Erakundeen aseguratze beharren inguruko jardunaldia egin da
Erakundeen aseguratze beharren inguruko jardunaldia egin da
Aldundiak topaketa egin du Gipuzkoako udalei aholkularitza eskaini eta prebentzioaren kultura zabaltzeko asmoarekin
Gipuzkoako Aseguru Bitartekarien Eskolarekin elkarlanean, Foru Aldundian lan jardunaldia egin da gaur, “Erakunde publikoen eta administrazioaren aseguratze beharrak” izenburupean. Lurralde osoko udaletako ordezkari politiko eta teknikoek, eta Eskolako kideek parte hartu dute bertan, 50 lagun inguruk guztira. Erakundeek aseguruak kudeatzerakoan dituzten premien inguruko ikuspegi orokorra eskaintzea izan da jardunaldiaren helburu nagusia –kalteak, auto flota, erantzukizun zibila, istripuak, bizitza eta osasuna-, eta larrialdiei aurre egiteko prestaketa izan da gai nagusietako bat.
“Asko dira gugana jo duten udalak, tamaina txikikoak bereziki, elkarlan eta laguntza eske, ezbeharren ondorioz kudeatu beharreko prozesu administratiboei aurre egin ahal izateko, suteen, edo meteorologiak eragindako istripuen aurrean, adibidez. Aseguruek berebiziko garrantzia daukate, bai horrelako prozesuetan, eta baita ohikoagoak edo arruntagoak diren beste batzuetan ere. Aldundiak eragile aktiboa izan nahi du prebentzioaren kultura zabaltzeko garaian, eta bere babesa eta aholkularitza eskaini nahi die udalerriei. Garrantzitsua da ezbeharren aurrean prestaturik egotea. Hori dela eta, gaur jaso duten informazioa, udalentzako interes praktiko handikoa delakoan gaude”, ziurtatu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.
AXA aseguru enpresako Ester Canalda, Alfonso Requero eta Jaime Kobeaga izan dira hizlariak gaurko jardunaldian.
1477