Errepideen digitalizazioan eta jasangarritasunean jauzi berri bat egitearen aldeko apustua
Errepideen digitalizazioan eta jasangarritasunean jauzi berri bat egitearen aldeko apustua
Astigarraga-Oiartzun Garraio Zentro Integrala eta bere balio erantsia aurkeztu dira, sektoreko eragileen eta enpresen aurrean.
2022/03/09
Astigarragako Garraio Zentro Integralak Europar Batasuneko errepideko garraioaren sektoreari buruzko jardunaldi bat hartuko du gaur asteazkena, martxoak 9, Europako erakundeetako arduradunen eta zerbitzuen, logistikaren eta azpiegituren sektoreko adituen parte-hartzearekin. Markel Olano diputatu nagusia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua izan dira Europar Batasuneko salgaien garraioaren errealitatea, beharrak eta etorkizuna kontrastatzea helburu duen jardunaldi honetan.
Markel Olano diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Gipuzkoa Europako kontinentearen eta Penintsularen arteko lotura logistikorako "giltzarri" den lurraldea da, eta, honenbestez, «estrategikoa» da lotune gisa "azpiegitura sare moderno, digitalizatu eta jasangarria izatea". "Honela, Garraio Zentroa irekitzearekin batera, Aldundiak lagundu egin nahi izan du ardatz atlantikoko garraio-azpiegitura hobetzen eta zaintzen, aparkaleku seguruak, babestuak eta Garraio Sistema Adimendunekin (ITS) konektatuak eskainiz", Olanok adierazi duen bezala.
Era berean, diputatu nagusiak adierazi du lurraldea, Gipuzkoa Living Lab proiektuaren bitartez, "erabakitasunez" heltzen ari zaiola "mugikortasun eta garraio jasangarriaren etorkizuneko erronkari, errepideen digitalizazioarekin batera". «Garai zailak bizi ditugu, ziurgabetasunez beteak, baita garraioaren sektore honentzat ere, pandemian zehar egiaztatu ahal izan dugunez. Mugikortasuna eta azpiegitura adimendun eta jasangarriagoak bultzatuz, sektore horri laguntzen ari gatzaizkio", adierazi du Olanok, eta erantsi du Garraio Zentroa prozesu horretan guztian «aurrerakoia» dela.
Jardunaldia Bidegi foru elkarteak antolatu du, Gipuzkoako Ganberaren, ESPORG kamioientzako aparkaleku seguruen Europako elkartearen eta Arup aholkularitzaren laguntzarekin. Astigarraga-Oiartzun Garraio Zentro Integrala bera eta haren balio erantsia aurkeztuko ditu sektoreko eragile eta enpresen aurrean. Halaber, topaketan Europako garraio-arduradunak, aparkalekuen Europako elkartea, errepideko garraiolarien Europako elkartea eta logistikaren sektoreko enpresak, garraioak eta Gipuzkoako sektoreko elkarteak izan dira.
Jardunaldiaren lehen hitzaldia EBko errepide bidezko garraio-politikei buruzkoa izan da, eta Inés Ayala Sender EBko Kontseiluaren Europa Barneko Garraio Sareko Rin-Danubio korridorearen koordinatzaileak hartu du hitza. Aurkezpenean, garraiolarien egunerokoan aparkaleku seguruek duten garrantzia azpimarratu du Senderrek. Izan ere, garraiolarien lan-baldintzak hobetu egingo dira, atseden hobeari eta seguru jakitearen lasaitasunari esker, bai haiek bai garraiatzen dituzten produktuek.
Hitzaldiez eta mahai-inguruez gain, Izaskun Bilbao eurodiputatuak bideo bidez parte hartuko du, garraio politika komunen garrantziari buruz jarduteko.
Europar Batasuneko errepideko garraioaren sektoreari eskainitako jardunaldi honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak «Gipuzkoa Living Lab: Errepide Adimendunak» egitasmoa aurkeztuko du. Nazioarteko proiektu horren bidez, AP-8 eta AP-1 autobideak mugaz gaindiko proba-laborategi bihurtuko dira, eta puntako mugikortasuneko eta teknologiako enpresek beren ibilgailu autonomoak probatu ahal izango dituzte.
Erregai berriak, ibilgailu elektrikoak eta horiek kargatzeko eta autonomia bermatzeko bitarteko eta sistema teknikoen garapena eta etorkizunerako errepideko garraioaren beharrak izango dira topaketan zehar jorratuko diren beste gaietako batzuk.
Aparkaleku seguruak
Europako Batzordeak 2019ko otsailean aparkaleku seguruei buruz argitaratutako ikerketaren arabera, errepidea da Europa barruko merkataritzan eta logistikan gehien erabiltzen den garraiobidea. Tona-kilometro guztien % 50 inguru da, eta lurreko garraioaren % 75. Kargaren proportzio handi bat ibilgailu astunetan garraiatzen da, 40 tonatik gorako edukierakoak, distantzia luzeak egiten dituztenak eta mugaz gaindiko bidaiak egiten dituztenak. Hala, egunero milaka milioi euroko balioa duten salgaiak garraiatzen ditu EBko ekonomiaren bizkarrezurra den Europa Barneko Errepide Sareak.
Kalkuluen arabera, lanegun batean, batez beste, 400.000 kamioi eta gidari aritzen dira Europa osoan distantzia luzeko garraioan, eta gaueko aparkalekua behar dute atsedenerako, gidaldiak eta atsedenaldiak arautzen dituzten arauak aplikatuz.
Dokumentuak nabarmentzen du EBn kamioientzako 5.000 aparkaleku inguru identifikatu direla, eta ibilgailu astunen gaueko atsedenaldirako 300.000 aparkaleku eskaintzen dituztela. Plaza horietatik 47.000k nolabaiteko segurtasuna izango lukete, eta beste 7.000k ziurtatutako segurtasun-maila. Beraz, 100.000 plaza inguruko defizita dago ibilgailu astunentzako aparkalekuetan, segurtasun-mailak kontuan hartu gabe.
Gaur egun, Europan instalazio gutxi daude kamioiak segurtasunez aparkatzeko, garraiatzen dituzten salgaien segurtasuna bermatzen dutenak eta gidarien ongizateari eta atsedenari erantzuteko zerbitzuak eskaintzen dituztenak. Europa osoan aparkaleku seguruak egingo balira, garraiolarien aurkako delinkuentzia- eta ebasketa-tasak murriztu egingo lirateke, eta haien segurtasuna eta ongizatea hobetuko litzateke, hain zuzen, bide-segurtasunari mesede egingo liokeena.
Txostenaren arabera, kamioiak aparkatzeko eremu seguruen sare trinkoagoa ezartzearekin batera, aparkaleku horiek ITS garraio-sistema adimendunekin konektatu behar dira, aparkalekuan plaza erreserbatzeko aukera eman ahal izateko. Aparkaleku-sareak mesede egiten die gidariei, garraio-enpresei, igorleei eta aseguru-etxeei, baita gizarteari ere, produktuen hornidura egokia bermatuz
2866