Erabilera partekatuko ibilgailu elektriko arinak, mugikortasunaren etorkizuna irudikatzeko jardunaldiaren proposamenetako bat
Erabilera partekatuko ibilgailu elektriko arinak, mugikortasunaren etorkizuna irudikatzeko jardunaldiaren proposamenetako bat
Erabilera partekatuko ibilgailu elektriko arinak, mugikortasunaren etorkizuna irudikatzeko jardunaldiaren proposamenetako bat
MUBIL Mugikortasun Berriko Poloak antolatutako jardunaldian, MIT City Science institutuko lantaldeak eta MUBIL ekosistemako kideek parte hartu dute, hurrengo urteetan mugikortasunaren erronkari nola aurre egin hausnartzeko.
MIT City Science institutuko zuzendari Kent Larsonek defendatu duenez, hiriek funtsezko zeregina izan behar dute berotze globalaren aurkako borrokan. Hain zuzen ere, etorkizunean hiriguneetan auto pribaturik ez egotearen aldeko apustua egin du. Ohiko autoak partekatutako ibilgailu elektriko arinengatik ordezkatuko lirateke, eta garraio horiek paketeak era autonomoan ere entregatu ahal izango lituzkete. “Haustura eta eraldaketa” garaiotan, Larsonek adierazi du teknologiak erraztu egin behar duela hiriak giza eskalako ekosistema bihurtzea.
Larsonek beste aditu batzuekin batera parte hartu du gaur MUBIL Mugikortasun Berriaren Poloak Donostiako Kursaalean gauzatutako mugikortasunaren etorkizuna irudikatzeko jardunaldian. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eman dio hasiera hitzorduari, eta bertan izan dira, halaber, MIT City Science institutuko lantaldea eta MUBIL ekosistemako kideak. Hain zuzen ere, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan dagoen proiektu estrategikoetako bat da Mugikortasun Berriko Poloa. Jardunaldiari esker, Euskadin mugikortasunaren arloan ematen ari diren esperientzia garrantzitsuak ezagutu ahal izan dira.
MIT City Scienceko zuzendariak adierazi duenez, “ez diogu inoiz arrakastaz helduko klima-aldaketari, hirietarako eredu berri bat ezarri gabe”. Gainera, Larsonek adierazi duenez, gobernuei “goitik behera” betearaztea dagokien neurriekin batera, oso garrantzitsua da tokiko komunitateak “behetik gorako” ekintzak garatzen joatea. Zehazki, azpimarratu du CO2 globalaren % 70 hirietan isurtzen dela, eta, beraz, “teknologian oinarritutako hiri-diseinu eta politika publikoen eredu berri bat” lantzea gomendatu du.
Bestalde, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundia, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan, mugikortasun jasangarri eta adimendunarekin lotutako industria garatzen ari dela, MUBIL Mugikortasun Berriko Zentroaren bidez. “Europa hegoaldeko zentro aitzindaria da, eta lankidetza-espazio bat sortu nahi dugu gure industria-sareari laguntzeko; bereziki ETEei lagundu nahi diegu mugikortasun iraunkorrarekin lotutako prozesu eta negozio-eredu berrietara egokitzen. Esparru horretan, enpresa traktoreak eta erreferentziazko berrikuntza-zentroak ditugu”, azaldu du.
Olanok erronka horri lankidetzatik aurre egiteko beharra azpimarratu du, “erabat ziur” baitago Gipuzkoak “industria-lurralde” izaten jarraitu nahi duela, enpresek ongizatea sortzen jarrai dezaten eta, gainera, beren ahalmenekin zero isurketaren ereduan oinarritutako gizartea eta mugikortasuna eraikitzen lagun dezaten. Ildo horretan, gogora ekarri du Mugikortasun Berriko Poloa sortzea, Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean, “lehen mailako mugarria” izango dela lurraldearen etorkizuneko ekonomiaren garapenean.
Era berean, Ane Insausti MUBIL Fundazioko zuzendari nagusiak deskarbonizazioaren eta balio teknologiko eta lehiakor handiko aukeren agerpenaren erronkari heldu dio. Insaustik adierazi du mugikortasun iraunkorrarekiko kontzientzia soziala nabarmen handitu dela gizartean eta enpresa-sarean, eta jakinarazi du MUBILen helburua dela Gipuzkoan eta Euskadin mugikortasun berriaren inguruan dagoen ekosistema indartzea eta sektore horretan teknologien garapena sustatzea.
Hitzaldi inspiratzaileak
Jardunaldia zenbait hitzaldi inspiratzailerekin hasi da. MIT City Science zentroko ikertzaile zientifiko Luis Alonsok CityScope simulazio-plataforma aurkeztu du. Hirien garapenari buruzko erabakiak modu parte-hartzailean eta datu eta ebidentzia zientifikoetatik abiatuta hartzeko sortu dute, hain zuzen ere. Plataforma horrek ere baditu aplikazioak mugikortasunean, hiri bateko biztanleak nola mugitzen diren jakiteko aukera ematen baitu, baita turisten joan-etorriak aztertu ere: udalerri batera iristen direnetik joaten diren arte, merkataritzan duten eragina behatuz eta, are gehiago, haien pizgarriak nazionalitatearen arabera hautemanez.
Bestalde, Naroa Corettik, MIT City Scienceko doktoregaiak, eta Thomas Sánchez Lengelingek, institutu bereko ikertzaile zientifikoak, teknologia berriak erabilera partekatuko bizikleten sistemetan integratzeko proposamenak aurkeztu dituzte. Zehazki, bizikleta horietan aplikatzeko sistema bat garatzeko martxan dauden proiektuak azaldu ditu Corettik. Esate baterako, ibilgailu gehiegi metatu diren leku batetik (adibidez unibertsitate batean, goizeko lehen orduan) beharra dagoen beste toki batera joateko gai izango lirateke bizikleta horiek, eta horrek sistema eraginkorragoa ahalbidetuko luke.
Aipatzekoa da, halaber, Maitane Iruretagoyena MIT City Scienceko ikertzailearen hitzaldi inspiratzailea, zeinak gogorarazi duen 2050erako NBEk espero duela munduko biztanleriaren % 68 hiriguneetan bizitzea, eta urbanizazio horren % 90 Afrikan eta Asian gertatuko dela, oinarrizko zerbitzurik eta azpiegiturarik gabeko komunitateetan. Hori dela eta, ondorioztatu du beharrezkoa dela arazo zehatz horri heltzea, eremu horietako mugikortasuna hobetzeko, hausnarketa partekatu baten bidez, eta gogoeta horretan tokiko komunitateak inplikatu behar direla adierazi du.
Saioan zehar, Euskadin, mugikortasunari dagokionez, jasangarritasunaren edo konputazio kuantikoaren arloetan garatzen ari diren esperientzia garrantzitsuak partekatu dituzte. Hitza hartu dute Jaime Menéndez Orkestra-IVCko ikertzaileak, Multiverse Computing-eko zuzendari zientifiko eta sortzaileetako bat den Roman Orús-ek, eta Ibilgailu Dinamiketako ingeniari eta Tecnun-eko irakasle Andoni Medinak. Sormenerako tartea ere izan da; hala nola Gabriela Bílá MIT City Scienceko ikertzailearen hitzaldia, zeinak artea nabarmendu duen etorkizuneko hiriak berrirudikatzeko tresna gisa.
2483