Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Enpresen lehiakortasuna sustatzeko laguntza gehiago

Enpresen lehiakortasuna sustatzeko laguntza gehiago

Aurten 4,1 milioi euro banatuko dira lehiakortasuna sustatzeko laguntzetan, eta bi laguntza lerro berri ere zabalduko dira.

Enpresen lehiakortasuna sustatzeko laguntza gehiago

Aldundiak 4.154.353 euro bideratuko ditu Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna, jasangarritasuna eta lankidetza indartzera, gaur Diputatuen Kontseiluak onartu duen diru laguntza deialdiaren bidez. Horrela, foru erakundeak nabarmen indartu egin du deialdi honen bidez enpresei ematen dien diru laguntza, iaz 2.461.556,08 eurokoa izan baitzen guztira; gainera, bi lerro berri zabaldu dira. «Gure egitura ekonomiko eta industrialaren oinarriak indartzen jarraitu nahi dugu, lanpostu gehiago eta hobeak sor daitezen, bereziki sektore estrategikoetan, Gipuzkoa industrial eta lehiakorra helburu dugula; gainera, enpresa txiki eta ertainak lehenetsiko ditugu, horiek baitira gaur egun lanpostuen % 40 sortzen dituztenak», iragarri du Imanol Lasa bozeramaileak. 

Deialdia bost lerrotan banatzen da: 2.022.506 euro Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna indartzeko; 446.011 euro jarduera enpresarialaren jarraitasuna sustatzea xede duten proiektuak finantzatzeko; 1.120.000 euro enpresen arteko lankidetza dinamikak artikulatzeko proiektuak finantzatzeko. Eta azkeneko bi lerroak berriak dira: 245.000 euro jarduera enpresarialaren balio kate osoan ekonomia zirkularra integratzeko proiektuak finantzatzeko; eta 320.836 euro ekonomia sortzaileari balioa emateko proiektuetarako.

Bi lerro berri horietatik lehenak sustatu nahi du egungo eredutik eredu zirkular batera igarotzea; hau da, lehengai eta energia kopuru handien kontsumoan eta ekoizpenaren eta kontsumoaren ekonomia lineal batean (erauzi, eraldatu, kontsumitu eta bota) oinarritutako eredutik, produzitzeko eta kontsumitzeko era eraginkorrago batera, baliabideak eta energia ahalik eta gehien optimizatzeko, eta hondakinik ez sortzeko. «Ekonomia zirkularrak garapen aukera garrantzitsuak sor ditzake, hazkundea eta iraunkortasuna uztartuta. Negozio aukerak, eta ingurumenekoak, bai enpresentzat eta baita herritarrentzat ere», esan du bozeramaileak.

Bigarren lerro berriarekin bilatu nahi da ideia berriak eta ezagutza sortzea ekarriko duten jarduera ekonomiko eta industrialak sustatzea; hau da, lurralde baten gaitasunak garatzeko eta sustatzeko abantaila konpetitibo gisa sormena hartzen duten jarduerak. Helburua da gure enpresek ezaugarri bereziak dituzten produktuak eta zerbitzuak gara ditzaten baldintzak sortzea, funtzionalitateari eta prezioari bakarrik begiratu gabe, eta ezagutzaren aurrerabide azkarrari eta gizarteari erantzutea, denbora-faktorea erabakigarria baita haren bilakaeran.

Iaz, deialdi honen bidez, 81 proiektu lagundu ziren. Horietatik, 45 proiektu lehiakortasunarekin izan zuten lotura. Laguntza hauei esker, enpresek hainbat ezagutza, tresna eta erreminta txertatu zituzten beren prozesuetan, hala nola informazioa, datuak eta ezagutzak kudeatzeko sistema aurreratuak, merkatuan duten posizioa hobetu eta indartu ahal izateko, arriskuak murrizteko eta aldaketei aurrea hartzeko. 21 proiektu jarduera enpresarialaren transmisioarekin lotuta egon ziren; transmisio hori familian egin daiteke, barne salmentaren bidez edo enpresaz bestelako pertsonei edo sozietateei salduta, fusioak eta xurgapenak barne. «Enpresa baten sorreraren eta hazkundearen ondoren, transmisioa da bere bizi zikloaren hirugarren fasea; eta fase hori funtsezkoa da jarduera ekonomikoa Gipuzkoan errotu eta sendotzeko», adierazi du Lasak.

