EPEak eta formakuntza jarduerak atzeratu ditu Aldundiak, eta garbiketa eta telelana indartu
EPEak eta formakuntza jarduerak atzeratu ditu Aldundiak, eta garbiketa eta telelana indartu
Eider Mendoza foru bozeramaileak herritarrei eskatu die arduraz eta elkartasunez jarduteko, Covid-19 birusa gehiago ez dadin hedatu
Gipuzkoako Foru Aldundiak ezohizko prebentzio eta euste neurriak hartu ditu erakundean lan egiten duten langileentzako, Covid-19 birusak sortu duen egoerari aurre egiteko. Diputatuen Kontseiluak ezohiko bilera egin du gaur eta bertan hainbat erabaki hartu dira, besteak beste: enplegu publikoko eskaintzetako hautaketa frogak atzeratzea, formakuntza ikastaro eta jarduera presentzial guztiak geroratzea eta erakundean egiten ari diren praktikak bertan behera uztea. Gainera, garbiketa neurriak indartu dira, eta telelanerako aukerak ere. Neurri hauek indarrean egongo dira birusak sortu duen egoera normaltasunera itzultzen den arte.
Eider Mendoza foru bozeramaileak ezagutarazi ditu neurri hauek, Kontseilu ostean egin den prentsa agerraldi batean. Bere hitzaldian, foru arduradunak gogoratu du Covid-19 birusaren hedapenari aurre egitea gizarte osoaren ardura dela eta, horretarako, eskumenak dituzten administrazioak, tartean Aldundiak, “beharrezko neurri guztiak hartuko dituztela”. Aldi berean, Gipuzkoako herritarrei dei egin die arduraz eta elkartasunez jokatzeko, beti ere osasun erakundeek ematen dituzten gomendioak jarraituz.
Azaldu duenez, eta garbiketa neurriei dagokionean, Aldundiko langileek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako higiene protokoloak bete beharko dituzte, administrazio honen jarduerari behar besteko bermeekin eutsi ahal izateko. Gainera, egunero garbituko dira foru erakundearen instalazioak; herritarren arretako bulego guztietan xaboi banagailuak jarriko dira; lehentasuna emango zaio arreta telematiko edo telefonikoari; jende asko pasatzen den guneak zainduko dira; eta Txaran, Gizarte Politiketako departamentua dagoen kokalekuan, balorazio guneetan garbiketa zorrotzagoa egingo da.
Lan egiteko modu alternatiboen atalean, behar bezala justifikatutako kasuetan, aurrez aurrekoak ez diren lan modalitateak onartuko dira, zerbitzu publikoen prestazioa bermatzeko helburuarekin. Horretarako, foru erakundea euskarri informatiko gehiago erosten ari da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzura dauden langileei lana eta familia bateragarri egiteko behar diren neurriak aplikatuko zaizkie, baldin eta beren ardurapean adingabeak edo mendeko adinekoak badituzte eta ikastetxeen edo adineko zentroen ixteak eragiten badie.
Behar bezala justifikatutako kasuetan, Aldundiko langileak hainbat lantokitan birkokatuko dira eta behar den kasuetan turnoak berrantolatuko dira, era horretan zerbitzu publikoak bermatu eta kontagioak ekiditeko. Bestalde, beharrezko neurriak hartuko dira Covid-19ren ondorioz isolamendu egoeran gertatzen diren Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek ordainsarien ehuneko ehun jasotzen jarrai dezaten, egoera horretan dauden bitartean.
Mendozak azaldu du ahal den neurrian lan bilerak ekidingo direla, eta beste herri batera joatea dakarten bilerak bertan behera utzi beharko dira. Era berean, bideokonferentziaren erabilera sustatuko da eta lan bidaiak atzeratu egingo dira. Azkenik, departamentuen arteko batzorde bat sortzen da, erabaki honetan hartutako neurriak kudeatu eta aplikatzeko, departamentu bakoitzeko ordezkari banarekin eta Gobernantza departamentuaren koordinaziopean.
Errenta mekanizatua
Gipuzkoako foru Ogasunak errenta mekanizatua atzeratzea erabaki du (Ogasuneko bulegoetan errenta aitorpena aurkeztea) apirilean hasiko den 2019ko Errenta kanpainan, Covid-19 birusak eragin duen egoera normaldu arte. Neurriak Errenta kanpainan aurkezten diren aitorpenen %20ri eragiten dio, gutxi gorabehera.
Hala ere, 2019ko Errenta kanpainak aitorpena aurkezteko gainerako bi modalitateak mantenduko ditu: normaltasunez bidaliko zaizkie lurraldeko 200.000 zergaduni baino gehiagori autolikidazio proposamenak, eta Internet bidez errenta aurkezteko aukera egongo da, Zergabidea plataformaren bitartez. Errenta mekanizatuaren bidez aitorpena aurkeztea aurreikusten zuten zergadunek azken modalitate hau ere erabili ahal izango dute.
Zergen arloan baita ere, Gipuzkoako foru Ogasunak neurriak hartzea erabaki du, Covid-19 birusak sortutako egoera jasaten ari diren enpresa txiki eta ertainei erraztasunak emateko beraien zerga betebeharrak betetzerako orduan. Honela, gerorapenen muga handiko da eta, honela, aurre egiten nahi zaio finantza merkatuetan edota enpresa txiki eta ertainek jasan ditzaketen likidezia faltei.
Eskola kirola eta federatua
Kirol arloan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskola kirola (lehiaketak eta entrenamenduak) eta federatutako kirola etetea erabaki du. Erabaki hau Gipuzkoako kirol federazioei eta entitateei jakinarazi zaie gaur goizean helburu honekin ospatu den bileran. Eskola kiroleko jarduerak etetearen erabakia hezkuntza zentro guztietan eskolak etetearen erabakiaren bat dator; zentroen parte-hartze unibertsala eta homogeneoa ezin ziurtatu daitekeen egoera izanik, lehiaketak aldatuko lituzkeelako.
Bestalde, oinarrizko zuhurtzia irizpideak ere hezkuntza zentroei proposatutako neurriarekin bat etorriz jokatzeko komenigarritasuna adierazten du, prebentziozko osasun neurriak aplikatuz eskola ingurunearekin parekagarriak direnak. Zuhurtzia eta koherentzia irizpide bera aplikatu zaio kirol federatuari, eta hori horrela, dagokien federazio estatalek hartutako erabakia Gipuzkoako lurraldean eta kategoria guztietan ere aplikatzearen komenigarritasuna ikusi da; kadeteak, Foru Aldundiaren menpe daudenak, barne.
1825