Enpresak bide elektronikoz bakarrik erlazionatuko dira Gipuzkoako foru Ogasunaren apirilaren 1etik aurrera
Enpresak bide elektronikoz bakarrik erlazionatuko dira Gipuzkoako foru Ogasunaren apirilaren 1etik aurrera
Enpresak bide elektronikoz bakarrik erlazionatuko dira Gipuzkoako foru Ogasunaren apirilaren 1etik aurrera
Interesatuei Gipuzkoako Foru Ogasunaren datu baseetan helbide elektronikoa baieztatu eta eguneratzea aholkatzen zaie
Pertsona juridikoen gehiengoak, enpresak gehienak tarteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuarekin duten harremana bide elektronikoz izatera egongo dira behartuta datorren asteko ostiraletik aurrera, apirilak 1. Arauketak Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren hasierako letra A, B, C, D, F, P, Q, S, U edo V duten entitateak hartzen ditu barne, eta baita establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarrak eta zerga kudeaketako profesional gisa aitortuta dauden pertsonak ere.
Erabakia 1/2016 Foru Aginduan dago jasota eta, Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak, azpimarratu duenez, sistema berriak hainbat abantaila ekarriko ditu. “Batez ere, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko dira Ogasunaren eta pertsona juridikoen arteko erlazioan: Internetera konexioa dagoen edozein leku izan daiteke sarbide, eta egoitza elektronika 24 ordu eta 365 egunetan dago martxan”, nabarmendu du. Gainera, administrazio prozesuen epeak murriztuko dituela eta erakunde publikoari kostuak aurreztea ere ekarriko du harreman-eredu berriak. “Segurtasun juridikoa eta eraginkortasuna hobeto bermatzen ditu datorren asteko ostiraletik aurrera indarrean egongo den sistemak”, adierazi du.
Neurri honekin, aipatutako eragileak harremanak bitarteko elektronikoz izatera behartuta egongo dira, bai zerga aitorpenak edo idatziak aurkezteko, erreklamazio ekonomiko-administratiboak barne, zein jakinarazpen elektronikoak jasotzeko, arrazoi teknikoak direla eta bidalketa telematikoa ezinezkoa den kasuetan izan ezik. Horretarako sinadura elektroniko propioa beharrezkoa izango da (IZENPE, Camerfirma, FNMT edota Foru Aldundiko pasahitz operatiboa), edota sinadura elektronikoa duen ordezkari baten bitartez jardutea.
Baldintza hauek betetzeko, departamentuak interesatuen eskura jarri ditu beharrezko informazio eta baliabideak. Gainera, neurri honek eragingo dituen 30.000 pertsona eta entitateri prozesuari buruzko mezu informatiboak bidali dizkie. Foru erakundeak aipatutako eragileei sinadura elektronikoa dutela lehenbailehen baieztatzea gomendatzen die edota, hirugarren baten bitartez jardunez gero, euren izenean jarduteko baimenak era egokian eman direla ziurtatzea. Foru Ogasunaren datu baseetan helbide elektronikoa baieztatu eta eguneratzea ere aholkatzen da.
1866