Azkenik, beste 15 proiektuk enpresa eta entitateen arteko lankidetza sustatzea izan zuten xede, egungo ekonomiara egokitzen laguntzeko; izan ere, dimentsio enpresarial eraginkorrak eta efizienteak eskatzen ditu merkatu, produktu eta zerbitzuen arabera. Lankidetza horien ezaugarria da taldeen edo erakundeen gaitasunak biderkatzeko borondatea, gune komunak detektatuta eta bakoitzaren aktibo bereizgarriak konbinatuta. «Eszenatoki gero eta konplexuagoen aurrean, konplexutasun gero eta handiagoz erantzun behar dugu; eta konplexutasun horrek lankidetza exijitzen du, are gehiago Gipuzkoa bezalako lurralde txiki batean», azpimarratu du bozeramaileak.

Deialdia Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan sartzen da. Aipatu Planak 200 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du legealdi osorako, lau sektoretan -industria, lehen sektorea, gizarteratzea, kultura eta turismoa- eta fiskalitatea bezalako zeharkako esparru batean banatuta, ekonomia, enplegua eta gizarte gipuzkoarraren ongizatea bultzatzeko helburuarekin. 2017an 50 milioiko inbertsioa egin zen, eta ia 3.800 enpresa, zentro eta eragiletara iristea lortu zen. Laguntza horiei esker, 510 enpresa eta negozio berri sortu ahal izan ziren, eta, gainera, Aldundiaren kalkuluen arabera, 2.121 lanpostu sortu ziren. «Jarduera ekonomikoa sustatzea da gure lehentasuna, funtsezkoa baita kalitatezko lanpostuak edukitzeko, eta horrela lortuko baitugu munduko herrialde aurreratuenen pareko ongizate maila eta desberdintasun tasak dituen Gipuzkoa eraikitzea», esan du bozeramaileak.

Telelana

Azkenik, Kontseiluak onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiko langile publikoek zerbitzua emateko sistema misto bat, zeinean ohiko lan presentzialaz gain lan ez-presentziala ere izango baita, telelanaren formularen bitartez. Erabaki honen aurretik proba pilotu bat egin zen, sei hilabetekoa, eta bertan bederatzi langilek hartu zuten parte. Proba pilotua amaitu ondoren, prozesua ebaluatu egin zen, eta «balantzea oso positiboa izan zen, bai parte-hartzaileentzat, bai haien arduradunentzat». Horregatik, erabaki da lan egiteko modu hau zabaltzea eta iraupena ematea.

Erabaki honen ondoren, zerbitzuak telelanaren bidez emateko eskaerak aurkezteko deialdiak egingo dira. Hala ere, eskaerak beti egongo dira senitartekoren baten zaintzari lotuta, eta baldintza izango da, baita ere, lan modalitate honen bidez jarduteko moduko lanpostuak izatea. «Telelanak onura nabarmenak ekartzen dizkie adingabeak beren kargura dituzten haiei, adineko pertsonak zaindu behar dituztenei, edo desgaitasun bat edo gaixotasun larriren bat duten senitartekoak dituztenei, egun osoz etxetik lan egiteko aukera dutenez, Aldundiaren helburu estrategikoetako bati heltzen baitiogu: bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren arteko kontziliazioa.   Eta kontziliazio hori enpresetan errealitate bat izatea nahi badugu, erakundeok eredu izan behar dugu», adierazi du, amaitzeko, bozeramaileak.

  

1899