Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Enpresen nazioartekotzea bultzatuko du Aldundiak produktu berrien kanpo-merkaturatzea bultzatzeko deialdiaren bitartez

Enpresen nazioartekotzea bultzatuko du Aldundiak produktu berrien kanpo-merkaturatzea bultzatzeko deialdiaren bitartez

Gipuzkoaren oinarri esportatzailea indartzea du helburu programa honek, 800.000 euroko dotazioarekin, azken hilabeteetako hobekuntza nabarmena mantendu dadin

Gipuzkoako enpresei kanpo-merkatuetara zabaltzen lagunduko die Gipuzkoako Foru Aldundiak, nazioartean produktu berriak merkaturatzeko proiektuak bultzatuko dituen deialdi baten bitartez. Programa hau gaur onartu du Gobernu Kontseiluak, 800.000 euroko dotazioarekin, foru bozeramaileak eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Imanol Lasak eta Ainhoa Aizpuruk jakinarazi dutenez.

Aizpuruk jakinarazi duenez, joan den urtean 23 enpresek exportatu zituzten beren produktuak programa honen bitartez, Ekonomia Suspertzeko Plana 2015-2019ren testuinguruan. Aldi berean, deialdi hau Foru Aldundiko nazioartekotze Plangintzarekin lerrokatzen da. “Gero eta enpresa txiki eta ertain gehiago murgiltzen dira gaur egun nazioartekotze proiektuetan”, azpimarratu du Diputatuak. Horietako askok, adierazi duenez, “zailtasunak” izaten dituzte merkatu berriak ezagutu eta “gero eta konplexuago gertatzen diren” operazioetan parte hartzeko.  

Hori horrela, Foru Aldundiak prestatutako programek laguntza eskaini nahi diete enpresa txiki eta ertainei, gisa horretan “Gipuzkoaren esportazio oinarria zabaldu” dadin. Ekonomia Sustapeneko diputatuak gogorarazi du esportazioek %18ko hobekuntza izan dutela 2017ko urtarrilean iazko data berean baino. “Datu positiboa da oso”, baina “ezin gara autokonplazentzian erori”, amaitu du.

Aizpuruk gaineratu duenez, Foru Aldundiak nazioartekotzea bultzatuko du Nebts –Start Upen nazioartekotzea– eta Lagundex –ETEen nazioartekotzea– programen bitartez, Gipuzkoako Ganberaren laguntzarekin. Baita ere, joan den urtean aurkeztu zen Elkargirekin batera martxan jarritako finantziazio tresna berria, tartean nazioarteko proiektuak bultzatu nani dituena; 30 milioi euroko mugimendua sortu du tresna honek

Bestalde, Gobernu Kontseiluak onartu du Basque Consortium programaren hitzarmen markoa, gisa horretan proiektu partekatuak onartu ahal izateko gainontzeko erakundeekin elkarlanean.

KONTUA proiektua Ogasunean

Bestalde, Kontseiluak beharrezko kreditu konpromisoak onartu ditu 2021. urtera bitarte 5 milioi euroko inbertsioa egiteko, tarte horretan KONTUA izeneko proiektua ezartzeko. Horren helburua da Foru Ogasunarentzat zerga-bilketako sistema integral bat eraikitzea, Zerga-bilketako Zuzendariordetza Nagusiko eginkizunak eta zerbitzuak modu bateratuago, horizontalago, irisgarriago eta efizienteago batean garatze aldera, Aldundia gauzatzen ari den eraldaketa digital orokorraren barruan. Asmo handiko proiektutzat jo du Imanol Lasa foru bozeramaileak, bai ekonomikoki egingo den inbertsioagatik, eta baita kualitatiboki ere.

“Gure zerbitzuen digitalizazioa bultzatzen ari gara, zerbitzu publiko hobeak emateko herritar, enpresa eta entitateei, eta informazioaren kalitate, gardentasun eta irisgarritasun handiagoa bermatzeko. Desburokratizazioa da herritarrek gehien egiten diguten eskaeretako bat, eta horri erantzuten ari gara”, azaldu du.

Hainbat hobekuntza ekarriko ditu sistema berriak. Besteak beste, aplikazioen eta bestelako sistemen arteko integrazioa; Zorren trazabilitatea eta haiei buruzko ikuspuntu bakarra izateko aukera ematea; Agente desberdinen arteko komunikazioa eta koordinazioa bultzatzea, espediente batean izan eta beste batzuetan eragiten duen edozein gertaera edo gorabehera azkar ezagutu dadin; Zerbitzu pertsonalizatuak eta proaktiboak ematea zergadunei, kostua murriztuz denborari, ahaleginari eta diruari dagokionez; Erabiltzaileak gero eta gutxiagotan eskuz jardutea eta prozesuen automatizazioa ahalbidetzea, egoera informazio sistemak kontrolatu dezan (datu igorpena, erroreak, desbideratzeak…) eta bidezko ekintzak gauzatu ditzan (likidazioa, konpentsazioa…); malgutasuna, arau esparru aldakorrari eta etengabe bilakatzen den ingurumen teknologikoari erantzuteko.

Foru Ogasunean gauzatzen ari den modernizazio prozesuan kokatzen da proiektua. Asmoa Gipuzkoako Ogasuna aitzindari izaten jarraitzea da, hiru arlotan: zerga iruzurraren aurkako borrokan –IKUS sistema jarri zen martxan horretarako-, zergen kudeaketan –ZERGA proiektua-, eta orain, zerga bilketan ere, KONTUAren bitartez. Era berean, Foru Aldundia bere osotasunean administrazio elektronikoaren alde egiten ari den apustuaren  baitan ulertu behar da erabakia: “Etorkizuna digitala da, zalantzarik gabe”, nabarmendu du Lasak.

Ogasunaren zerbitzuaren eraginkortasuna areagotzea ahalbidetuko du KONTUAk. Gogoratu behar da 2016ko errenta kanpainan egindako inkestaren arabera, erabiltzaileek 8,61eko nota eman ziotela zerbitzuari: “Gipuzkoarrek oso modu positiboan baloratzen dute Ogasuneko langileek ematen duten tratuaren abiadura eta kalitatea, eta horretan sakontzea da gure nahia”. Era berean, espero da gaur Kontseiluak onartutako proiektuak eskualde garapenerako Europako funtsen finantzaketa (EGEFa) izatea. Horretarako, hasieratik behar diren protokoloak abiatuko dira.

Itsasoko finantzaketa

Bestalde, gaurko bileran, aurtengo Gipuzkoako Aurrekontu Orokorren Foru Araua aldatzea erabaki da, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren birbanaketa egiteko Itsasoko udalerri berria kontuan hartuta. Desanexio dekretuak 8. xedapenean ezartzen du ez duela eraginik izango funtsaren zuzkiduran, baina funtsaren zenbateko osoa lurraldeko udalerri guztien artean banatuko dela, kontuan hartuta Itsasoko udalerri berriari eta Ezkiori, segregazioaren ondoren, dagozkien kuota finkoak.

Gai horri dagokionez, Lasak hau adierazi du: “Aldundiarentzat Itsaso 89. udalerria da ondorio guztietarako eta, beraz, udal gisa abian jartzeko behar dituen neurri guztiak hartuko ditugu eta baita ere bere zerbitzuak eta auzotarren bizi-kalitate bermatzeko ezinbestekoak direnak. Gure legezko tutoretza eta tutoretza administratiboa izango ditu eta, halaber, Aldundiaren laguntza osoa aurretik duen ibilbidean.   Lankidetzako harreman iraunkorrak mantentzen ditugu alkatearekin eta erakunde kudeatzailearekin".

  

1489