Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Eredu jasangarri berri bat iritsi da kulturaren sektorera, ekonomia zirkularrean oinarritutako RECREAKULT proiektuaren bidez

Eredu jasangarri berri bat iritsi da kulturaren sektorera, ekonomia zirkularrean oinarritutako RECREAKULT proiektuaren bidez

RECREAKULT eredu zirkular berriaren helburua da kulturaren esparruan erabiltzen diren baliabide materialak optimizatzea, proiektu bakoitzaren sorreratik amaierara arte. RECREAKULT proiektua Naturklimako enpresa erronken hiru irabazleetako bat izan da, eta ekimena abian jartzeko sari gisa 15.000 € jasotzeaz gain, Naturklimako bulegoetan lanerako leku fisiko bat eduki ahal izango du, bai eta proiektua garatzeko beharrezko aholkularitza eta laguntza ere.

Recreakult 2022

José Ignacio Asensio, Ingurumeneko diputatua: "Ekonomia zirkularra etorkizuneko ekonomia berria da, eta kultura sektorean ere  eraldaketa ekologikoa bultzatu behar dugu.  Gipuzkoan kultura sektore jasangarri eta moderno bat  sustatu behar dugu, lanpostu berriak ekarriko dituzten lanbide profil berriak sortzeko gaitasunarekin".

Harkaitz Millan, Kulturako diputatua: “Hemendik aurrera, kultura sektoreko profesionalek aukera izango dute materialak eta baliabideak modu birtualean zein fisikoan eskuratzeko, eta, horrela, nabarmen murriztuko dira kultura jardueraren ondorioz sortzen diren hondakinak, eta horiek berrerabiltzea eta birziklatzea sustatuko da”.

Gaur goizean RECREAKULT proiektua aurkeztu da Gipuzkoako Foru Aldundian. Bertan izan dira José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua, Harkaitz Millán Kulturako diputatua eta Shandra Martínez proiektuaren sustatzailea.

Ekimen honen izena ez da ustekabekoa, eta, horretarako,“Re” – “Crear” – “Cultura” kontzeptuak bateratzen dira ideia bat definitzeko, zeinak azken helburutzat duen kulturaren munduan erabiltzen diren baliabideak optimizatzea, materialen galera saihestea edo ahalik eta gehien murriztea, eta kulturaren munduan jardunbide egoki, zirkular eta jasangarriko erabilerak sartzea.

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok azpimarratu du oso garrantzitsua dela sektore guztietan, kulturarenean barne, zirkulartasun irizpideak sartzea, ekoizpen eredu linealak aldatzen joateko eta Gipuzkoako kultura jasangarritasun- eta kalitate-indizeetan kokatzeko. «Ekonomia zirkularra etorkizuneko ekonomia berria da, eta kultura sektore estrategiko bat da, non eraldaketa ekologikoa bultzatu behar dugun Gipuzkoako kultura sektorea jasangarritzat eta modernotzat jotzeko, lanpostu berriak ekarriko dituzten lanbide profil berriak sortzeko gaitasunarekin».

Era berean, Asensio diputatuak azpimarratu du RECREAKULT proiektua Naturklimako enpresa erronken hiru irabazleetako bat izan dela, eta ekimena abian jartzeko sari gisa 15.000 € jasotzeaz gain, Naturklimako bulegoetan lanerako leku fisiko bat eduki ahal izango du, bai eta proiektua garatzeko beharrezko aholkularitza eta laguntza ere.

Ekimen hori, gainera, GK Recycling-en sartzen den kulturaren munduko lehen proiektua da. GK Recycling berrerabilpenaren eta birziklapenaren Gipuzkoako klusterra da, 2016an sortua eta 100 enpresa baino gehiagok osatzen dutena.

RECREAKULT proiektuak erreferentziatzat hartzen du nazio eta nazioarte mailan 2020. eta 2021. urteetan egindako aldez aurreko ikerketa proiektu bat. Proiektu horren azterketaren ardatza izan zen ekonomia zirkularraren eredua aplikatzea kulturaren munduan. Azterlan horren ondorioetatik abiatuta, RECREAKULTek proposatzen du aplikazio praktikoari ekitea, kultura proiektu bat hasten den une beretik ekonomia jasangarriaren terminoetan pentsatzeko eta jarduteko; hau da, produktu artistiko eta kulturalen ekodiseinua bultzatzea, haien bizitza baliagarria luzatzeko; hondakinak edo baliabideak berreskuratu edo berregokitzea, berrerabiltzeko edo, ahal bada, bigarren mailako lehengaiak sortzeko.

Eredu berri bat onartzeko eta aplikatzeko, ezinbestekoa da protagonistak, kasu honetan kultura mundukoak, kontzientziatzea eredu zirkular berriaren egokitasunaz, ez bakarrik sektoreko ingurumena hobetzera bideratuta, baizik eta oro har kultura munduko lan baldintzak hobetzera, materialak trukatzeko eta berrerabiltzeko sistema baten bidez, bai eta lanpostu berriak ekarriko dituzten lanbide profil berriak sortzera ere.

Shandra Martínezek, RECREAKULTeko koordinatzaileak, adierazi du baliabideen erabileraren zirkulartasuna eta hondakinen gehieneko murrizketa funtsezko faktoreak izango direla kultur sektoreko eredu linealarekin amaitzeko eta produktuen balio katea eta bizi zikloa aldatzeko.

RECREAKULT proiektuari esker, kultura sektoreko profesionalek materialak eta baliabideak eskuratzeko aukera izango dute, bai modu birtualean, www.recreakult.com eta www.catalogo-recreakult.com webguneen bidez, bai modu fisikoan (Donostiako Alkolea pasabideko 1 zenbakian dagoen lokalean).

  

2709