Erabiltzaile kopuru bikoitzak gozatu ahal izan du hareatzez, COVID-19 dela eta hartu diren aforo neurriei esker
Erabiltzaile kopuru bikoitzak gozatu ahal izan du hareatzez, COVID-19 dela eta hartu diren aforo neurriei esker
Erabiltzaile kopuru bikoitzak gozatu ahal izan du hareatzez, COVID-19 dela eta hartu diren aforo neurriei esker
Gure hondartzetan pertsonen afluentzia % 90,17 handitu arren, hondakin-kopurua % 8,8 baino ez da igo 2019. urtearekin alderatuta.
50.000 erabiltzaile inguruk deskargatu dute “Nik Hondartzak” aplikazioa eta hareatzetan egoteko gehieneko egonaldiari buruzko gomendioei esker, jende gehiago txandakatu da.
José Ignacio Asensio: “ ‘Nik Hondartzak’ aforoen kontrolerako tresnak hareatzen erabilera eta gozamena bateragarri egitea ahalbidetu du, COVID-19 pandemiaren errealitate berriak eskatzen dituen protokoloekin. Aurten ia bi aldiz erabiltzaile gehiago izan ditugu Gipuzkoako hondartzetan, leku gehiago okupatu baitugu eta ordu-tarte handiagoan”.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak ezagutzera eman ditu Gipuzkoako 2020ko hondartzen denboraldiaren datuak. COVID-19 pandemiak sortutako egoeraren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak zenbait prebentzio-neurri ezarri zituen birusa kutsa eta zabal ez zedin, eta arreta berezia jarri zuen eremu komunetan edo jende asko ibiltzen den lekuetan. Eremu horretan daude hondartzak eta hareatzak. Egoera honen aurrean, Ingurumeneko Departamentuak 285.000 euroko aurrekontu gehigarria jarri du hondartza-denboraldi honetarako, Gipuzkoako hondartzetako prebentzio- eta sentsibilizazio-neurriak indartzeko.
Agerraldian, Ingurumeneko Departamentuak egindako jarduerak azaldu ditu, eta Gipuzkoako hareatzetan hondakinak sortzeari buruzko datuak eman ditu ezagutzera: lurraldeko hondartza bakoitzaren erabiltzaile kopurua, ‘Nik Hondartzak’ aplikazioari buruzko informazioa eta aurtengo udan egindako sentsibilizazio kanpainaren emaitzak.
Bideometria sarea eta afaroa
2019ko hondartza-denboraldiari dagokionez, nabarmen hazi dira afluentzia eta okupazio handiko egunak. Denboraldi honetan, Gipuzkoako hondartzen afluentzia
% 90,17 igo da (751.045etik 1.428.273ra). Nabarmentzekoa da Debako Santiago eta Mutrikuko Saturraran hondartzetan izandako hazkundea.
Igoera hori, neurri handi batean, COVID-19 delakoari aurre egiteko protokolo-neurri gisa proposatu ziren hondartzetako gehieneko egonaldiari buruzko gomendioei zor zaie, pertsonen errotazio handiagoa ahalbidetu baitute. Bestalde, klimatologia ere kontuan hartu behar da. Iazko udako klimatologia ez zen oraingoa bezain ona izan. Okupazio handiko egunei dagokienez, igoera nabarmena izan da. Horren adibide dira Getariako Malkorbe hondartza (2019an 14 egun izatetik 2020an 57 izatera pasatu da) eta Zumaiako Santiago hondartza (11 egun izatetik 52 egun izatera pasatu da).
2020ko udako hilabeteetan hondartzek okupazio handia izan dute erabiltzaile kopuruari dagokionez. Gehieneko aforoa arratsaldetan izan da; hala ere, goizekoak antzeko balioak izan ditu. Beraz, okupazio-ereduak uda honetan zehar zabaldu dira, eta balioak eguneko tarte zabalagoan eman dira. Gainera, erabiltzaileen banaketan aldaketa bat gertatu da COVID-19aren urruntze soziala errespetatzeko
Bideometriako Foru Sareak lanean jarraitzen du hondartzek epe labur eta luzean izan duten bilakaerari buruzko informazioa erregistratzen. Aurten, Ondarbeltz estazioa (Mutriku) sartu da sarean. Guztira, 9 estazio daude Gipuzkoako kosta osoan, gehi Zarauzko estazioa eta beste 2 Urgull eta Igeldon.
