berrituz aritzea, gure indarguneen aldeko eta potentzial handieneko sektoreen alde egitea, erronkak aukera kolektibo bihurtuz”.

Legealdiko balantzea ere jasotzen du azken Soziometroak. Erantzun duten pertsonek, uste dute Gipuzkoa hobetu egin dela azken urteetan arlo hauetan: kulturan -% 61,9k-, ekonomikoki -% 61,3k-, sozialki -% 54,7k-, eta politikoki -% 42,5ek-. Legealdia agortzear den honetan, %46k iritzi diote Gipuzkoak hobera egin duela tarte horretan –lau puntu gehiago azken inkestarekiko-; % 41,4k, berdin jarraitzen duela, eta % 10ek, okerrera egin duela. Hobetu duela uste dutenen artean, % 57,7k diote Foru Gobernuak dezenteko zerikusia izan duela horretan; % 16,2k handia, eta % 16,2k, zerikusi gutxi izan duela. Herritarrek, bestalde, 6,72ko notarekin baloratzen dute Gipuzkoan gaur egun dagoen elkarbizitza maila, sentsibilitate politiko ezberdinan daudela kontuan hartuta.

Bestalde, Etorkizuna Eraikiz elkarlaneko gobernantza dinamika ezagutzen dute inkesta erantzun dutenen % 28k, azaroan egindako inkestaren portzentaje ia berbera, eta 5,82ko nota ematen diote. Proiektu estrategiko gehienen ezagutza mailak gora egin du aurreko Soziometroarekin alderatuta: Koldo Mitxelena eraberritzeko egitasmoa % 27tik %54ra igotzen da, eta Klima aldaketaren aurkako institutua % 18,2tik % 52,2ra. Adinberri, zahartzeari lotutako erreferentziazko zentroa -% 30,8-, Mubil mugikortasun elektrikoko zentroa -% 29,3- eta LABe, 4.0 gastronomiako zentroa dira, hurrenez hurren, proiektu ezagunenak aurreneko bien ondotik.   

Ongizate estatuaren jasangarritasuna -10etik 8,34-, klima aldaketa -8,19- eta kalitatezko enplegua -8,18- dira, hurrenkera horretan, kezka handiena pizten duten hiru gaiak, baina aipatu beharra dago ere beste gai hauek sortzen dutena, guztiek ere 7,8etik gorako puntuazioarekin, eta aurreko inkestako emaitzekin alderatuta gora egiten dutenak: gizarte desberdintasunak, genero desberdintasuna, biztanlegoaren zahartze prozesua, eta talentua erakartzea eta mantentzea. Aldi berean, beharrezkotzat jotzen dute erakunde publikoek politikak bultzatzea epe ertainean eta luzean, legealdiek ezarritako epeetatik harago. 6,86ko notarekin neurtzen dute premia hori. “Agenda politiko berri bat dago abian gure lurraldean, gizartearen oniritziarekin eta partaidetzarekin, baina oraindik guztia dago egiteko. Ahaleginean jarraitu behar dugu denak inpllikatzeko, eta ekimenaren gaitasun guztia baliatzeko kolektiboki”, esan du.

Boto asmoa

Azkenik, Soziometroaren arabera, EAJ izango litzateke irabazlea maiatzeko foru hauteskundeetan, bozken % 35ekin. EH Bildu -% 31,3-, PSE-EE -% 15,2-, Elkarrekin Podemos -%11,9- eta PP -%4,4- izango lirateke ondoren bozkatuenak. Emaitza horien arabera, bost horiek izango lirateke Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkapena lortuko luketen indar politikoak, 19, 18, 7, 6 eta batzarkide batekin, hurrenez hurren. Maiatzaren 28ko estatuko hauteskundeetan ere garailetzat jotzen du inkestak EAJ, botoen %27,1ekin, EH Bildu, Podemos IU eta PSOEk jarraituta. Lehen biek bina legebiltzarkide eskuratuko lituzkete, eta azken biek berriz, bana.

  

1434