Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Erakide, elkarlanaz gizartea eraikiz

Erakide, elkarlanaz gizartea eraikiz

Ekimena Urola Garaia eta Beterri-Buruntzan jarri dute abian, Foru Aldundiarekin elkarlanean, erantzunkidetasun soziala bultzatzea helburu.

Erakide proiektuaren aurkezpena.

Erakide egitasmoa aurkeztu dute gaur Donostiako foru jauregian Aldundiak, Urola Garaia eta Beterri-Buruntzako udaletako ordezkariek, eta proiektuan parte hartu duten bi enpresek. Proiektu honen helburua da lurraldeko enpresetan erantzunkidetasun sozialaren kontzeptua bultzatu eta praktikan jartzea eta bide horretan bat egin dute UGGASA Urola Garaiako Garapen Agentziak, Beterri-Buruntzako udalek eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru departamentuak. Guztiek xede izan dute enpresen errotzea bultzatzea, berdintasuna eta parte-hartzea bezalako balioetan oinarritutako enpresa-ereduak bultzatuz, beti ere pertsonak “enpresa proiektuaren erdigunean” kokatzea lagunduz.

Erakidek modu praktikoan garatu nahi du erakundeetan erantzunkidetasun sozialaren kontzeptua. Horretarako, Urola Garaia eta Beterri-Buruntzako hainbat enpresatako langileek, Farapi kooperatibarekin elkarlanean, tresna informatiko bat garatu dute, zeinek aukera ematen duen organizazio bakoitzeko erantzunkidetasun soziala neurtzea, ebaluatzea eta horretarako hobekuntza planak garatzea.

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, egitasmoa aurkeztu du gaur Legazpiko alkate eta UGGASAko lehendakari Koldobike Olabide eta Andoaingo zinegotzi eta Beterri-Buruntzako ordezkari Jon Zuluetarekin batera. Aurkezpenean izan dira, baita ere, Zumarragako BTS enpresako Aitor Andres, eta Hernaniko Talleres Mitxelena kooperatibako Alaitz Tolosa, azken hauek proiektuan parte hartu duten enpresetako ordezkari gisa.

Proiektuaren lehen fasean, 2015 eta 2016 urteen artean, enpresetan hausnarketa prozesu bat burutu ahal izateko tresna bat garatu zen. Honela, enpresa eredu jasangarriago baten inguruko gogoeta sustatzeko aukera izan zuten. Helburua, enpresaren funtzionamendua beste ikuspuntu batetik begiratzea izan zen (barrura zein kanpora), modu zabalago eta integralago batean, lurraldeari loturiko erronka jasangarriei erantzuten diona. 

Bigarren fasean, 2016 eta 2017 artean, proiektuan sakondu zuten, bi eskualde horietako bederatzi enpresetan lehenago aipatutako tresna horren kontrastea eginez. Proposamen eta metodologia horri esker, Erakidek lortu du enpresen eraldatzea bultzatzea barrutik zein kanpotik, eta baita prozesuan zehar nahiz ondoren. Prozesuaren helburua ez baita bakarrik erakunde parte-hartzaileak eraldatzea, baizik eta organizazioko pertsonengan ere eragitea. Hori guztia, gainera, bere ingurunearekin konprometituagoa den lurralde bat bultzatze aldera.

Proiektuaren helburuak:

1.         Erantzunkidetasun soziala zabaltzea eta indartzea kontzeptua gizarteratuz.

2.         Enpresa proiektu irekiak eta parte hartzaileak sustatzea, lurraldearekiko loturak sortuz eta garatuz.

3.         Guztion artean Gipuzkoa justu, berdinzale eta partehartzaileagoa eraikitzea.

4.         Entitateen eta Garapen Agentzien arteko harreman sarea indartzea.

5.         Erakunde publikoetatik erantzunkidetasun sozialaren ikuspegitik jardutea.

 

  

2566