COVID-19aren aurkako neurriak / Nik Hondartzak
COVID-19ari aurre egiteko hartu diren neurrien artean, Ingurumeneko Departamentuak sistema bat garatu du Gipuzkoako kostaldeko hondartza guztien neurketa bideometria bidez kontrolatzeko, AZTIrekin batera, “Nik Hondartzak” sakeleko telefonorako eta webgunerako aplikazioa garatu da. Sistema hori hondartza-denboraldian erabili da. Gipuzkoako Bideometriako Foru Sareari esker, denbora errealean eman ahal izan da monitorizatutako hondartza bakoitzaren okupazio-mailari buruzko informazioa. Udan hondartzez gozatzeko informazioa herritarren eta udalen eskura jarri da, COVID-19 pandemiaren aurrean modu arduratsu eta seguruan jokatzeko.
App-aren zerbitzua udako denboraldiko azken egunean amaitu zen, irailaren 15ean, eta guztira 47.555 deskarga izan ditu. Honen inguruan José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “Nik Hondartzak aforoen kontrolerako tresnak hareatzen erabilera eta gozamena bateragarri egitea ahalbidetu du, COVID-19 pandemiaren errealitate berriak eskatzen dituen protokoloekin. Aurten ia bi aldiz erabiltzaile gehiago izan ditugu Gipuzkoako hondartzetan, leku gehiago okupatu baitugu eta ordu-tarte handiagoan”.
Hondakinen sorrera
2020ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean, 539.184 kilo hondakin bildu dira Gipuzkoako hareatzetan, hau da, 2019an garai berean baino % 8,84 gehiago. Igoera hori Mutrikun sorrera nabarmen handitzearen ondorio da, maiatzean Ondarbeltz hondartzan garbiketa sakona egin zelako, Deba eta Mutriku arteko errepidea hobetzeko lanak amaitu ondoren. Hala, egindako garbiketaren ondorioz, 224.968 kilo hondakin bildu dira; 2019an, berriz, 121.450 kilo jaso ziren; 2019an baino % 85,23 gehiago.
Udan (ekainaren 1etik irailaren 15era), hazkundea % 7,37koa izan da; 214.054 kilo hondakin bildu dira aurten; iaz, berriz, 199.369 kilo. Oro har, 2019. urtearekin alderatuta, hondakin gehiago sortzen dira hondartzetan. Hazkunde hori ez da gertatu lurraldeko hareatza guztietan; zehazki, hiru udalerritan gertatu da: Deba (+ % 132,31), Mutriku (+ % 87,31) eta Hondarribia (+ % 79,04). Gainerako hareatzetan, berriz, hondakin-bilketa jaitsi egin da: Orio (- % 40,31), Zarautz (- % 21,83), Zumaia (- % 14,85) eta Getaria (- % 10,82).
Asensiok nabarmendu du erregistratutako datuak oso positiboak direla, frogatzen baitute “hareatzen ia erabiltzaile-kopurua bikoiztu arren, hondakin gutxiago sortu dela. Sentsibilizazio kanpainek eta herritarren konpromisoak hobekuntza hori ahalbidetu dute. Gure hondartzak modu iraunkorrean kudeatzen jarraitu behar dugu, gure itsasoetako hondakinen eta plastikoen arazoari aurre egiteko; Gipuzkoak dituen ingurumen-arazo garrantzitsuenetako bat da”.
Hurrengo urratsak
Laster, obrak egingo dira Getariako Gaztetape hondartzara sartzeko arrapala luzatzeko, urritik aurrera. Gainera, hondartzak garbitzeko kontratazio berri bat eginen da 2021-2022 denboraldirako, hondartza kopuru handiagoa hartuko duena eta jende asko joaten den garaietan garbitze intentsitate handiagoa.
1460