Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Enpresa txiki eta ertainen nazioarteko dibertsifikazioa sendotzeko hitzarmena

Enpresa txiki eta ertainen nazioarteko dibertsifikazioa sendotzeko hitzarmena

Bazkundearekin batera abiarazi dira ekintza berriak, COVID-19aren testuinguruari egokituak.

Gipuzkoako Bazkundeak eta Foru Aldundiak gaur azaldu dituzte lurraldeko enpresen nazioarteko dibertsifikazioa sustatzeko ekintza-plan baterakoaren ildo nagusiak. Bazkundea dagoeneko garatzen hasi da plana, foru erakundearen laguntzarekin, eta 2021. urteko irailaren 30era arte garatuko dena. Gaur egindako agerraldian, Bazkundeko lehendakari Pedro Esnaolak eta Ekonomia Sustapeneko diputatu Imanol Lasak “beren lankidetza areagotzeko erabakitasunik osoena” agertu dute, helburu garbi batekin: “Gure ekonomia-sarearen nazioartekotzea sendotzea, gure enpresa txiki eta ertainena, batez ere. Erronka hori jada mahai gainean genuen, eta aurpegi eman behar diogu, indar eta baliabide berrituekin, giltzarrietako bat delako susperraldi ekonomikorako, pandemiaren aurrean. Inoiz baino gertuago egongo gara enpresetatik”, iragarri dute.

Bazkundeak eta Foru Aldundiak nabarmendu dute uztartu beharra dagoela, alde batetik, epe laburreko beharrizanen erantzuna, eta bestetik, ingurune sozioekonomiko lehiakorrago baten etorkizuneko garapena, lagungarri gertatuz Gipuzkoako enpresek –enpresa txiki eta ertainak, batez ere– beren lehiakortasuna eta jasangarritasuna indartu ditzaten, eta prestatuago egon daitezen beren jarduera bultzaberritzeko. “Egungo krisian, nazioartekotzea funtsezko palanka bat da egungo jarduera eta enplegua kontsolidatzeko, eta negozio aukera berriak nahiz kalitatezko enplegua sortzeko. Funtsezkoa da gure enpresei teknologia eta balio erantsia gehitzea, eta Gipuzkoako ekonomiaren nazioarteko izaera sendotzea”, azaldu dute.

Hori guztia dela eta, Bazkundeak eta Aldundiak beren lan-ildoak birformulatu dituzte, Covid-19ak eragindako beharrei eraginkortasunez erantzuteko. Ildo horiek uztailean sinatutako hitzarmenean jasotzen dira. Horren bidez, Aldundiak Gipuzkoako ETEaren nazioartekotzea babesten du 456.000 eurorekin, Ganberak koordinatutako sei programaren bidez. Hitzarmen honek egungo egoeran duen garrantzia aipatu du Esnaolak, osasun egoera kontrolatzen denean, jarduera ekonomikoa maila globalean aukera komertzial berriak izatea ahalbidetuko duen erritmoan berraktibatuko delako.

Ildo beretik mintzatu da Lasa, azpimarratu duena ezen, epe laburrean, “gure industriak, eta enpresek, oro har, aurre egin behar diotela kanpoko merkataritza-jarduera bat garatzeari, zeina eraginkorra izango baita krisiak eragindako mugikortasunaren murrizketekin, digitalizazioak eskaintzen dituen aukerez baliatuta merkataritza-kontratuak modu ez-presentzialean ixteko”. Gehitu duenez, mugapen horien eta leheneratze erritmoen eragina “desberdina izango da herrialde bakoitzean; beraz, merkatu global gero eta aldakorrago eta aldaberago honetan, guztiz lehentasunezkoa da garaiz detektatzea negozio aukerak. Kontuan hartuta jardueraren jaitsiera eta nazioarteko bezeroen urruntzea edo galera, eta globalizazioaren ondoriozko aldaketak, eta herrialde industrializatu berriak munduko ekonomiaren barruan globalizazioan jokatzen ari diren rola, inoiz baino erneago egon behar dugu merkataritza globalaren monitorizazioarekin”.  

‘Gipuzkoa zabaltzen’

Sinatutako hitzarmenak bi ekimen berri ditu: 'Gipuzkoa Zabaltzen', eta 'Industrial Excellence’. ‘Gipuzkoa Zabaltzen’ ekimenak berariaz lagunduko die enpresa txiki eta ertainei, pandemiaren ondoriozko nazioarteko merkatuen konpresioaren aurrean, aukera izan dezaten esportazioak dibertsifikatzeko, eta beste merkatu batzuetara bultzaberritzeko, bereziki Europar Batasunetik kanpo.

Esnaolak azaldu duenez, programak nazioartean erabakiak hartzeko tresna "arina eta objektiboa" emango die enpresei. Aholkularitza aditu baten bidez, nazioarteko dibertsifikazio-estrategia ezarriko da, eta, ondoren, xede-merkatu berriak aztertu eta lehenetsiko dira. Hori guztia enpresa bakoitzerako epe labur eta ertainerako ekintza-plan batean zehaztuko da. Nazioarteko merkatuetan presentzia duten enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago 'Gipuzkoa Zabaltzen', merkatu bezero jakin batzuetan zentratuta daudenak eta beren merkatuak zabaltzeko eta dibertsifikatzeko ahalmena dutenak.

