Erakunde aitorpenik gabe zeuden 82 gudari omenduko ditu Aldundiak larunbatean Gernikan, gehienak gipuzkoarrak
Erakunde aitorpenik gabe zeuden 82 gudari omenduko ditu Aldundiak larunbatean Gernikan, gehienak gipuzkoarrak
Erakunde aitorpenik gabe zeuden 82 gudari omenduko ditu Aldundiak larunbatean Gernikan, gehienak gipuzkoarrak
Foru erakundeak omenaldi “berezi” eta “hunkigarria” eskainiko zaie udalerri honetako hilerrian, bertako hobi komun batean baitaude lurperatuta
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gernikako hilerriko hobi komun batean lurperatuta dauden 82 gudariri aitortza egingo die larunbatean, gehienak gipuzkoarrak. “80 urtean ia ahaztuta egon den pasartea da gizon hauena eta orain, historia gure eskuetara iritsi den honetan, zilegi da beraiekin dugun zorra kitatzea”, adierazi du diputatu nagusiak, Markel Olanok. Diputatu nagusiak gogoratu duenez, gizon hauek bizitza eman zuten askatasuna edota zilegitasun demokratikoa bezalako balioen defentsan, gaurko gizartearen oinarri-oinarrian dauden ideiak hain zuzen. “Gudari hauen memoria argitara atera eta gizarteratzea da egin diezaiokegun omenaldirik onena”, nabarmendu du Olanok.
Diputatu nagusia Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendariarekin agertu da gaur Donostian, larunbateko ekitaldiaren berri emateko. Azaldu dutenez, hitzordua 12.00etan izango da udalerri honetako hilerrian, eta lurperatutako gudarien familiak izango dira ohorezko gonbidatuak. “Lan mardula egin da gudari hauen oinordekoak aurkitzeko, eta beraiek izango dira protagonista larunbatean”, adierazi dute foru arduradunek, Erkibe eta Gernikazarra elkarte memorialistek eginiko lan eskerga eskertuz. Ekitaldiaren baitan monolitoa inauguratuko da, non lurperatutako gudarien izenak jasoko diren. Aipatzekoa da hilerrian bertan badela gudarien gorpuzkiak dituen beste hobi komuna, Gernikako ospitalean hildako 270 gudarirena hain zuzen.
Olanok, bere hitzaldian, gudari gehienen jatorria gipuzkoarra dela nabarmendu du. “Gehienak Amaiur, Loiola, Itxarkundia eta Saseta batailoietako kideak ziren. Batailoi hauen jatorria Gipuzkoan dago, baina lurraldea frankisten esku geratu ostean Gernikan ezarri zituzten euren kuartelak”, azaldu du diputatu nagusiak. Aipatutako lau unitateak, gainera, EAJ/PNVkoak ziren eta, hori dela eta, alderdi honek hainbat hilobi erosi zituen udalerri horretako hilerrian 1936ko udazkenean, batailoi hauek parte hartzen zuten borroketan egon litezkeen hildakoak lurperatzeko. “Hemen lurperatuta daudenak Legution, Arecesen edota Bizkaiko mendietako borroketan hil zituzten. Berreskuratu ziren gorpuzkiak hona ekarri eta aipatutako hilobietan lurperatuak izan ziren”, azaldu du.
Frankismoan, ordea, gorpuzkiak atera eta hilobiak salgai jarri zituen udalak. “Gudarien gorpuak hobi komun batean sartu zituzten, apenas markarik gabe. Ehorzlearen arduragatik ez balitz, seguruenik euren marka galduta izango genuke”, esan du Olanok. “Historiatik euren traza ezabatzen saiatu ziren baina, zorionez, ez zuten lortu. Larunbateko ekitaldiak mugarria izan gura du, pasarte hau herri honen memoria kolektiboan betiko txertatua geratzea du xede”, gehitu du foru arduradunak.
Guztira 82 dira Gernikako hilerriko hilobian dauden eta identifikatu diren gudariak. Gipuzkoarrak dira gehienak, 28 udalerri ezberdinetakoak: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Eibar, Elgoibar, Deba, Soraluze, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Getaria, Zarautz, Zumaia, Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Donostia, Gabiria, Errenteria, Pasaia, Astigarraga, Andoain, Hernani, Usurbil eta Hondarribiko semeak dira. Beste hamarrak, berriz, Bizkaia, Nafarroa edota Iparralden dute jatorria. “Familia batzuk bazuten euren senitartekoen hilotzen kokalekuen berri, baina beste askorentzat sorpresa handia izan da han daudela jakitea”, adierazi du Olanok.
Azkenik, Olanok nabarmendu du larunbateko ekitaldia lurraldearen memoria historikoa berrekuratzeko ahaleginaren baitan kokatzen dela. Horrela, azpimarratu ditu Urolako burdinbideko langile errepresaliatuei egindako omenaldia, Gipuzkoako herrietatik kanporatutako emakumeei eginikoa, Saseta komandantearen ekitaldia edota Emeek Emana erakusketa mugikorra, errepresio frankistaren biktima izan ziren emakumeen historiak jasotzen dituena. “Denboran jarraipena izango duen ahalegina da”, nabarmendu du Olanok.
2029