Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Errenta aitorpena euskaraz aurkeztera animatu ditu herritarrak Gipuzkoako foru Ogasunak

Errenta aitorpena euskaraz aurkeztera animatu ditu herritarrak Gipuzkoako foru Ogasunak

Gaur ireki dira Gipuzkoan modalitate mekanizatua aurkezteko bulegoak.

2022/04/19

Jokin Perona, Gipuzkoako Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, 2021eko Errenta kanpainan euskararen aldeko hautua egiteko dei egin die herritarrei. Azaldu duenez, pasa den urteko kanpainan 68.700 herritarrek aurkeztu zuten Errenta aitorpena euskaraz, aurreko kanpainan baino %5,7 gehiago. Gaur gaurkoz, ia 84.000 herritarrek dute eskatuta Ogasunarekin harremana euskaraz egitea. “Gure helburua da 2023rako 100.000 herritar izatea Ogasunarekin euskaraz egiten dutenak. Eta, horretarako, Errenta kanpaina baliatu nahi dugu, aukera ona da euskararen aldeko hautua egiteko; bulegoetan, internet bidez edota proposamena onartzerako orduan”, esan du diputatuak. “Zerga administrazioa prest dago, telefono, internet zein telefono bidezko arreta prest dago euskaraz zerbitzua emateko”, gaineratu du.

          Beraz, foru Ogasunak urtero egin ohi duen eskaera berritu du Peronak, 2021eko Errenta kanpainako modalitate mekanizatua egiteko bulegoen irekieraren ataritan. Azaldu duenez, eta aurreikuspenen arabera, biharko egunean ia 900 gipuzkoarrek aurkeztuko dute Errenta aitorpena modalitate honen bitartez, Ogasunaren bulegoetan; guztira, berriz, 62.000 aitorpen jasotzea espero da modalitate honen bidez. 11 bulego ditu Ogasunak Gipuzkoako 9 herritan banatuta, eta 120 pertsonako lan taldea ari da berauetan lanean. Hitzordua web orriaren bitartez edo 943 11 30 00 telefonora deituta hartu daiteke. “Baliabide propioekin, kalitate oso altuko zerbitzua ematen dugu, herritarrek ere asebetetze inkestetan nota bikainekin baloratzen dutena”, gaineratu du.

Errenta kanpainari orokorrean begiratuta, Peronak esan du “normaltasunez” hasi dela modalitate guztietan. “Kanpaina honetan ere, nabarmentzekoa da bide teknologikoen alde egiten dugu apustua. Eta honekin batera, aurrez aurreko arretari eusten diogu, ez dugulako nahi arrakala digitala handitzerik, ez inor atzean uzterik”, borobildu du foru diputatuak. Apirilaren 4an hasi zen Errenta kanpaina Gipuzkoan, orduan hasi baitzen proposamenak onartzeko epea, eta ekainaren 30era arte luzatuko da. Ogasunaren aurreikuspenen arabera, 387.000 aitorpen aurkeztu dira kanpainan, eta foru erakundeak 280 milioi euro itzuliko dizkie gipuzkoarrei, eta beste 276,5 milioi euro jaso.

  

2841