"Industrial Excellence", bestalde, programa pilotu bat da, Gipuzkoako ETE industrialen lehiakortasuna bultzatuko duena tokiko eta nazioarteko sektorean erreferenteak diren bezeroen aurrean. Nazioarteko bezeroek antolakuntzari, teknologiari eta merkataritzari dagokienez eskatzen dituzten trebetasunak eta gaitasunak egiaztatzen dituen ziurtagiri bat jarriko du martxan. Tokiko eta Europako 40 enpresa kontratista elkarrizketatuko dira, bereziki Gipuzkoako enpresentzako bezero-sektoreetan (automobilgintza, energia, ekipo aeronautikoen ondasunak), eta horien erantzunekin, nazioartean garatzeko interesa duen Gipuzkoako industria-enpresa batek izan beharko lituzkeen eskumenen katalogo bat egingo da. Ondoren, parte hartzen duten enpresak banan-banan ebaluatuko dira, nazioarteko enpresa liderren erosketa-arduradunen itxaropenen aurrean duten jarrera ezagutu ahal izateko. Nazioarteko antolaketa-, teknologia- eta merkataritza-trebetasunetan behar adinako gaitasun-maila lortzen duten enpresek Ganberaren egiaztagiria jasoko dute, jasotako kalifikazioa hirugarrenen aurrean ziurtatzeko.

Era berean, Aldundiak eta Ganberak beren lankidetzaren esparruan aurretik garatzen zituzten baterako programei eutsiko diete. 'Lagundex ', enpresa txiki eta ertainei nazioarteko eskaintzak egiteko aholkularitza ematea helburu duen zerbitzua, eskaintzak lortzeko ratioa hobetzeko. Gipuzkoako ETEei laguntza eskainiko zaie beren eskaintza merkatura eta enpresaren ezaugarrietara egokitzeko, gure ETEek merkatu ezezagunetan hartu behar dituzten arriskuak mugatuz. Gainera, programa honek beste lerro bat du, Lagundex Operacional. Bertan, parte hartzen duten enpresen aduana-prozedurak eta nazioarteko dokumentazioa aztertzen dira, eta enpresen nazioarteko eragiketak hobetzeko eta eguneratzeko gomendioak egiten dira.

Bestalde, Ganberako presidenteak azaldu duenez, BIC Gipuzkoaren lankidetzarekin, enpresa sortu berrien eta oinarri teknologikoaren nazioarteko garapen komertziala – OTEB – bultzatuko da. Programak enpresa horien nazioartekotze goiztiarra babesten du, enpresa bakoitzarentzat berariaz egindako nazioartekotze-plan baten bidez. Plan horretan, gainera, enpresa horren lehen urteko hedapena eta jarraipena babesten da.

Azkenik, enpresa- eta erakunde-misio bat egingo da, alde batetik, enpresei nazioarteko estrategian eta hasierako hurbilketan laguntzeko eta intereseko merkatura hurbiltzeko, eta, bestetik, nazioarteko esperientzia berritzaileak ezagutzeko Gipuzkoarentzat estrategikoak diren sektoreetan.

 Amaitzeko, enpresak nazioartekotzearen garrantzia azpimarratu du Esnaolak. “Enpresa askorentzat beharrezkoa izateaz gain, gure ekonomiaren eta enpleguaren iraunkortasunaren eta enpresa-lehiakortasunaren adierazle giltzarria da. Nazioartekotutako enpresa bat merkatu global batean lehiatzen da, non munduko enpresarik onenekin lehiatzen den, eta bezeroak bere produktua edo balio-proposamena aukeratzea lortu behar du. Hong Kongen metro bat saltzea, Mexikon autobus bat, Polonian fresatzeko makina bat, Arabian oliobide balbulak, Alemanian automobilgintzako osagaiak, Norvegian itsasontziak, Italian igogailuak, Estatu Batuetan makina elektrikoak edo Korean mendiko arropa, ez dago denen eskura, onenen eskura dago”.

Bestalde, Imanol Lasa itxaronpentsu agertu da ekintza horien eraginaren aurrean, eta nabariarazi du beharrezkoa dela “testuinguru konplexu batean, gure ekonomia-sarearen nazioartekotzea irmotzen jarraitzea, susperraldirako prest egon gaitezen. Mundura irekitako enpresak behar ditugu, zeren eta ekonomiak jarraituko baitu globala eta konektatua izaten.  Eta lotura sustatu behar dugu nazioarteko ingurunerik aurreratuenekin, saltzeko ez ezik, baita ikasteko eta berritzeko ere, hau da, lehiakorragoak eta jasangarriagoak izateko". Erronka horren barruan, Bazkundea jo du “ezinbesteko aliatutzat, bere esperientziagatik eta enpresetatik hurbil egoteagatik, horien jarduera baitago, ez dezagun ahatz, gure ongizate sistemaren oinarrian, gure osasun sistemarenean, justizia sozialarenean, eta desberdintasunen aurkako borrokarenean”. 

  

2599